Berriak Lehendakaritza

EKIAN, Euskadiko eguzki planta handiena, abian

2020.eko urtarrilak 27
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du instalazioa, 26 euskal enpresaren partaidetzako planta 
  • EEE Energiaren Euskal Erakundeak eta Kreanek sustatua, parkeak 24 MW sortzen ditu eta aurreikusita zegoen bezala, urtebeteko epean eraiki da, egindako guztizko inbertsioa 24 milioi eurokoa izan da

EKIAN eguzki parkea, Arasur Industrialdean kokatua, inauguratu du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak, sustatzaile bien (EEE eta Krean Taldea) ordezkariekin eta 26 euskal enpresa inbertitzaileen arduradunekin batera. Euskadiko eguzki parke handiena da eta orain arte instalatutako potentzia bikoizten du.

Gaur goizean burutu den inaugurazio ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du bere mintzaldian industrian eta euskal gizartean, oro har, sustraitutako lankidetza kulturaren garrantzia, proiektuak sustatu eta inplementatzeko, “Elkarlan publiko-pribatuari esker, iturri berriztagarrien aprobetxamendua errealitate bihurtu ahal izateko, iraunkorragoa izango den eredu baten bidean, energia trantsizioaren helburuak eta konpromisoak betetzeko ezinbestekoak direnak”.

Bestetik, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Jon Berbel Krean Taldeko zuzendari nagusiak nabarmendu dute erakunde bien irmotasuna lankidetzan eta bide berritzaileetan jarduteko, proiektu berriztagarriak garatzeari begira; baita 26 euskal enpresa inbertitzaileek egindako apustua energia garbien alde ere.

EKIAN. Proiektuaren datu nagusiak

Sustatzaileak

Energiaren Euskal Erakundea (Eusko Jaurlaritza)

KREAN Taldea (Mondragon Korporazioa)

Enpresa partaideak

26

Inbertsioa

24 milioi euro

Kokalekua

Erribera Beitia, Arasur Industrialdea

Azalera

55 hektarea

Panelak

67.000  panel fotovoltaiko polikristalino

Potentzia instalatua

24 MW

Aurreikusitako ekoizpena urtean

40.000 MWh urtean

Saihestutako CO2 emisioak

14.600 tona/urteko

Eraikuntzako obrak

8  hilabete

80.000 lan-ordu

ARASUR industrialdeko “La lágrima” deitutako 55 hektareako hedadura duen industria-finkan dago EKIAN eguzki planta fotovoltaikoa, Erribera Beitia/Ribera Baja udalerrian . Egitasmo aitzindaria da; izan ere, lehen aldiz da sustatzen dela eguzki parke bat lankidetza publiko-pribatuari esker, instalatutako potentziaren zati baten jabeak izango diren enpresen bidez.

KREAN Taldea (Mondragon Korporazioa) eta Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzaren energia agentzia, izan dira EKIAN sustatu duten erakundeak. Horiekin batera, zenbait arlotan (industrian, zerbitzuetan eta administrazioan) diharduten 26 enpresa elkartuk ere parte hartzen dute egitasmoan, instalatutako potentziaren zati bat erosiz; guztira, 24 milioi euro inbertitu dira.

Zortzi hilabete obretan

Lanak 2019ko apirilean hasi ziren, lurraren egokitzearen bitartez, eta zortzi hilabete iraun dute, sistema fotovoltaikoen instalazioa burutu arte. Iragan abenduan lehen ekoizpen probak egin ziren, Irizar konpainiaren autobus elektriko baten kargarekin lehenbizi, eta geroago, planta sare elektrikora konektatuz. 

Era horretan, jada ekoizten den energia elektrikoa banaketa sare orokorrera bideratzen da, kontsumitu ahal izateko. Gaur egun, ekoizpen maila ahalmen pikoaren % 90 da, eta arian-arian, aurreikusitako % 100 lortuko da.

Parkearen ezaugarriak

Dagoeneko Euskadiko eguzki planta handiena den honek 67.000 eguzki panel ditu, eta horietako bakoitzak 355 watt-eko potentzia du. Guztira, instalatutako potentzia 24 MW-ekoa da, urtean 40.000 MWh inguru ekoizteko gai izango dena, urtean 15.000 familiaren elektrizitate premiak asetzeko beste.

EKIANen izango den 24 MWpico-ko potentzia horrek Euskadiren egungo ahalmen fotovoltaikoa bikoizten du; orain arte, euskal geografia osoan zehar dauden instalazio txikien multzoari esker lortu da ahalmen fotovoltaikoa. Datu horrek agerian uzten du proiektu honen garrantzia. Hala, urrats handia da 2030erako ekoizpen elektriko berriztagarrien arloan Eusko Jaurlaritzak duen Energia Estrategiaren helburuak lortzeko. Eguzki energia fotovoltaikoari dagokionez –gaur egun aprobetxatzen den energia berriztagarri guztiaren % 1,4 da–, ehuneko hori bikoiztea da xedea eta hamarkada batean % 4,4 izatea, 293 MW-eko potentzia instalatua lortzeko.

Iruzkin bat
  • @v_en_c
    2020.eko urtarrilak 27

    Comentario de Twitter:
    EKIAN, la mayor planta solar de Euskadi, echa a andar https://t.co/Tt2qy45Oyz

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak