Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriolak eta Blancok Lezoko eta Jundizko terminal logistiko intermodalak garatzeko protokoloa sinatu dute Madrilen

2011.eko maiatzak 05

 

Iñaki Arriola Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak eta Sustapen ministroak Lezoko (Gipuzkoa) eta Jundizko (Araba) terminal logistiko intermodalak garatzeko lankidetza-protokoloa sinatu dute gaur Sustapen Ministerioan, terminal horiek salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko Plan Estrategikoko salgaien oinarrizko sarean sartuta baitaude Jaurlaritzak proposatuta.

Ekitaldian gainera, plataforma berriak hartuko dituzten autonomia erkidegoetako ordezkariak ere izan dira, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela-Mantxa, Nafarroa eta Extremadurakoak, hain zuzen.

Ministroak eta sailburuak sinatu duten protokoloaren arabera, Jundizko eta Lezoko plataformak logistika eta ekonomia aldetik bideragarria diren jakiteko behar diren azterlanak egingo dira, eta egokiena den sustapen- eta kudeaketa-eredua zehazteko. Terminalen sustapen eta kudeaketarako, ahal dela, ekimen publikoa eta pribatua uztartzen dituen eskema bat baliatuko da.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak bere gain hartuko ditu terminala lurralde eta hirigintza aldetik ondo txertatzeari buruzko azterlanak, bai eta merkatu logistikoaren gainekoak ere. Lan horiek Sustapen Ministerioaren esku jarriko ditu sei hilabeteko epean. Jarraipen Batzorde bat eratuko da lanak koordinatzeko.

Lan horiek oinarri hartuta, eta betiere protokoloaren indarraldia amaitu baino lehen -indarraldi hori urtebetekoa izango da, baina beste urtebete luzatzeko aukerarekin-, Sustapen Ministerioak terminalen bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlan bat egingo du, eta, kasuaren arabera, horiek sustatu eta kudeatzeko formularik egokienak proposatuko ditu, bai eta trenbidearen eta logistikoaren ikuspuntutik eraginkorrena izango den diseinu funtzionala ere.

Arriola sailburuak urrats garrantzitsutzat jo du hitzarmena sinatzea, Euskadin trenbideko salgaien garraioari behin betiko bultzada ematea delako. Sailburuaren aburuz, bi plataformek mesede handia egingo diete hiru lurraldeei, euskal produktuak Europako merkatura eramatea erraztuko duelako, eta enpresak hemen jartzea erraztu, eta errepideak arinduko dituelako.

Lezokoari dagokionean gainera, Pasaiako portuaren sendogarri izango da. Plataforma logistikoari esker, Pasaiako portua lehiakorragoa izango da, salgaien trafiko zabalagoa erakartzeko aukera izango baitu.

Arriolarentzat protokoloak nolabait ere berretsi egiten du Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den salgaientzako Atlantikoko korridorearen aldeko apustua.

Lezoko trenbide-plataforma

Lezo-Gaintxurizketako geltoki intermodalak, 15 hektareako eremua hartuko du, eta Pasaiako  kanpoaldeko portuarekin konektatuta egongo da; horrek portua dinamizatu egingo du eta aukera emango du itsasoz edo errepidez iristen diren salgaiak gero trenean eramateko edo alderantziz. Geltoki intermodal berrian RENFEren, Euskotrenen eta abiadura handiko trenaren lineek egingo dute bat.

Jundizko trenbide-plataforma

Plataformak 48 hektarea inguruko eremua hartuko du, eta estrategikoa izango da, nazioarteko garraiorako salgaiak batetik bestera aldatzeko. Plataformak Bilboko portuarekiko konexioa eskainiko du, eta Forondako eta Loiuko aireportuei emango die zerbitzua. Plataforman RENFEren lineen trazadura berriek eta abiadura handiko trenak egingo dute bat.

Espainia guztian bi trenbide motek bat egingo duten plataforma gutxi izango dira; eta hemen, bietan.

Salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko plan estrategikoa

Sustapen Ministerioaren helburu behinenetako bat da trenbideko salgaien garraioa sustatzea eta intermodalitatea garatzea, garraio-sistema orekatu eta iraunkor bat lortu ahal izateko. Eta politika hori garatzeko, Ministerioak salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko plan estrategikoa egin du (PEITFM). Plana 2010eko irailaren 14an egin zen sektoreko konferentzian aurkeztu zitzaien autonomia erkidegoei.

Planaren barruan salgaien oinarrizko sare bat zehazten da. Sare horrek lehentasunezko terminal logistiko intermodalak hartzen ditu bere baitan, trenbidea katea logistikoan erabat txertatzeko asmoarekin.

Terminal intermodal berri horiek benetako zentro logistiko izateko pentsatuta daude, eta horrek esan nahi du garraioari halako balio erantsi bat eman ahal izango diotela; horretarako, errepideko eta trenbideko sarbideei arreta berezia eskainiko zaie, bai eta zentroen barne diseinuari ere, hartara ibilgailuek egin beharreko maniobrak eta alferrikako kostu operatiboak murrizteko.

Terminal logistiko intermodalak zehazteko lana elkarlanean burutu dute Sustapen Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Eusko Jaurlaritzak bat dator planaren printzipioekin eta uste du beharrezkoa dela Jundizko eta Lezoko terminal logistiko intermodalak garatzen laguntzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)