Berriak Lehendakaritza
Eu

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak hezkuntza arloko eragileei zuzendutako hezkidetzaren inguruko gida sortu du

2020.eko urtarrilak 24

 

Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEAk) gizarte konprometitu eta kritiko bat eraikitzeko ekarpena egin nahi du. Helburu horrekin, (H)ABIAN 2030 Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzaren Euskal Estrategiaren baitan, sortu ditu “Hezkidetzan hezitzeko gida” eta azalpen bideoa. 2017ko urriaren 27ko I. Heziketa Topaketan metodologiaren gainean atera ziren hausnarketekin eta ikaskuntzekin prozesu hezkidetzaileak abiatzeko lan gida da.

GLEAk Heziketa Topaketa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin batera antolatzen du, eta helburua da hezkuntza-eragileen eta Gobernuz kanpoko Erakundeen (GKEE) arteko hausnarketak, planak, ikerketak eta esperientzia zehatzak partekatzea.

“Hezkidetzan hezitzeko gida” topaketa horietatik etorriko diren beste hainbat argitalpen eta ikus-entzunezkoen lehenengoa da. Hezkuntza arloko eragileei laguntzeko pentsatua dago, eta askotariko ikuspegi metodologikoak txertatzeko gakoak, ikusmoldeak, metodologiak, estrategiak eta baliabideak emateko xedez egin da.

Hurrengo gida eta bideoa 2018an eta 2019an antolatutako II. eta III. Heziketa Topaketan sortutako hausnarketa eta ikasketetatik abiatuz egingo dira, eta prozesu inklusiboak eta parte-hartzaileak jorratuko dituzte.

Nabarmentzeko da, Heziketa Topaketako hezkidetzaren inguruko lana zein giden eta bideoaren sorkuntza Hezkuntza Sailarekin eta Emakunderekin batera egindakoak direla.  Arremanitz kooperatibaren eta Curruscu estudioaren laguntzarekin ere egin dira.

 

IV. Heziketa Topaketa, otsailean

IV. Heziketa Topaketa datorren otsailaren 14an, ostirala, egingo da Donostiako Aiete Jauregian. “IKTetatik IETetara, ikaskuntzarako teknologien inguruko hurbilketak eta esperientziak” izenburupean, ikaskuntzarako teknologiei buruzko informazioa, ikerketak eta esperientziak aurkeztuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak