Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Eusko Jaurlaritzak 24 aste arte luzatu du guraso baimena ama edo aita bakarrez osatutako familien kasuetan (Gobernu Bilera 2020-01-28)

2020-01-28
  • Neurriak 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeragina izango du eta familia- eta lan-bizitza uztartzen laguntzeko helburua izango du, horren bidez jaiotza-tasa sustatzeko
  • Euskadiko Administrazio Orokorrean, Ertzaintzan, Osakidetzan, Hezkuntzan eta Justizian lan egiten duten 70.000 lagunentzako jarriko da martxan, baina Eusko Jaurlaritzak neurria Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoko sozietateetara, erakundeetara, fundazioetara eta partzuergoetara zabaldu nahi du

Eusko Jaurlaritzak “Euskal Autonomia Erkidegoko langileen kontziliaziorako baimenak parekatzea onartzen duen Dekretuaren” lehen zirriborroa aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Bertan, guraso bakar batez osatutako familien kasuan, gurasotasunagatik egungo 18 asteko baimena —% 100 ordaindua— 24 astetara luzatzeko proposamena jaso da. Baimen hori bi astez luzatuko da seme-alaben kopurua bi baino handiagoa denean, eta/edo beste bi astez luzatuko da haur horiek desgaitasunen bat badute.

Dekretua onartu ondoren, neurri hori Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten 70.000 pertsona ingururi zuzenean aplikatuko diete: Administrazio Orokorra, Justizia, Ertzaintza, Osakidetza eta Hezkuntza. Horretaz gain, dekretuak baimena Autonomia Erkidegoko sektore publiko osora zabaltzea ahalbidetzen du: erakundeak, sozietateak, fundazioak, partzuergoak, etab.

Neurriak 2020ko urtarrilaren 1eko atzeraeragina izango du eta, indarrean dauden gainerako gurasotasun-baimenek bezala, Euskal Administrazio Publikoak jada aitortutako jaiotza, adopzio, zaintza, harrera eta beste hainbat kasutan emango da.

FAMILIA DIBERTSITATEA ETA BATERAGARRI EGITEA

Dekretu aitzindari honen bidez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da familia- eta lan-bizitzak bateragarri egiten lagunduko duten politika publikoetan aurrera egitea; ezinbesteko urratsa jaiotza-tasa sustatzeko eta Euskadik aurretik duen erronka demografikoari ekiteko. Horren haritik, administrazio publikoek neurri aurrerakoienak lehendabizi esparru publikoan abian jartzeko obligazioa dute, era horretan, efektu traktorea eragiteko eta neurri horiek, pixkanaka, lan-esparru pribatura zabaltzen laguntzeko.

Neurri hori ere aitzindaria da Euskadin familia-eredu berriekiko dagoen errespetuan eta haiei ematen zaien babesean. Kasu honetan, guraso bakar batez osatutako familiak dira.

Iruzkin bat
  • Ana
    2020-04-08

    ¿Qué ha pasado con la aprobación de este decreto?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko