Berriak Justizia eta Herri Administrazioa

IVAP-ek argitaratu du herri-administrazioen antolamendu eta kudeaketaren alorrean espezializatutako lehen aldizkaria Espainian

2011.eko maiatzak 07

Aldizkarian, herri-administrazioen antolamendu-egiturak eta administrazio horietan lan egiten dutenen kudeaketa hobetzeko gakoak emango dira, sektore horrek kudeatzen baitu BPGaren % 46 Estatuan

IVAP, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazio Sailari atxikitako erakundea, da herri-administrazioak hobetzeko giza baliabideei, antolamenduari edo kudeaketari lotutako alderdietan espezializatutako lehen aldizkaria argitaratu duena Espainian. Horrela bada, "Pertsonak eta antolakunde publikoak kudeatzeko aldizkaria"ren lehen zenbakia argitaratu berri da eta, hurrengoetan ere, giza baliabideen, egituren antolamenduaren eta kudeaketaren inguruko gaiak jorratuko ditu, besteak beste. Aldizkari honekin, zerbitzu publikoa hobetzeko eta horren eraginkortasuna handitzeko ezagupenak eskaini nahi dira, Estatuaren BPGaren % 46 kudeatzen duen eta Euskadin 110.000 pertsonari (Euskadiko biztanleriaren % 5) lana ematen dien sektorea baita.

Badira herri-administrazioek eguneroko lanean jorratzen dituzten zenbait arlo, besteak beste, sektore publikoko produktibitatea areagotzea, egiturak arrazionalizatzea eta egitura horiei behar bezalako neurria ematea. Hori dela eta, aldizkariaren helburua da gai horien inguruko ikerketa eta hausnarketa sustatzea, bai eta herri-erakundeen funtzionamenduari eta erakunde horietan lan egiten dutenei buruzko ezagutza zabaldu eta partekatzea ere. Xedea da herri-administrazioek herritarrei ematen dieten zerbitzu publikoaren kalitatea hobea izan dadin sustatzea.

Argitalpenak, lehen zenbakian, lau atal ditu: lehenengoan, herri‑administrazioen funtzionamenduaren eta kudeaketaren hainbat esparrutako ikerlari eta adituren "Azterlanak" biltzen dira. Bigarren blokea, "Azterketa eta eztabaida juridikoa" deiturikoa da eta, lehen zenbakian, "2010eko lan-erreforma" aztertzen da. Hirugarren zatian, administrazioetako "Berrikuntza eta praktika onak" jorratzen dira eta, azkenekoan, elkarrizketa edo bestelako informazioren bat eskaintzen da; zenbaki honetan, Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendia elkarrizketatu dute.

Lehen zenbaki honetan, besteak beste, honako gai hauek jorratzen dira: Euskadirako enplegu publikoaren lege berria, bikaintasuna eta balio-sorkuntza zentzuzko kudeaketa publikoa burutzeko, enplegu publikoa eta zintzotasuna edo herri‑administrazioko jardunaren ebaluazioa.

"Pertsonak eta antolakunde publikoak kudeatzeko aldizkaria" bi urtean behin argitaratuko da eta 500 aleak Euskal Autonomia Erkidegoan nahiz beste administrazio, erakunde publiko, udal, sozietate publiko eta mendeko sozietate batzuetan banatuko da. Aldizkariak 20,80 euro balioko du.

Erredakzio Kontseilua aldizkariak jorratuko dituen gaietako aditu ezagunek osatuko dute eta Valentziako Unibertsitateko Gizartearen eta Erakundeen Psikologiako katedradun José María Peiró izango da Kontseiluko buru, hain zuzen ere, Psikologia Aplikatuko Nazioarteko Elkarteko lehendakari izendatu berri dutena.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko