Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Alokabidek eta Visesak Euskadiko etxebizitza-parke publikoa sortzeko eta finkatzeko egindako ekarpen handia azpimarratu du Arriola sailburuak

2020-01-30
  • Sozietate publikoek 20. urteurrena (Alokabidek) eta 30. urteurrena (Visesak) ospatuko dute, alokairu soziala beren egungo eta etorkizuneko jardueraren leitmotiv dutela
  • Sortu zenetik, Visesak babes ofizialeko 15.448 etxebizitza eraiki ditu guztira, eta Alokabidek, berriz, 14.200 etxebizitzaren alokairua kudeatu du

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Alokabide eta Visesa sozietate publikoek urte hauetan Euskadiko egungo etxebizitza sozialen parke handia sendotzeko egindako ekarpena azpimarratu du. Arriola sailburuak Alokabideren 20. urteurrena eta Visesaren 30. urteurrena dela eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak alokairu sozialari buruz antolatu duen hitzaldian egin ditu adierazpen horiek.

Hitzaldia Bilbon egin da, eta, bertan, Rovira i Virgili Unibertsitateko Zuzenbide Zibileko katedradun eta etxebizitzako UNESCO katedrako zuzendari Sergio Nasarrek “Etxebizitzaren bidegurutzea hamalau urteko krisiaren ondoren" gaiaren inguruan hitz egin du; Zuzenbideko doktore eta Rovira i Virgili Unibertsitateko etxebizitzako UNESCO Katedrako doktorego ondoko ikertzaile Nuria Lambeak, berriz, “etxebizitza soziala kudeatzeko Europako eredu bat” gaia izan du hizpide.

Etxebizitza eta lurzorua sustatzeko Visesa sozietate publikoak 1990ean eman zituen bere lehen urratsak. Handik bi urtera, bere lehen obra hasi zuen (373 etxebizitza Donostiako Intxaurrondo auzoan), eta 1994an entregatu zuen lehen blokea. Hiru hamarkada hauetan, babes ofizialeko 15.448 etxebizitza eraiki eta entregatu ditu guztira. Alokairu publikoa kudeatzen duen Alokabide sozietateak, berriz, 2000. urtean hasi zuen bere ibilbidea. Bere gain hartu zituen lehen 30 etxebizitzak Gasteizko Lakua auzoan zeuden. 20 urte hauetan, 14.200 etxebizitza kudeatu ditu, eta guztiak alokairu sozialekoak izan dira.

Etxebizitzako sailburuak bi erakunde horien moldakortasuna eta 2015eko Etxebizitzaren Legeak ezarritako eskakizun eta irizpide berrietara egokitzeko duten gaitasuna azpimarratu ditu. Ildo horretan azpimarratu duenez, Visesak "goitik behera aldatu behar izan du bere jarduera urte gutxi batzuetan: lehen, salmentarako etxebizitza babestura bideratuta zegoen nagusiki –eraiki dituen guztien % 71–, eta aurtengo irailetik aurrera, berriz, proiektatuko dituen sustapen guztiak alokairu sozialerako izango dira".

Halaber, Alokabidek erakutsitako profesionaltasuna eta gaitasuna nabarmendu ditu, bere gain hartu behar izan baititu "bere eta Sailaren jabetzako etxebizitzak administratzeko lehen zereginari gehitu zaizkion erronkak: hutsik dauden etxebizitza pribatuak erakartzea eta kudeatzea Bizigune programaren barruan (2003tik aurrera), gazteentzako Gaztelagun alokairu-programa abian jartzea, “Zero energia-kontsumoa” plana parke publikoan eta alokairu sozialerako prestazioen bat-egitea”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)