Berriak Osasuna

Gripearen intentsitatea maila baxuetara itzuli da EAE-n, azken aste honetan izandako beherakadaren ondoren

2020.eko urtarrilak 30

Denboraldi honetan, orain arte, 804 lagun ospitaleratu behar izan dituzte, eta horietatik 186k larritasun-irizpideak betetzen zituzten

 

Gripearen eraginaren intentsitatea zertxobait jaitsi da aste honetan EAEn: 299,8 kasu 100.000 biztanleko; aurreko asteko 359,2 kasuren aldean. Hala ere, aurtengo gripe-epidemia beheranzko joera duela baieztatu ahal izateko, beharrezkoa izango da datozen asteetan gripeak nola eboluzionatzen duen ikustea.

Zaintza Epidemiologikoko Sarearen (Mediku Jagoleak) azken txostenaren arabera (urtarrilaren 20tik 26ra bitarteko aldia aztertu du), osasun-zentroek gripe-sindromeagatik 5.024 kontsulta erregistratu dituzte. Sasoiko aldiari dagokionez, gripea baieztatuta dutenen 804 ospitalizazio-kasu jakinarazi dira, eta horietatik 186k larritasun-irizpideak betetzen dituzte. Gainera, orain arte, 23 pertsona hil dira gripeak eragindako konplikazioen ondorioz. % 95,7k arrisku-faktoreak edo 64 urtetik gora zituzten.

Gripea, urtero agertzen den osasun publikoko arazoetako bat izateaz gainera, ondorio larriak ekar diezazkieke kalteberatasun handieneko pertsonei. Gogoan izan behar da iaz 1.662 pertsona ospitaleratu erregistratu zituztela gripea zutela baieztatuta, eta horietatik 435 larri egon zirela. Gainera, 79 lagun hil ziren.

Joan den denboraldian, eragin handieneko unea 2019ko hirugarren astea izan zen. Orduan, 100.000 biztanleko 532,5 kasuko intzidentzia-tasa izan zen.

 

GOMENDIOAK

Sintomarik izanez gero, gripeak ez du tratamendu espezifikorik. Hortaz, atseden hartzea, sukarra eteteko likido ugari eta antitermikoak hartzea dira gomendio nagusiak. Sukarrak irauten badu, medikuari galdetu beharko diogu.

Era berean, nabarmendu behar da gaixotasun birikoa dela eta horren aurrean antibiotikoak ez direla eraginkorrak (kasu oso zehatzetan baino ez dira hartu behar, eta beti medikuak aginduta). Gainera, gomendagarria da, transmisio- eta kutsatze-indize handia duenez, prekauziozko higiene-neurriak hartzea, hala nola eztul edo doministiku egitean ahoa eta sudurra besoarekin estaltzea edo eskuak maiz garbitzea edo behin erabiltzeko zapiak erabiltzea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 30a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan