Eu

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozial bat sendotua eta etengabe berritzen

2020.eko urtarrilak 24
  • “2019ko barometroa. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen datu nagusiak” lanaren aurkezpena
  • Aurkezpen-jardunaldian bertan izan dira Beatriz Artolazabal sailburua, Sergio Murillo diputatua, BBKren Gizarte Ekintzaren Zuzendaria eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko ordezkariak
  • Artolazabal sailburuak iragarri du, 2020tik aurrera, Bizkaiko Hirugarren Sektoreko Behatokia Euskadiko Behatokian eraldatuko dela

 

 Bilbo, 2020ko urtarrilaren 24a

Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak, gaur, urtarrilak 24, “2019ko barometroa. Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen datu nagusiak” lana aurkeztu du Bilborock aretoan. 3.900 erakunde baino gehiago biltzen dituen eta gizarte-eraldaketako bokazioa duen solidaritate antolatu baten adierazpena den sektore baten errealitateari buruzko diagnostikoa egiten da bertan.

Ikerketa-lanean Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek eta sareek hartu dute parte eta, bereziki, Sareen Sareak, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko sareen sareak.

Erakunde horien lana honako honetara bideratua dago: zaurgarritasun edo bazterketa, babesgabetasun, desgaitasun eta/edo mendetasuneko egoerei aurre egiten dieten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak benetan burutzea eta gizarteratzea sustatzera. Era horretan, gizarte solidarioagoa, bateratuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen dute, gizarte zibilaren parte-hartzea bideratuz.

2019ko Barometroak dimentsioaren eta ekarpenaren zifra nagusiak erakusten ditu, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren enpleguari, BPGd-ari eta gizarte parte-hartzearen egituratzeari dagokienez. Hala, txostenaren emaitzen bidez, honako alderdi hauek jorratzen dira: a) Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren osaera eta bertako erakundeen jarduera; b) giza dimentsioa eta baliabide ekonomikoak; c) erabiltzen dituzten kudeaketa-tresnak; d) eta zabalik dituzten barne- eta kanpo-harremanak.

Txosten horren eraketa eta aurkezpena Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala (EHSS) sustatzeko euskal estrategian aurreikusten den Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren egoerari buruzko ikerketa eta ebaluazioko aldizkako zikloaren barne kokatzen dira. Txostenak, bere lehentasunen artean, EHSSa eta bere bilakaera ezagutzea dauka, sektore hori indartzeko eta gizarte-mailan ekarpena egiteko.

Barometroa produktu arin eta erabilgarri bat da eta, laburbilduta, Euskadiko esku-hartze sozial eta ekimeneko erakundeei eta sareei buruzko informazio garrantzitsua eskaintzen du. Datu horiek hurrengo Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zurian —ikerketa-ziklo hori osatzen duen txostena— zabaldu eta zehaztuko dira.

Datuak

Azken 5 urteetan, Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala asko hazi da: Epe horretan sortu diren erakundeen kopurua desagertu direnak baino gehiago dira, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala 3.938 erakunde edukitzera pasatu da.

Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialak 38.525 enplegatu inguru ditu eta 158.599 boluntarioen parte-hartze soziala bideratzen du.

2018an —datu ekonomikoak ditugun azken urtea— erakundeek 1.736 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, euskal BPGd-aren % 2,3ren baliokidea.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azpimarratu du "ikuspegi kuantitatibotik indartsua, bizia, etengabe  hazten ari dena eta gizarte-mailan ekarpen azpimarragarria egiten ari den sektore bat den arren, bere ekarpena, batez ere, kualitatiboa dela”.

Sektore hau batez ere elkartez osatua dago (10etik ia 9). Ibilbide luzeko erakundeak (3tik 1ek 20 urte edo gehiago ditu) eta sortu berriak (% 20) biltzen ditu. Erakundeek zerbitzuak ematea beste funtzio batzuekin uztartzen dituzte, adibidez, sentsibilizazioa eta eskubideen defentsa (% 78,3k biak ematen ditu).

Kasuen % 87,9n erakundeko pertsonen erdia edo gehiago boluntarioak dira. Halaber, erakundeen % 57,2k soldatapeko langileak ditu bertan diharduten pertsonen artean.

2019ko Barometroaren datuen arabera, erakunde berriak gehitu ondoren, hazten eta berritzen jarraitu duen sektore bizia da. Osasuntsu dagoen sektore bat da, pertsona guztien gizarteratzearen alde lan egiten duten soldatapeko pertsona eta pertsona boluntario gehiagorekin. Eta sortzen ari diren testuinguruetara eta beharretara etengabe egokitzen diren eta, gero eta gehiago, beste eragile batzuekin elkarlanean diharduten erakundeak dituzte.

Erakundeen ordezkaritza

Aurkezpen-ekitaldian honako hauek hartu dute parte: Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek; Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako sailburu Sergio Murillok; BBKren Gizarte Ekintzaren Zuzendaria Nora Sarasolak; eta Sareen Sarea erakundeko lehendakari Pablo Gonzalezek. Gainera, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek eta sareek eta Kataluniako Hirugarren Sektore Sozialeko Taula d’Entitats-eko Anna Albaredak hartu dute parte.

 

Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokia www.3sbizkaia.org Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK Fundazioak eta EDE Fundazioak bultzatzen duten eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza jasotzen duen —bereziki Euskadi osorako jardueretan, adibidez, 2019ko Barometroa— Hirugarren Sektorea sustatzeko programa bat da.

Artolazabal sailburuak gaur iragarri du 2020an bertan Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokia jarriko dela martxan. Behatoki hori Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoa jarraituz jarriko da abian eta Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak egindako lan bikainari —2006an abian jarri zenetik— emango dio jarraipena. “Euskal Behatokia sareko proiektu bat egin nahi dugu, orain arte Bizkaiko Hirugarren Sektorearen Behatokiak egin duen esfortzuaren oinordeko gisa. Lan horri esker, hirugarren sektore sozialaren gainean eta hirugarren sektore sozialarentzat erreferente bihurtu da, baita administrazio publikoentzat eta hura sustatzen interesa duten beste eragile batzuentzat ere".

Hirugarren Sektore Sozialeko Euskal Behatokia EAEko Administrazio Nagusiaren tresna tekniko bat da. Administrazio orokor hori informazioa eta ezagutza biltzeaz, sistematizatzeaz, eguneratzeaz eta sortzeaz arduratzen da, baita horiek hedatzeaz ere, hirugarren sektore sozialarekin eta bertan sartuta dauden erakundeekin eta sareekin lotutako mailetan.  Bere eskuduntzak garatzean, Behatokiak erakundeekin eta sareekin elkarlanean jardungo du.

2020 urtean, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Liburu Zuria —Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala sustatzeko neurriei buruzko txostena— amaitzen jardungo du, aldaketa soziokulturalerako erakundeen ekarpenari buruzko ikerketa-proiektu bat (pertsonenganako pertzepzioak, jarrerak eta jokabideak aldatzea) egingo du, eta gizarte-berrikuntza eta erakundeen kudeaketarekin loturik, batez ere, hainbat jardunaldi, tailer edo mintegi antolatuko ditu. Eta proiektu berria jarriko du abian.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu Sergio Murillo; BBKren Gizarte Ekintzaren Zuzendaria Nora Sarasola; eta Sareen Sarea erakundeko lehendakari Pablo Gonzalez