Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euroko laguntza banatuko du hainbat udalerritan 142 ingurumen proiektu egikaritzeko

2020-01-24
  • Proiektu hauetatik, 57 Gipuzkoan garatuko dira; 54, Bizkaian; eta 31, Araban.
  • Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 1,1 milioi euro gehitu ditu hasiera batean dirulaguntzen aginduan emandako zenbatekoan.
  • Laguntzen zati handiena, 1,3 milioi euro, ekintza klimatikorako izango da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak 3,2 milioi euroko dirulaguntza emango du 2019 eta 2020 artean garapen jasangarria sustatuko duten 152 proiektuetan banatzeko. Proiektu horiek udalek, amankomunazgoek, bestelako tokiko erakundeek, tokiko erakunde autonomoek, tokiko garapen agentziek eta tokiko merkataritza sozietateek gauzatuko dituzte. Proiektu hauetatik, 57 Gipuzkoan garatuko dira; 54, Bizkaian; eta 31, Araban. Azken laguntzetarako 1,1 milioi euro osagarri ezarri dira hasiera batean aurrekonturako aurreikusitako kopurua kontuan hartuz.

Laguntzen partida handiena 1.338.772 eurokoa izango da eta klima ekintza proiektuetarako erabiliko da. 29 proiektuk jasoko dute dirulaguntza, eta horren bidez baretze ekintzak - berotegi efektuko gasen emisio garbiak murriztea- eta egokitzapen ekintzak -klima aldaketaren ondorioak gutxitzeko ekintzak- gauzatuko dira.

Proiektu horietan, ibilgailu elektrikoak eskuratuko dira (6 proiektu); aldirietako aparkalekuak eraikiko dira (4 proiektu); bidegorriak edo mugikortasun sortzaileen konexioa lehenesten duten bidegorri konexioak eraikiko dira (10 proiektu); klima aldaketara egokitzeko ekintza planak sortuko dira (5 proiektu) eta horren ondorioak murrizteko egokitzapen neurriak garatuko dira (4 proiektu).

29 proiektu horiek garatu ondoren, urtean 1.133 tona CO2, 3.883 kg NOx  eta partikulen 415 kg gutxituko dira; horrez gain, 7,37 km bidegorri eraikiko dira, 261 aparkamendu plaza sortuko dira udalerri barneetako trafikoa ekiditeko eta klima aldaketara egokitzeko 5 ekintza plan sortuko dira.

Ondare naturala kontserbatzea

Ondare naturala kontserbatzeko dirulaguntza lerroan aniztasun ekologikoa eta geoaniztasuna kontserbatzeko, eraberritzeko edo hobetzeko 29 proiektu daude, eta 711.381 euro jasoko dituzte. Hala, aurreko deialdian lerro horri emandako baliabideak % 40 gehitu dira.

Guztira Natura Sarea 2000ko 14 espazioetan gauzatuko dira dirulaguntza jasoko duten proiektuak; horietatik 8 Gipuzkoan daude, 5 Araban eta 1 Bizkaian. Gainerako proiektuetan, hiri inguruko, baso eremuetako edo inpaktu ezberdinak sufritu dituzten nekazaritza guneetako ingurumena berreskuratuko da, ondare naturalerako interesekoak diren leku bihur daitezen. Horrez gain, bioaniztasuna hobetzeko ekintzak ere gauzatuko dituzte paisaiari eta ondare kulturalari balioa emateko proiektuetan.

Dirulaguntza jasoko duten proiektuetan zuzenean sustatuko da intereseko habitata duten 200 hektarea ingururen kontserbazioa, eraberritzea edo hobekuntza, eta horien artean nabarmentzekoak dira baso naturalak, nagusiki hariztiak, pagadiak eta artadiak; horietan nagusiki masa hobetuko da edo espezie aloktonoek okupatutako eremuak berreskuratuko dira. Deialdian gainera, laguntza ekonomikoa eman da lursailen 12 hektarea erosteko, eta horietan, ingurumena berreskuratzeko jarduketak gauzatuko dira.

Era berean, desagertzeko arriskuan dauden fauna eta flora espezieak kontserbatzeko eta berreskuratzeko proiektuak nabarmendu behar dira. Azpimarratu egin behar dira kiropteroentzako (saguzarrak), anfibioentzako eta narrastientzako egokiak diren habitatei laguntzeko ekintzak. Espezie horietako asko Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan daude, eta bereziki zaurgarriak dira klima aldaketarekiko. Horrez gain, garrantzitsuak dira baita ere basoko hegaztiak edo hildako egurra jaten duten intsektuak.

Ibaiak eta ibaiertzak ere kontuan hartu dira, eta landaredia lehengoratzeko dirulaguntzak emateaz gain, laguntzak eman dira baita ere Ega-Berron, Nerbioi-Ibaizabal eta Kadagua-Ametzaga ibaietako 20 kilometrotan hondakin solidoak garbitzeko. Ekintza horiek guztiak udal erakundeek URA, Uraren Euskal Agentziarekin sinatutako lankidetza protokolo esparruaren barne daude.

Lurzoruak

Deialdi honetan 600.000 euroko aurrekontua eman da kutsatutako lurzoruentzat. Jasotako eskarietan eta egindako balorazio teknikoetan oinarrituz, deialdi honetako kutsatutako lurzoruen lerroaren aurrekontua % 2,61 gehitu da, 17 eskariri erantzuna emateko. Aurrekontua iazko antzera banatu da, eta aurrekontuaren % 44 kutsatuta egon daitezkeen lekuetan ikerketak finantzatzeko izango da; % 37 horrelako lekuetako berreskuratze lanak egiteko; % 6 jada ikertutako kokapenetako ingurumen jarraipena egiteko,  eta % 13 industria hondarretarako.

Dirulaguntza jaso duten ekintzen bidez 66.000 m2-ko azalera ikertuko dute, eta berreskuratze lanen ondorioz eremu horiek hobetuko dira, azalera osoa 24.000m2-koa izango delarik.

 Jasangarritasunerako hezkuntza

Jasangarritasunerako hezkuntza kapituluan, laguntzen 365.000 euroren bidez 371 ikastetxeetako 187.000 ikaslerekin lan egingo da, eta hala, klima aldaketari, elikadura jasangarriari, plastikoaren murrizketari, ekonomia zirkularrari eta hondakinei buruzko ekintzak gauzatuko dituzte.

Ekonomia zirkularra

Bukatzeko, ekonomia zirkularra sustatze aldera, 15 proiekturentzako dirulaguntzak emango dira 245.487 euroko aurrekontuarekin. 15 proiektu horrek garatuta, gaikako bilketa gehituko da eta errefusa murriztu egingo da (aurreikuspenen arabera urtero 1.100 tona gutxiago sortuko dira).

Era berean, erabilera bakarreko plastikozko poltsak murriztu egingo dira, eta materia organikoaren gaikako bilketa gehituko da. Beste helburu bat komunitateko konpostajeko instalakuntzetatik eta jardueretatik eratorritako konpostaren kalitatea kontrolatzeko prozesuak hobetzea da.

Diru-laguntzak jasoko dituzten tokiko erakundeen zerrenda osoa esteka honetan dago ikusgai:

https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2020/01/2000330e.pdf

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan