Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuetako muturreko pobreziaren eta giza eskubideen errelatore berezia hartu du

2020.eko urtarrilak 29
  • Lide Amilibia sailburuordeak euskal administrazioek pobreziaren aurka abian jarritako neurriak azaldu ditu
  • Eustatek azpimarratu duenez, gizarte-babesari lotutako gastuak % 4ko igoera izan zuen 2018an Euskadin

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 29a

Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibiak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusi Borja Belandiarekin batera, Nazio Batuetako muturreko pobreziaren eta giza eskubideen errelatore berezi Philip Alston Lehendakaritzan hartu duen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza zuzendu du gaur goizean. Topaketa hori errelatorea egun hauetan (otsailaren 7ra arte) Estatuko pobrezia aztertzeko Espainiara egiten ari den bisitan kokatuta dago.

Sailburuordeak adierazi duenez, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzak "gizarte-premiei erantzuteko abiarazitako tresnak" azaldu dizkie zehatz-mehatz Alstoni eta haren taldeari. Gaineratu duenez, “gizarte-zerbitzuen euskal sistema zein diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-inklusiorako sistema azaldu ditugu labur-labur”, eta “diru-sarrerak bermatzeko errentari, gizarte-larrialdietarako laguntzei eta energia-pobreziaren aurkako laguntzei arreta berezia eskaini diegu”.

Ildo horretan, 1980ko hamarkadaz geroztik pobreziari eta gizarte-premiei buruz egiten dituen eta euskal agintariei “erabakiak hartzeko adierazle zehatzekin lan egitea” ahalbidetzen dieten estatistika-txostenak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak. Inkesta horiek agertu dituzten adierazleek Europako herrialderik aurreratuenekin parekatu dute Euskadi.

% 4ko igoera

"Gaur, hain zuzen ere, Eustat-Euskal Estatistika Erakundeak Euskadiko gizarte-babesari lotutako gastuaren ehunekoei buruzko datuak argitaratu ditu, eta adierazi du % 4ko igoera izan dela aurreko urtearekin alderatuta; horrek oso posizio konparatibo onean kokatzen gaitu", azpimarratu du Amilibiak. Zehazki, gizarte-babesari lotutako gastua 18.557 milioi eurora iritsi zen 2018an, eta, beraz, aurreko urtean baino % 4 handiagoa izan zen. Termino absolutuetan, igoera 722 milioi eurokoa izan zen. BPGari dagokionez, gizarte-babesari lotutako gastua % 24,2ra iritsi zen 2018an.

Topaketa horretan, euskal ordezkaritzak eta Philip Alstonen taldeak haurren pobrezia landu dute bereziki, eta Eusko Jaurlaritzak eta euskal administrazioek Euskadin haurren pobrezia horren ehunekoak murrizten jarraitzeko aplikatzen dituzten neurriak egiaztatu dituzte. “Halaber, diru-sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko mahai gainean dagoen eta beren kargura seme-alabak dituzten familien egoera hobetzeko helburua duen proposamena aztertu dugu”.

Alston aditu independentea da, eta Giza Eskubideen Kontseiluak izendatu du herrialde bateko egoera edo giza eskubideei lotutako gai jakin bat aztertzeko eta horren berri emateko. NBEko adituak, Euskadira ez ezik, Madrilera, Galiziara, Extremadurara, Andaluziara eta Kataluniara ere egingo ditu bisitak. Bere azken txostena NBEren Giza Eskubideen Kontseiluari aurkeztuko dio, Genevan, 2020ko ekainean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Philip Alston, relator especial sobre extrema pobreza y los derechos humanos de Naciones Unidas