Eu

Brusela: Enplegu Kontseiluko (EPSCO) lantaldeak “Europa sozial sendoa” proposamena, Europako enplegu-programa eta laneko indarkeria eta jazarpena aztertuko ditu

2020.eko otsailak 03
  • Gai horiek Social and Inclusive Europe helburuaren parte dira, eta EPSCOko martxoaren 19ko Ministroen Kontseiluan aztertuko dira
  • Beatriz Artolazabal: “arrakastaren gakoa estatuetan, herrialdeetan, udalerrietan eta maila orotako gizarte-solaskideetan datza”
  • Seihileko honetan, Euskadik Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatuko ditu lan-topaketetan

 

Brusela, 20 02 03

Bihar, otsailaren 4a, asteartea, Europar Batasuneko Enplegu, Gizarte Politika, Osasun eta Kontsumo Kontseiluaren (EPSCO Kontseilua) prestaketa-lantaldeak honako gai hauek aztertuko ditu, besteak beste: “Europa sozial sendoa” komunikazioa (martxoaren 19ko EPSCO Kontseiluan ere aztertuko dena), enpleguaren eta gizarte-gaien arloko Europako Batzordearen 2020rako lan-programaren aurkezpena, eta laneko indarkeria eta jazarpena, LANEren Hitzarmenaren barruan. Gai horiek Social and Inclusive Europe helburuaren parte dira.

 

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen ustez, “Europar Batasunaren barruan, gizarte-aurrerapenaren arrakastaren gakoa estatuetan, herrialdeetan, udalerrietan eta maila orotako gizarte-solaskideetan datza”. Seihileko honetan, Euskadik Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatuko ditu lan-topaketetan parte hartzean.

 

Joan den urtarrilaren 14an, Europako Batzordeak Eskubide Sozialen Europako Zutabean oinarritutako “Europa sozial sendoa bidezko trantsizioetarako” Komunikazioa aurkeztu zuen. Bertan, “egungo erronkei eta aukerei erantzungo dien Europako politika sozial” bat garatzen laguntzeko egindako gogoetak azaldu eta datozen hilabeteetarako EBko neurriak proposatu zituen.

 

Argitalpen horren bidez bermatuko da “pertsonak funtsezkoak izaten jarraitzea eta ekonomia haien zerbitzura egotea, Eskubide Sozialen Europako Zutabea aplikatzen den aldi berean”. Sailburuaren ustez, halaber, “Europako merkatu-ekonomia sozial, berritzaile eta integratzaileak kalitateko enpleguak eta soldata egokiak eskaini behar dizkie pertsonei, Europako herritarrak duintasunez bizi ahal izan daitezen”.

 

 “Europako Batzordeak datozen hilabeteetarako proposatutako neurriak honako hauek dira: EBko langileentzako gutxieneko soldata justua sustatzea; Genero Berdintasunerako Europako Estrategia bat eta soldata-gardentasunaren arloko neurri lotesleak; Europarako Gaitasunen Agenda eguneratzea; Gazteen Bermea eguneratzea; plataformetan egindako lanari buruzko goi-bilera bat egitea; zahartzeari buruzko Liburu Berdea; desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako estrategia; txosten demografiko berri bat eta langabezia-prestazioak berraseguratzeko Europako araubide bat ezartzea”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.

 

Artolazabalen arabera, “Batzordeak adierazi du Europar Batasunaren mailan jardutea ez dela nahikoa eta arrakastaren gakoa estatuko, estatuz azpiko eta tokiko gobernuen, gizarte-solaskideen eta maila orotako alderdi interesdunen esku dagoela”.

 

Kontsulta

Komunikazioa aurkeztearekin batera, gizarte-solaskideei (enpresei eta erakundeei) EBko langileentzako gutxieneko soldata justuari buruz kontsulta egiteko lehen fasea jarri du abian Batzordeak. Batzordearen helburua da gizarte-solaskideen ustez Europar Batasunaren jarduketa beharrezkoa den eta, haien ustez beharrezkoa izanez gero, elkarren artean negoziatu nahi duten jakitea.

 

 “Masa kritikoa izanez gero, Batzordeak Europako legegintza-proposamen bat aurkeztuko du, estatuak eta herrialdeak, gizarte-eragileen autonomia eta negoziazio kolektiboaren askatasuna errespetatuz", interpretatu du Artolazabal sailburuak. Edonola ere, proposamena zehatz-mehatz aztertzen ari dira Europako iparraldeko herrialdeak (gutxieneko soldata negoziazio kolektiboaren bitartez eta agintariek esku hartu gabe ezartzen dutenak) eta figura hori ez duten herrialdeak (hala nola Italia eta Zipre).

 

Batzordeak, halaber, interesdunek Eskubide Sozialen Europako Zutabearen aplikazioari buruz duten iritzia jaso nahi du, eta, horregatik, “jarraitu beharreko bideari buruz duten ikuspuntua eta Zutabearen helburuak lortzeko dituzten planak azaltzeko” eskatu die Europar Batasuneko estatuei, herrialdeei, eskualdeei eta bazkideei. Hori guztia hartuko da kontuan 2021eko Ekintza Plana prestatzean. Plan horrek ekarpen guztiak islatuko ditu, eta maila politikorik handienean aurkeztuko da onartzeko. 2020ko azaroaren 30era bitarte hainbat mailatan (EB, Estatua, herrialdeak, eskualdeak eta toki-maila) beharrezkoak diren ekintza politiko edo lege-ekimen berriei buruz dituzten ikuspuntuak aurkeztera gonbidatuko ditu bazkide guztiak Batzordeak, baita estatu kide, eskualde, hiri edo erakunde gisa Zutabea inplementatzeko hartu dituzten konpromiso zehatzak aurkeztera ere. Informazio gehiago:

https://ec.europa.eu/commission/presscorner/detail/es/ip_20_18

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak