Eu

Euskadiko kultura- eta sormen-industriek 6.800 pertsonari ematen diete lana eta 762 milioi euroko diru-sarrerak sortzen dituzte

2020.eko urtarrilak 31
  • ‘Artearen, eta kultura- eta sormen-industrien estatistiketatik’ atera dira datuak, Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egindako azterlanak.
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu ditu txostenak, ikus-entzunezkoaren, musika edo liburuaren sektoreen garrantzi ekonomikoa azpimarratuz.
  • Ikerketak dioenez, euskarak presentzia garrantzitsua dauka Euskadiko diskoaren industrian (% 73,5), antzerkiaren ekoizpenean (% 53,7) eta argitaletxeen ekoizpenetan (% 51,6).

 

Bilbo, 2020/01/31           

Euskadiko arteak eta kultura- eta sormen-industriek 6.800 pertsonari ematen diete lana eta 762 milioi euroko diru-sarrerak sortzen dituzte. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egin dituen Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika zein Sormen-industriei buruzko estatistika ikerketen ondorio nagusietako bat. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azterlan bi hauek aurkeztu ditu gaur goizean eta kultura- eta sormen-sektoreen garrantzia azpimarratu du. Kultura-industriei dagokienez, enpleguaren ikuspegitik ikus-entzunezkoek eta arte eszenikoek duten garrantzia nabarmendu da ikerketan. Sormen industriei erreparatuz, aldiz, publizitateak eta hizkuntzaren industriek ekonomia eta enplegu mailan duten garrantzia azaleratu da.

                Joxean Muñoz Kultura sailburuordearekin batera, Zupiriak kultura- eta sormen- sektoreen garrantzia azpimarratu du ekonomiaren eta enpleguaren ikuspegitik: "Kulturarekin eta sormenarekin lotutako sektoreek oso eragin garrantzitsua dute gure ekonomian, eta Euskadin ia 7.000 pertsonari ematen diete lana era zuzenean. Kulturaren Euskal Behatokiak egindako estatistikek agerian uzten dute garrantzi hori, eta, lehen aldiz, sormen industrien garrantzia nabarmentzen dute; izan ere, orain arte kultur esparruaren bazterretan kokatu izan badira ere, gero eta gehiago hartzen dira kontuan kulturaren munduan".  

Datu orokorrak

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mende dagoen Kulturaren Euskal Behatokiak egin ditu estatistika hauek. Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika-ri dagokionez, seigarren edizioa izan da eta arlo publikoa zein pribatua hartu dira aintzat. Ondoko sektoreak aztertu dira: arte eszenikoak, ikusizko arteak, musika, liburu eta ikus-entzunezkoak. Sormen industriei buruzko estatistika, aldiz, lehen aldiz burutu da. Kasu honetan ondoko sektoreak aztertu dira: arkitektura, diseinua, hizkuntzaren industriak, moda, publizitatea eta bideo-jokoak.

                Datuek islatzen duten irudi globalak (kultura- zein sormen-industriak) 1.092 eragile biltzen ditu eta hauek, aztertutako epealdiko datuek diotenez, 762 milioi euroko diru-sarrerak dituzte eta 6.834 pertsonari ematen diete lana. Enpleguaren ikuspegitik. Kultura-industrien kasuan, diru-sarrerak 407,5 milioi euro dira: 139,9 arlo pribatutik datoz; 191,8 arlo publikotik eta 21,7 milioik elkarte eta fundazioak dute jatorri. Aztertutako estatistika-datuen arabera, kultura- eta sormen-sektoreetako gastuak 398,6 milioi euro dira guztira. Sormen sektoreen kasuan, diru-sarrerak 354,5 milioi euro izan ziren; gastuak, aldiz, 311,6.

Sektore guztiei erreparatuz, ikus-entzunezkoaren industria da diru-sarrera handienak dituena (178 milioi aztertutako urtean). Jarraian, publizitatea dator (158,5 milioi eta sormen industrien artean lehena), gero musika (90,3 milioi), liburu-industria (70,9 milioi) eta hizkuntzen industria (64,3 milioi). Ikus-entzunezkoaren industriaren kasuan, diru-sarreren bi heren (% 65,4) arlo publikotik datoz (EiTB, diru-laguntzak…). Arlo pribatua jatorri duten diru-sarrerek % 34,4 suposatzen dute, eta elkarte eta fundazioak jatorri dutenek % 0,2. Musikaren arloan, aldiz, arlo pribatuak pisu askoz handiagoa dauka eta sektorearen diru-sarrera guztien % 60 suposatzen du (sustatzaile pribatu, kontzertu-areto, diskoetxe eta diskoak saltzeko dendak batuz).

Grafikoa. Diru-sarrerak kultura- eta sormen-industrietan.

 

Enpleguari dagokionez, publizitatea da aztertutako urtean lanpostu gehien zituen arloa (1.504 langile). Atzetik ikus-entzunezkoa (1.416) eta hizkuntzaren industriak datoz (1.148).

 

Grafikoa. Enplegua kultura- eta sormen-industrietan. 

        

‘Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika’

Arteei eta kultura-industriei buruzko estatistika-k 637 eragileren inguruko informazioa biltzen du: arte eszenikoetako 129 programatzaile eta 92 ekoizle; 97 liburu-denda eta 36 argitaletxe; 116 musika-programatzaile eta disko-industriaren 23 eragile; 36 erakusketa-areto eta 19 arte-galeria; ikus-entzunezkoen sektoreko 71 ekoizpen-eragile eta 54 zinema-areto. Diru-sarrerak aintzat hartuz, nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoen sektorearen nagusitasuna. Bere atzetik musika, liburu-industria, arte eszenikoak eta, azkenik, ikusizko arteak datoz. Diru-sarrera eta gastu guztiak batuz, positiboa da balantzea, 8,5 milioi euroko emaitzarekin.

Estatistika honen arabera eta aztertutako urtea aintzat hartuz, 2.936 langile dira guztira eta ikus-entzunezkoaren sektorea da nagusi (% 48,2). Musika (% 14,9) eta liburu-industria (% 14,4) datoz atzetik. Txostenak dioenez, izaera pribatuko eragileak nagusi badira ere, eragile publikoen eta eragile pribatuen diru-sarrerak nahiko orekatuta daude (190 milioi euro inguru 2017n; % 47,6 eragile pribatuen kasuan eta % 47,1 eragile publikoen kasuan). Enpleguari dagokionez, eragile pribatuek langileen % 51,3 biltzen dute.

Lurralde historikoen araberako azterketak agerian uzten du eragileen % 45,9 Bizkaian daudela eta % 41,9 Gipuzkoan. Bizkaia, halaber, nabarmen gailentzen da garrantzi ekonomikoari (diru-sarrera guztien % 70,9) eta enpleguari dagokienez (% 63,1). 100.000 biztanleko kultura-ehunaren ratioa, ordea, Gipuzkoan da altuen (52,2), Araba baino hamar puntu gorago (42,3) eta Bizkaia baino hamabost puntu gorago (37,1).

Azterlanak islatu duen beste alderdi bat honako hau da: eragile gutxi batzuk diru-sarrera eta lanpostu ugari kontzentratzen dituzte. Diru-sarrera gehien dituzten eragileen % 20ak sektore bakoitzak lortzen duen diru-sarrera guztietako hamar eurotik 7 eta 9 bitartean pilatzen du (liburu-denden eta kontzertu-aretoen kasuan izan ezik, non 10 eurotik 6 pilatzen baituen). Asimetria-maila ezberdina izan arren, eta jarduera eta negozioaren ezaugarrien mende badago ere, diru-sarreren eta enpleguen (maila txikiagoan) kontzentrazioa errepikatzen den patroi bat da.

Zuzeneko kulturari (kontzertu, antzerki-emanaldiak…) eta erreproduzitu daitekeen kulturari (liburu eta diskoen salmenta, zine-saioak…) erreparatuz, txostenak dio zuzeneko kulturaren eragileak direla nagusi, baina erreproduzitu daitekeen kulturaren pisua handiagoa da diru-sarrerei zein enpleguari dagokienez. Erreproduzitu daitekeen kulturak 252,2 milioi euroko diru-sarrerak ditu; zuzeneko kulturak, aldiz, 155,53 milioi euro. Erreproduzitu daitekeen kulturari loturiko lanpostuak 1.859,3 dira; zuzeneko kulturari loturiko horiek, berriz, 1.076,8.

Azterlanak dioenez, halaber, euskarak presentzia garrantzitsua dauka antzerki produkzioan, disko-industrian eta liburuaren sektorean. Orokorrean, euskara nagusi da disko-ekoizpenean (% 73,5), antzerkiaren ekoizpenean(% 53,7) eta argitaletxeen arloan (% 51,6) . Ikus-entzunezkoen ekoizpenean (% 19,9 EiTB kenduta; % 29,8 EiTBrekin) maila txikiagoa agertzen du. Lurraldeen arteko ezberdintasunak nabarmentzekoak dira. Gipuzkoa da euskararen presentziarik handiena agertzen duena, ekoizpenean zein programazioan. Lurralde horretan ekoizten diren ikuskizunetako % 71,1 euskaraz da eta programatutako emanaldi guztien % 56,3 euskaraz da ere.

Irudia. Euskararen garrantzia eragile-tipologiaren arabera. Portzentajeak.

 

Euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenen portzentaje orokorra % 19,9koa bada ere, EiTB aintzat hartzen badugu portzentaje horrek % 29,8raino egiten du gora. Euskarazko emankizunak eta dokumentalak nabarmen gailentzen dira: emankizunen % 83,8 euskaraz da eta dokumentalen % 49,2 euskaraz egiten da. Euskarak, aitzitik, oso pisu txikia dauka zinema-aretoetan ematen diren filmen artean (guztien % 3; % 85 gazteleraz eta % 12 beste hizkuntza batzuetan).

Nazioartekotzeari dagokionez, Euskaditik kanpoko artistek euskal kultura-industrietan duten presentzia aztertu ondoren azterlanak dio irazkortasuna mugatua dela, arte plastiko eta ikusizko arteen (txostenak ez ditu museoak aztertu; bai ordea arte-galeriak) eta euskal diskoetxeek egin dituzten kopien (% 87 euskal artistak dira) kasuan bereziki. Euskaditik kanpoko artistek, ordea, presentzia handiagoa agertzen dute kontzertuetan (% 54,7 EAEtik dator; % 21,2 Estatutik; %18,5 atzerritik eta % 5,7ak jatorri plurinazionala dauka).

Estatistikak, halaber, euskal konpainien proiekzioa islatu du. Arte eszenikoetako konpainien hamar ikuskizunetik lau EAEtik kanpo ematen dira: emanaldien % 7,8 atzerrian eta % 30,6 Estatuan. Antzerki-konpainiak dira kanpoan presentziarik handiena dutenak (emanaldien % 19 atzerrian eta % 35,7 Estatuan).

Azkenik, kultura sektoreetako enpleguan emakumeek agertzen duten pisua orekatik nahiko gertu dago (% 48 eta % 56 bitartean sektore guztietan, ikus-entzunezkoen sektorean izan ezik, non % 41,2 baitiren). Emakumeen presentziarik handiena duten sektoreak dira liburua, ikusizko arteak eta musika; beren presentzia txikiagoa da ikus-entzunezkoen arloan. Sektore ezberdinetan emakumeen presentziarik handiena agertzen duten lanpostuak kudeaketa- eta administrazio-eginkizunak betetzen dituzten horiek dira. Kudeaketa eta administrazio lanpostuetan gailentzen dira (% 67,3) baina lanpostu gutxi dira, proportzionalki (enplegu guztien % 12,7). Profil teknikoetan (% 42,5) eta zuzendaritza-postuetan (% 33,9) emakumeen presentzia txikiagoa da. Aintzat hartu beharra dago lanpostu gehien biltzen dituzten horiek profil teknikoak direla (% 53).

‘Sormen-industriei buruzko estatistika’

‘Sormen-industriei buruzko estatistika’-ren kasuan, lehen aldiz egin da inkesta eta 419 eragileren inguruko informazioa bildu da: 70 arkitektura-enpresa; diseinuaren sektoreko 63 eragile; hizkuntzaren industrietako 70 eragile; modaren arloko 43 eragile; publizitateari loturiko 148 eta 25 bideo-joko enpresa. Diru-sarreren ikuspegitik, sektore ezberdinen diru-sarrera guztiak 354,5 milioi euro dira; gastuak, ordea, 311,6 milioi (43 milioi euroko emaitza positiboa). Beren diru-sarrerengatik nabarmentzekoak dira publizitatea eta hizkuntzaren industriak (kultura industria guztien % 44,5 eta % 18,1, hurrenez hurren). Horrez gain, moda eta publizitatea azpimarratu beharra dago enpresako lorturiko batezbesteko diru-sarrerak direla-eta: 1,3 milioi batez beste modaren kasuan; eta milioi 1 publizitatearen kasuan. Diru-sarrerei dagokienez, mozkin-portzentajerik handiena lortu duten sektoreak moda (% 28,1) eta arkitektura dira (% 15,5).

Enpleguari erreparatuz, EAEko sormen-industriek 3.898,3 lanpostu dituzte, guztira. Lanpostu guztien % 68,1 bi sektoretan kontzentratzen da: publizitatea (% 38,6) eta hizkuntzaren industriak (% 29,5). Lurralde-ikuspegia aztertuz, sormen-industrien ehuna Bizkaian kontzentratzen da eragileen erdia hartzen baitu Bizkaiak. 100.000 biztanleko ratioak halere nahiko berdintsu dira hiru lurraldetan (28,4 Bizkaian; 26,3 Araban eta 24,2 Gipuzkoan).

Asimetriak aztertuz gero, esan beharra dago diru-sarrera gehien dituzten eragileen % 20ak diru-sarrera guztietako 10 eurotik 7 eta 9 bitartean kontzentratzen duela (arkitekturan -% 56,5- eta bideo-jokoen sektorean -% 66,6- izan ezik). Asimetriak ez daude hain zabalduta enpleguari dagokionez. Altuak dira hiru sektoretan, non diru-sarrera gehien dituzten eragileen % 20ak 10 langiletatik 6 eta 8 bitartean biltzen baitituen (hizkuntzaren industriak, moda eta publizitatea).

Nazioartekotzeari dagokionez, diseinua da bere fakturazioen kanpoko merkatuen presentziarik handiena duen sektorea. Bere fakturazio guztiaren % 40,3 Estatuan kontzentratzen da; % 19,5 Europatik kanpoko herrialdetan eta % 14,1 Europako merkatutan. Modaren merkaturik nagusiena Estatua da (% 45,3) eta Europako merkatuen eta Europatik kanpoko herrialdeetako portzentajea % 20aren inguruan kokatzen da.

Generoa aintzat hartuz gero, emakumeen presentziak aldeak agertzen ditu sormen-industrien lanpostuetan, sektorearen arabera. Moda (% 72,7), hizkuntzaren industria (% 67,5) eta publizitatearen (% 56,8) kasuan % 50a gainditzen du. Diseinu eta arkitekturaren kasuan % 40 ingurukoa da. Azkenik, bideo-jokoen sektorean emakumeak ez dira 10 lanpostuetatik 3 betetzera iristen ere.

Txostenak, sintesiak eta laginaren inguruko fitxa teknikoak, esteka hauetan:

 Euskal Autonomia Erkidegoko Sormen Industrien estatistika

 Euskal Autonomia Erkidegoko Arte eta Kultura Industrien estatistika

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak