Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza
Eu

San Inazio zubia Nerbioi itsasadarraren gainean

2020.eko urtarrilak 29
  • Zorrotzaurreko uhartea San Inazio auzoarekin lotzen duen bigarren zubi horren sustatzailea VISESA, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren sozietate publikoa izan da
  • Zubia bi ertzetako estribuen gainean muntatzeko lana lau egunetan egiten ari da, maniobra zail baten bidez

Holandako pontoiak irten ahal izateko nabigagarritasun-baldintza egokien zain 18 egun eman ondoren, joan den urtarrilaren 26an, igandea, iritsi ziren bi pontoiak Bilbora. Txanel horiei esker, San Inazio auzoa eta Zorrotzaurreko uhartea lotuko dituen San Inazio zubia muntatu ahal izango da. Bi ontzi horiek iristean, egitura ezkerraldetik (Zorrotzaurretik, alegia, bertan muntatu baita) itsasadarraren bi aldeetan eraikitako estribuetaraino eramateko 4 eguneko maniobrak hasi ziren.

MUNTATZEKO MANIOBRA

  • Astelehenean, pontoiak nasetan finkatu ziren.
  • Atzo, asteartea, egitura pontoietan kargatu zen. Mareak kontuan hartuta, 18:45eko itsasgora baliatuta egin zen karga-mugimendu hori.
  • Gaur, asteazkena, pontoiak lekualdatu eta biratzeko mugimendua egitea dago aurreikusita. Hiru ordu eta erdi inguru beharko dira horretarako. Zirkunstantziak egokiak badira, 19:18ko itsasgora baliatuta egingo dira zubia kokatzeko lanak.
  • Azkenik, bihar –lanen azken egunean, alegia– zubia kokatzeko lanak amaituko dira, asteazkenean amaitu ez badira.

Une horretatik aurrera, arkuak eta taulak hormigoitzen hasi ahal izango da, egitura aurreatezatuko da, eta, azkenik, zubiaren gainerako elementu lagungarriak kokatuko dira.

ZUBIAREN EZAUGARRIAK

San Inazio zubiak izen bereko auzoko bide-sarea eta oinezkoen bide-sarea Zorrotzaurreko uhartearekin lotuko du, Deustuko kanal artifizialaren gainetik. Kanalaren gainean egingo den bigarren zubia izango da, eta plangintzan Zorrotzaurreko ertz horretarako aurreikusitako konexioak osatuko ditu.

Zubiaren ardatza Illes Balears kalearen luzapena izango da, eta lerrokadura zuzena du kanalaren gainean. Zubiak 75 metroko argia salbatuko du eta 28 metroko taula-zabalera izango du. Taularen sekzioa oinezkoentzako bi espaloiren, garraio publikorako 2 erreiren eta ibilgailu motordunetarako beste 2 erreiren euskarria izango da. Bizikletak ibilgailu motordunen galtzada berean ibiliko dira, 30 km/h-ra mugatutako eremuetarako ezarritako udal-irizpideari jarraikiz. Zubiaren taulan sartuta, hiri-zerbitzuen sareak ertzen bi aldeetan lotzeko kanalizazioak antolatuko dira.

Zubiaren sestra, nolanahi ere, finkatuta dagoen urbanizazioarekin lotzean oinezkoen ahalik eta erosotasunik handiena lortzeko moduan zehaztu da, uholde-baldintzak direla eta beharrezkoa den babesarekin. Zubiaren diseinuak uraldi handiak ebakuatzeko beharrezkoa den sekzio hidraulikoa (Uholde Arriskua Kudeatzeko Planean jasotako jarduketekin bateragarria) errespetatzen du, eta 500 urteko errepikatze-denborako uraldiaren sakonerarekiko metro 1etik gorako babesa du, klima-aldaketaren ondoriozko itsas mailaren igoeraren aurreikuspena kontuan hartuta (itsas mailaren igoera 34 cm-koa izango dela kalkulatu da).

Zubiaren tipologia

Zubiaren egitura mistoa da (altzairua-hormigoia), eta altzairuak emango du egituraren garrantzi bisuala, Bilboko tradizio siderurgikoaren erreferentzia gisa.

Formalki, zubia bi arku beheratu simetrikoz osatuta dago. Arku horiek taularen azpitik abiatzen dira estribuetan, eta 3 metroko altuerara iristen dira erdiko tartean. Erdiko tarte horretan, taularen kargak 3 metroko distantzian ipinitako pendulu bertikalen bidez esekitzen dira arkuetatik. Arkuen ageriko zatiak “V” formako sekzio triangeluarra du. Multzoaren emaitzak arintasunez ematen du ertzen arteko pasabidea, formetan arina eta ibilguan bitarteko pilarerik gabe.

Zubia zubi integral gisa sortu da, dilatazio-junturarik gabe, bere funtzionaltasuna hobetzeko eta mantentze- eta kontserbazio-lanak minimizatzeko helburuarekin.

Obra osagarriak. Ezkerraldeko betelanak.

Obraren esparruan, kanalaren zabalera 111 metrokoa zen. Zubia egikaritzeko, ezkerraldeko betelana osatu da lehorreratze-eremuan. Era horretan, ezkerraldeko estribua, 75 metrotan (San Inazio kaiarekin paralelo), uharterako aurreikusitako morfologiara egokituko da.

Egitura metalikoa

Egituraren pieza metalikoak Tecade enpresak egin ditu Sevillan duen tailerrean, eta irailaren hasieratik abenduaren hasierara bitarte iritsi ziren obrara. Piezak jaso ahala, haien aurremuntaketa egin zen Zorrotzaurreko kaian. Egitura altzairu herdoilgaitzezko piezez osatuta dago, kalifikazio-mailarik handienarekin (EXC-4). Pieza horiek mihiztatu, soldatu eta korrosioaren aurka babestuko dira, itsas inguruneaz babesteko korrosioaren aurkako 3 pintura-geruzarekin. Esposiziorik handieneko eremuetan, 350 mikratik gorako lodiera izango dute, eta ontzien aplikazioetan eta offshore egituretan erabiltzen denaren antzeko babesa osatuko dute. Zubiaren azken irudia egitura metaliko zuri batena izango da.

Obra muntatzeko kaira iritsi ziren egitura metalikoaren lehen piezak nerbioak izan ziren. Nerbio horiek 36 metroko luzera dute, eta, tamainagatik, garraiobide berezietan iritsi ziren. Nerbio horien gainean, zeharkako eta luzetarako habeez osatutako parrilak (zubiko taularen egitura osatzen dutenak) muntatu ziren.

Zubiaren egitura bi arku simetrikorekin osatuko da. Arku horiek ere garraiobide berezietan ekarri behar izan zituzten, eta azaroaren erdialdera iritsi ziren obrara. Arkuek “V” formako sekzio triangeluarra dute, 15-35 mm-ko lodiera duten altzairuzko xaflez osatua, eta erresistentzia handiko HAC-90 hormigoi autokotrinkogarriarekin beteko da.

28 metroko zabalera duen taula oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren euskarri izango da, eta 52 mm-ko diametroko altzairu herdoilgaitzezko penduluen bidez esekiko da arkuetatik, Deustuko kanaleko ibilguaren gaineko 75 m-ko argia salbatzeko eta San Inazio auzoa Zorrotzaurreko uhartearekin lotzeko.

Obrak EU1eko Ituntze Batzarrak sustatutako obren (Zorrotzaurreko 1. Eremu Integratuko 1. Egikaritze Unitatearen A faseko urbanizazio-obrak –Zarandoa etorbidea– eta EU1eko D-1 eta B-2 esparruetako finkatze-betelanak) eta Bilboko Portuko Agintaritzak sustatutako obren (Deustuko kanalaren ezkerraldeko betelana) premiekin koordinatuta egiten ari dira.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2020.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    🔵 San Inazio zubia Nerbioi itsasadarraren gainean dago jada ➡︎ https://t.co/9wV8lDrI1Z

    🏘 Zorrotzaurreko uhartea S… https://t.co/AWDBWKiOnv

  • @Gob_eus
    2020.eko urtarrilak 29

    Comentario de Twitter:
    🔵 El puente de San Ignacio sobrevuela ya la ría del Nervión ➡︎ https://t.co/pB0oanysjT

    🏘 #VISESA ha sido la promo… https://t.co/BeztGTQmaI

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)