
Ikerbasquek 70 ikertzaile bilduko ditu Donostiako Talent-Housen
Topaketak esperientziak trukatu eta ezagutzaren transferentziarako sare bat sortzeko asmoa du
Donostiako Talent House-n egindako topaketa honetan, Zientziaren Euskal Fundazioko kideek eta Eusko Jaurlaritzako eta EHUko ordezkariek ere parte hartu dute Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak Euskadiko politika zientifikoaren ildo nagusiak eta IKERBASQUEk gaurdaino lortutako emaitzak azaldu dizkie nazioarteko ikertzaileei Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentro desberdinetan lan egiten duten mundu osoko zientzilariek esperientziak partekatu dituzte IKERBASQUEk eta Donostiako Sustapenak lankidetza-hitzarmena sinatu dute zientzilariei ostatua eta integrazioa erraztu eta Gipuzkoako hiriburuan jarduera zientifiko dibulgatiboak bultzatzeko asmoz Donostian.
IKERBASQUE Zientziaren Euskal Fundazioak Donostian elkartu ditu nazioartetik erakarritako ikertzaile gehienak, haien arteko esperientziak trukatzeko topagunea eratu eta ezagutzaren transferentziarako sare bat sortzeko asmoz. Topaketa honek, Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetarako erakarritako jakintza-alor desberdinetako hogei bat herrialdetako 70 zientzilari bildu ditu. T
opaketa, Donostian lan egiten duten ikertzaileei ostatua eta integrazioa errazteko abiarazi den Talent House egoitzan ospatu da, IKERBASQUE Fundazioko kideen eta Eusko Jaurlaritzako eta Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkarien partaidetzaz, baita Odon Elorza Donostiako alkatea ere. Bileran, World Café delako metodologia erabili da, talde txikietan antolatutako lankidetza-elkarrizketa, lana bateratzeko saio ireki batez eta otordu batez amaitu dena.
Diziplina desberdinetako zientzilariei esperientzia pertsonalak eta profesionalak trukatzeko aukera eskaintzea izan da tailerraren helburu nagusia, etorkizunean, EHUko fakultate desberdinetan eta Euskadiko 10 ikerketa-zentrotan lan egiten duten herrialde desberdinetako profesionalen arteko ezagutzaren transferentzia erraztuko duen sare bat sortzeko asmoz. Era berean, ikertzaile hauek integrazio familiar eta sozialerako dituzten premiak eta iradokizunak bildu dira, jatorri desberdinetako pertsonak direla gogoan izanda.
Topaketan, Isabel Celaá Hezkuntza Sailburuak Euskadiko politika zientifikoaren ildo nagusiak azaldu dizkie nazioarteko ikertzaileei. Fernando Cossío Kimika-katedraduna eta Fundazioko Batzorde Betearazleko presidentea, bestalde, IKERBASQUEk gaurdaino lortu dituen emaitzak aurkezteaz arduratu da. Hitzarmena Donostiako Sustapenarekin IKERBASQUEk antolatutako zazpigarren tailer honekin batera, Fundazioak Lankidetza Hitzarmena sinatu du Donostiako Sustapenarekin.
Udal sozietate honek jarduera ekonomikoak eta sozialak sustatzen ditu Gipuzkoako hiriburuan, eta berrikitan, Talent House deritzon 80 apartamentuko egoitza abiarazi du, Gipuzkoan lanean diharduten mundu osoko ikertzaileei ostatua eskaintzeko asmoz. Hitzarmen honen bidez, Sustapenak bere gain hartu du IKERBASQUEko ikertzaileei Talent House-n lekua egin eta gizarte eta lan alorretako integrazioari begira behar dituzten laguntza-zerbitzuak eskaintzeko konpromisoa.
Zientziaren Euskal Fundazioak, aldiz, ekimen desberdinak bideratuko ditu hirian, ezagutzaren sozializazioa eta dibulgazioa xede duen programa aurrera ateratzeko. IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bidez abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan.
Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak sortzea dira Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatzak.