Elkarlan Sariak
Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Euskal erakundeek iragaitzazko migratzaileentzako arreta humanitarioa emateko Kontingentzia Plana mantenduko dute 2020an

2020-01-27
  • 2019an zerbitzu horretara bideratutako baliabideek 4.244 pertsona artatu zituzten; urtebete lehenago, berriz, 8.662 pertsona
  • Artolazabal sailburuak Irungo aterpetxea bisitatu du, Euskadiko Gurutze Gorriko ordezkariekin eta boluntarioekin batera

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek gaur iragarri du, Eusko Jaurlaritzaren mende dauden euskal erakundeek, 2020. urtean, Euskadira heltzen diren eta Europako beste herrialde batzuetara joatea helburu duten iragaitzazko migratzaileei arreta humanitarioa emateko Kontingentzia Plana mantenduko dutela.  2019an, esparru honetan, 4.244 pertsona artatu zituzten, 2018an artatu zituztenen —guztira 8.662— erdia baino pixka bat gutxiago. “Zenbakiak dira, baina garrantzitsuena kopuru horien atzean dauden pertsonak dira”.

Beatriz Artolazabalek iragarpen hori pertsona horiek artatzeko Irunen prestatu duten aterpetxera egindako bisitan egin du. Euskadiko Gurutze Gorriko koordinatzaile autonomiko Aitor Allende eta erakundeko hainbat ordezkari eta boluntario aldamenean zituela, aterpetxe honetatik igarotzen direnei —2019an 3.465 pertsona— arreta ematen dieten pertsonek egiten duten lana azpimarratu du sailburuak.

Irungo zentro hau iragan urrian zabaldu zen, Martindozenean ematen ziren zerbitzu eta kalitate berberak mantenduz eta bermatuz —24 orduko arreta—, baina 60 plaza beharrean 100 plaza eskainiz.

2018az geroztik, euskal erakundeek, gizarte-entitateekin elkarlanean, iragaitzazko migratzaile horien etorrerari erantzun diote. Horretarako erakunde barruko mahai bat osatu zuten. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Irun, Donostia, Gasteiz eta Bilboko Udalek, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaritzak, Gurutze Gorriak, CEAR batzordeak, Caritasek, Munduko Medikuak erakundeak, eta SOS Arrazakeria erakundeak hartzen dute parte. Mahaiak lanean jarraitzen du. “Euskal erakundeek eta gizarteak errealitate horrentzako erantzun integrala, egokia, gizatiarra, tamainakoa, iraunkorra eta solidarioa egituratu dugu”, azpimarratu du Artolazabalek.

Kasurako eratutako aterpetxeen egitura eta haien funtzionamendua bera migratzaileen etorrera-fluxuen eboluziora eta euren beharretara egokitu dira. Gaur egun, Berrizko eta Irungo aterpetxeek egunerokotasunean ematen diren premia guztiei erantzuten diete; horretaz gain, pertsonen fluxu handiagoei erantzuteko prestatuta daude, baita ezustean pertsona gehiago etortzen badira ere, sailburuak azaldutakoaren arabera.

“Guk jaso nahiko genukeen arreta bezalakoa eskaini nahi diegu, eta horregatik giza eskubideei lehentasuna ematen diegu. Urkullu lehendakariak gogoratu ohi duen bezala, gure herriari harrera eskaini zaio erbestean, eta orain harrera eskaintzea dagokigu" adierazi du sailburuak.

Migratzaile gutxiago

Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren azken txostenaren arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, modu irregularrean itsasoz muga gurutzatu ondoren, Espainiara, guztira, 26.168 etorkin iritsi ziren, 2018ko garai berean baino % 54,5 gutxiago.

Euskadin, arreta jaso duten pertsonen kopuruak ere behera egin du, % 51,1, hau da, 2018ko 8.662 lagunetatik 2019ko 4.244 lagunetara pasatuz, bildutako eta gaur adierazitako datuen arabera.

2019an arreta jaso zuten pertsonen kopurua honako hau da, hilabetez hilabete:

 

BIZKAIA

GIPUZKOA

EUSKADI

URTARRILA

546

401

947

OTSAILA

51

245

296

MARTXOA

8

175

183

APIRILA

1

153

154

MAIATZA

29

129

158

EKAINA

2

179

181

UZTAILA

78

320

398

ABUZTUA

23

410

433

IRAILA

14

333

347

URRIA

19

286

305

AZAROA

8

453

461

ABENDUA

0

381

381

4.244 pertsonetatik 779 (% 18) Bilboko zerbitzuan artatu zituzten eta gainerako 3.465 pertsonak (% 82) Irungo zerbitzuan. Etorrera kopuru handiena urtarrilean erregistratu zen eta orduan artatu zuten pertsona kopuru handiena. Urtarrilean bakarrik, urte osoan artatutako pertsona guztien % 20 baino gehiago artatu zituzten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitor Allende, Euskadiko Gurutze Gorriako Koordinatzailea eta Nahia Díaz de Corcuera, Euskadiko Gurutze Gorriako asilo programen eta arreta humanitarioaren arduraduna