Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria Marcelo Gangoiti Sariaren XXIV. edizioko saria emateko ekitaldian izan da

2020.eko urtarrilak 31
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Aurten, ponpa zentrifugoen fabrikazioan eta aireztapenean diharduen Emica Bombas enpresarentzat izan da saria

  • Iñigo Urkulluk “indarrak batzeko” deia egin du, denon artean gazteak lan-munduan txertatzeko hobeto prestatuta eta trebatuta egon daitezen lortzeko

Iñigo Urkullu lehendakaria Marcelo Gangoiti Sariaren XXIV. edizioko saria emateko ekitaldian izan da gaur. Sari hori Bizkaian sustapen ekonomikoarekin, berrikuntzarekin eta enpleguaren sorkuntzarekin konprometituta dauden enpresei ematen zaie. Ekitaldian, halaber, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte izan dira. Aurten, Emica Bombas enpresarentzat izan da saria. Enpresa horrek Abanto-Zierbenan du egoitza nagusia, eta ponpa zentrifugoen fabrikazioan eta aireztapenean dihardu. Lehendakariak enpresa horren oinarri diren printzipioen garrantzia nabarmendu du. Printzipio horien artean, egokitzeko gaitasuna, berrikuntza, kualifikazioa eta nazioartekotzea aipa daitezke.

Marcelo Gangoiti Saria nagusiki ezkerraldean eta Meatzaldean egiten duen enpresa-lanagatik nabarmentzen den enpresa bati ematen zaio urtero. Saria Muskizko Somorrostro Prestakuntza Zentroak koordinatzen du, eta SPRIren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Cebek-en babesa jasotzen du. Hori dela eta, saria emateko ekitaldian Sustapen Ekonomikoko foru-diputatu Ainara Basurko, Cebek-eko presidente Iñaki Garcinuño, Muskizko Udaleko alkate Borja Liaño, Bilboko Elizbarrutiko apezpiku laguntzaile Joseba Segura eta Somorrostro Prestakuntza Zentroko zuzendari Javier Laiseca izan dira. Aurtengo edizioan, gainera, ITP Taldeko Precisión Casting Bilbao sozietateko zuzendari kudeatzaile Iratxe Las Hayas izan da gonbidatu berezia.

Eskaini duen hitzaldian, lehendakariak azpimarratu du Lanbide Heziketa oinarrizko lan-arloa dela Eusko Jaurlaritzarentzat, eta “indarrak batzeko” deia egin du, denon artean gazteak lan-munduan txertatzeko hobeto prestatuta eta trebatuta egon daitezen lortzeko. “Inbertsio horrengatik merezi du elkarrekin lan egiten jarraitzea”, adierazi du.

Lehendakariak konpromisoa agertu du gazteen prestakuntza integralaren bultzadarekin, eskualdean errotzearekin eta enpresa-sarearekiko loturarekin. Konpromiso horiek bat datoz Somorrostro Prestakuntza Zentroaren ideiekin. Ildo horretan, lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritza, erakundeak, lanbide-heziketako zentroak eta enpresak bide beretik doazela ahalik eta prestakuntzarik onena eskaintzeko erronkari erantzuteko. “Horixe da zentro honetan eta ekitaldi honetan ikusten dudan espiritua: egunero gazteei aukera berriak eskaintzen saiatzen direnen inkonformismoa. Prestakuntza integralerako eta laneratzeko aukerak”, gaineratu du.

Atzoko greba orokorrari erreferentzia eginez, lehendakariak azpimarratu du hurrengo egunean eta egunero jarraitu behar dela lanean, elkarrizketa sozialaren bidetik lan egiten, hain zuzen. "Onartu behar dugu arazoak elkarrizketaren bidez konpontzen direla. Elkarrizketa da irtenbidea, eta ateak zabalik jarraitzen du", adierazi du.

Brexit egunaren harira, Lehendakariak azpimarratu du Euskadik Europaren aldeko apustua egiten duela eta lanean jarraituko duela erronka hori akordio on baten bidez aukera bihurtzeko. Gainera, gogorarazi du Brexit Batzorde bat dagoela Euskadin; Europan eta Erresuma Batuan presentzia zuzena duena. Lehendakariak adierazi du dagoeneko Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendu zaiola Euskadiren lehentasunen defentsa azpimarratzeko: merkataritza-harremanak, bereziki industria-ondasunenak; arrantza-akordioa eta jatorri-deiturak; lankidetza zientifiko-teknologikoa, ikasleen eta ikertzaileen mugikortasuna; euskal enpresen egoera edo Erresuma Batuan bizi diren herritarren eskubideak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)