Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratu ditu komiki, eleberri grafiko eta ilustratutako liburuen sorkuntza bultzatzea xede duten diru-laguntzetara (Gobernu Bilera 2020-01-28)

2020.eko urtarrilak 28
  • Ilustrazioari loturiko zazpi proiektu babestuko dira aurten Legealdi hasieran sortutako deialdi honen bitartez

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak komiki, eleberri grafiko eta ilustratutako liburuen sorkuntza grafikoa bultzatzea xede duten diru-laguntzen deialdia onartu du bere gaurko bileran. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 105.000 euro bideratuko ditu deialdi honetara, laguntzak bi modalitatetan banatuko direlarik. Alde batetik, 60.000 euro bideratuko dira komiki eta eleberri grafikoen sorkuntza sustatzera. Bigarren modalitatearen bitartez, bestetik, 45.000 euro inbertituko dira ilustratutako album edo liburuen sorkuntza bultzatzeko.

Deialdi hau 2017. urtean jaio zen, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak bultzatuta, sortzaileen talentua bultzatu eta arlo honetan Euskadin azkenaldian egin izan den lan bikaina sendotzeko xedearekin. Azken hiru urtetan bezalaxe, deialdiak bi modalitate jasoko ditu aurtengoan ere:

  • Lehen modalitatean 15.000 euroko lau laguntza emango dira, komiki edo eleberri grafikoak sortzea helburu duten ilustrazio-proiektuak diruz laguntzeko.
  • Bigarren modalitatearen bitartez 15.000 euroko hiru laguntza emango dira, ilustratutako albumak sortzea helburu duten ilustrazio-proiektuak diruz laguntzeko.

Horrez gain, nabarmendu beharra dago deialdiak mekanismo ezberdinak aurreikusi dituela emakumeen eta ilustratzaile gazteen lana leheneste aldera. Honela, bi modalitatetan -komikiak eta ilustratutako albumak-, gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuen artean diru-laguntza bat erreserbatuko da, gutxienez, 30 urtetik beherako sortzaileentzat eta beste diru-laguntza bat, gutxienez, emakumeentzat (30 urtetik beherakoentzat erreserbatutako diru-laguntza hori emakume batek lortuko balu, diru-laguntza bakar bat erreserbatuko da). 2018ko ediziotik “ilustrazioaren kalitate artistikoa” (40 puntutik 50 puntura igaro zen iaz) eta “ilustrazioaren tratamendua” (10 puntutik 30era) atalek balorazio handiagoa dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko