Berriak Osasuna
Eu

Koronabirusarekin lotutako kasu susmagarri bat hauteman dute Bizkaian

2020.eko urtarrilak 24

Duela gutxi Txinan izandako emakume bat da, eta, oraindik baieztatu ez bada ere, jardun-protokoloak eta prebentzio-neurriak jarri dira abian.

Osasun Saila eta Osakidetza erne daude, eta lasaitasun-mezua zabaldu dute.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari gaur arratsaldean jakinarazi diote Txinako jatorria duen koronabirusarekin lotuta egon daitekeen kasu bat hauteman dutela. Duela gutxi Txinako Wuhan probintziatik itzuli den eta gaixotasun horrekin lotzen den sintomatologia duen emakume bat da. Gaur egun pertsona hori Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean dago, isolamenduan.

Egin dioten analitikaren lagina Majadahondako Mikrobiologia Zentro Nazionalera bidali dute, analisi zehatz hori egiteko erreferentziazko laborategia baita. Azterketaren emaitzak 24-48 ordutan izatea espero da. Kasua baieztatu zain, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jardun-protokoloa jarri du abian, eta kasu horietarako ezarritako prebentzio-neurriak hartu ditu jada (isolamendua). Horrez gain, kutsatuta egon daitekeen emakumearen inguruko pertsonei ere hasi zaizkie azterketak egiten. Bestalde, susmo horren berri eman zaio Osasun Ministerioaren Osasun Alerten eta Larrialdien Koordinazio Zentroari.

Osasun Saila eta Osakidetza, Gaixotasun Infekziosoen Aholkua Batzordearen bidez, “erne” daude eta etengabe daude harremanetan kasu honen bilakaeraren jarraipena egiteko, baita agerraldi honek nazioartean duen bilakaeraren jarraipena egiteko ere. Ildo horretan, Osasun Sailak zein Osakidetzak lasaitasun-mezua helarazi nahi diete euskal herritarrei, Euskadin prebentzio, hautemate, jarraipen eta jarduneko sistemek funtzionatzen baitute. Izan ere, pertsona hori osasun-sistemarekin harremanetan jarri den unetik, ezarritako protokoloa zuzen bete ahal izan da, profesional guztien jardunari esker.

Osasun Sailaren prebentzio-sistemez gain, aintzat hartu behar da garrantzi handikoa dela higiene-neurriak hartzea, hala nola eztularen eta doministikuen aurrean babestea, eskuak xaboiaz maiz garbitzea eta botatzeko mukizapiak erabiltzea. Gaixotasun horri aurre egiteko prebentzio-neurriak, beraz, gripeari aurre egiteko neurrien antzekoak dira.

Osasun Sailak eta Osakidetzak egoera honen bilakaeraren berri emango dute, beste neurri batzuk hartu behar badira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau