Berriak Lehendakaritza
Eu

Gernikako Arbolaren kimu bat Lehendakaritzan landatu da

2020.eko urtarrilak 28
  • Iñigo Urkullu lehendakariak kimuaren benetakotasun-ziurtagiria jaso du Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren eskutik

Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin batera, Lehendakaritzak Gasteizen duen egoitzaren fatxada nagusiaren aurrean landatutako haritzaren Gernikako Arbolaren kimuaren ziurtagiria jaso du Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren eskutik.

Ekitaldi sinboliko horretan Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Lehendakaritzan landatutako Gernikako arbolak gogora ekarriko du egunero Eusko Jaurlaritzaren eginkizuna giza eskubideak, ingurumena, hezkuntza, bakearen kultura eta bizikidetzarako pedagogia babestea eta errespetatzea dela. Balio horien ildoari jarraituz, lehendakariak bat egin du aste honetan nazioartean egin diren hiru oroitzapen-ospakizunekin: Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-esparrua askatu zuten egunaren 75. urteurrena, CO2 gasaren isuriak murriztearen aldeko Munduko Eguna eta Indarkeriarik ezaren eta Bakearen Eskola Eguna.

Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak adierazi duenez, Gernikako Arbolak esanahi berezia du euskaldun guztientzat, sentsibilitate politikoak edozein izanik ere. Hori dela eta, erakunde guztien arteko lankidetzarako eta desberdinen arteko elkarrizketarako deia egin du, herrialdeak aurrera egin ahal izan dezan. Hitzaldiaren amaieran, honako nahi hau adierazi du Ana Otaduik: “Lehendakaritzan landatutako kimuak ongi errotutako nortasuna duen herri batek askatasun-, berdintasun-, aurrerapen- eta bake-fruituak ematen dituela erakustea".

Hitzaldia amaitu ondoren, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak kimuaren benetakotasuna bermatzen duen ziurtagiria eman dio Urkullu lehendakariari.

Horrela, beraz, Lehendakaritzako Gernikako Arbolaren aldaxka XIX. mendeaz geroztik bost kontinenteetako hainbat lekutan landatu diren bostehun kimu ingururi gehitu behar zaie. Gasteiz Gernikako haritzaren ondorengo arbol propioa duten herrien zerrenda luzean txertatu da. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: Göteborg, Padrón, Laudio, Pforzeim, Sidney, Auschwitz eta Washington.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak