Berriak

Pilar Unzaluren arabera, 2020rako 12.000 lanpostu berde berri sortuko dira

2011.eko maiatzak 06

Pilar Unzalu Ingurumen sailburuak adierazi du Euskadin 36.000 lanpostu berde egongo direla 2020rako

“Euskadin 24.000 lanpostu berde daude gaur egun, eta 2020rako 36.000 izatera iritsiko direla kalkulatzen da; hortaz, euskal ekonomian potentzialik handiena duen enplegu-nitxoetako bat da”, ziurtatu zuen Ingurumenaren arloko Euskal Herriko arduradun nagusiak.

Pilar Unzaluk gaur goizean plazaratu ditu aurreikuspen horiek Bilbon “Lan eta Merkatu Berde”ei buruz egin den jardunaldiaren barruan. Jardunaldi horretan, garapen ekonomikorako hainbat enpresa eta agentziatako ehun bat ordezkarik parte hartu dute. “Ekonomiak berdetzeak ez duela aberastasuna edota aukerak sortzea oztopatzen frogatu da, eta asko dira inbertitzeko eta aberastasunaren eta lanpostuen arloan hazteko aukera garrantzitsuak eskaintzen dituzten sektore berdeak. Aurreikuspenen arabera, munduko merkatu berdea hirukoiztu egingo da datozen hamar urteetan”, esan du Ingurumen sailburuak.

Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak, Ihobe Sozietate Publikoak eta Euskadiko Ingurugiro Industrien Kluster Asoziazioak (ACLIMA) antolatu dute, eta merkatu eta enplegu berdeek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten hedapen‑perspektibak aztertzea izan du helburu. Bertan, Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietateak landu duen “Merkatuak eta enpleguak 2010. Euskal industriaren papera ekonomia iraunkorrerako bidean” azterlanaren ondorioak aurkeztu dira.

Azterlana Fernando Barrenechea Ihoberen zuzendari nagusiak aurkeztu du. Haren arabera, azaleratzen ari diren merkatu berdeetan euskal enpresa-sektorea positiboki kokatzen eta definitzen duten indarguneak honakoak dira: industriaren egoera, lehiakortasunaren aldeko apustua eta oinarri teknologikoa. Halaber, Barrenecheak adierazi du energia berriztagarriak, hondakinen kudeaketa eta tratamendua, eta hondakin-uren tratamendua eta arazketa direla “Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu berde gehien barne hartzen dituzten jarduera-sektoreak, lanpostuen %25,4, %23,8 eta %12,6 sortzen dituzte eta, hurrenez hurren”.

2020an, Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu berdearen estimazioan honakoak gailentzen dira: energia berriztagarrien sektorea, 7.000 lanposturekin; eraikuntza iraunkorra, 1.600 lanposturekin; eta industriako ekipo efizienteak, 1.250 lanposturekin.

Euskal ekoizpen-sarea azaleratzen ari diren merkatu berdeetan kokatzeko, gaur goizean aurkeztutako azterlanak urrats erabakigarri batzuk proposatzen ditu, sektore pribatuarentzat eta publikoarentzat, Euskal Herrian merkatu berde baten sorkuntza finkatzeko.

Sektore pribatutik enpresa berdeetako langileen gaitasunak bultzatzea, aliantza estrategikoekin proiektu pilotuetan inbertsioak egitea edo produktu berde aurreratuen nazioartekotzea indartzea proposatzen da.

Bestalde, herri-administrazioaren ahaleginek honako helburu hauetan kontzentratu beharko dute, besteak beste: ekosistemak edo “kapital naturala” babestea, teknologia garbiak eta eraginkorrak eta energia berriztagarrien sistemak sustatzea, eta biodibertsitatearekin lotutako produktu eta zerbitzuak garatzea, baita “hiri berdeak” sustatzea ere hirietako ingurumenaren arloan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)