Berriak Hezkuntza
Eu

Lanbide Heziketa Dualak ikasle eta enpresa kopurua gehitzen jarraitzen du

2020.eko urtarrilak 24
  • Handitu egin da Lanbide Heziketa Dualean parte hartzen duten enpresen eta ikasleen kopurua: ikasturte honetan 2.639 ikasle eta 1.435 enpresa dira

  • Lanbide Heziketako matrikulazio osoa %1,85 igo da, lan-egoerak hobera egin arren

  • Ziklo industrialetan nesken presentziak gora egiten jarraitzen du: joan den ikasturtean baino %12,3 gehiago dira aurten

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako sailburuordearekin batera, Lanbide Heziketak izan duen bilakaeraren inguruko datuak ezagutarazi ditu gaur Bilbon. Zehazki, sailburua eta sailburuordea matrikulazioaren bilakaeraz, Lanbide Heziketan neskek duten presentziaz, Lanbide Heziketa Dualaz eta heziketa eredu honen inguruan enpresek, ikastetxeek zein ikasleek duten asebetetze mailaz aritu dira.

Lehenik, Lanbide Heziketako matrikulazioetan 2019-2020 ikasturte honetan ere izan den gorakada nabarmendu nahi izan du sailburuak, nahiz eta testuinguru ekonomikoak bestelakorik pentsarazteko aukera eman. Lanbide Heziketak, oro har, %1,85eko hazkundea izan du matrikulatan, 43.140 ikasleko kopurura iritsirik. Ikasle hauen guztien artean %55,31k zerbitzuekin loturiko zikloen aldeko hautua egin dute, eta %44,69k industrialen aldekoa. Horrela bada, ikasle kopurua gehiago igo da ziklo industrialetan, %2,53 igo baita hauetan iazko ikasturtearekin alderatuta. Zerbitzuen sektoreari lotutako zikloetan, berriz, %1,31 izan da gorakada.

Neska gehiago ziklo industrialetan

Heziketa ziklo industrialetan, nesken presentziak bilakaera positiboa izaten jarraitzen du. Ikasturte honetan, ziklo industrialen aldeko aukera egin duten nesken kopuruak %12,3 egin du gora: iazko 1.776 ikasletik, aurten ziklo horiek ikasten ari dien 1.994 ikasleko kopurura pasa da aurten. Igoera honekin, ziklo industrialetan dauden ikasle guztien %11,13 dira emakumeak. Zerbitzuen eremuko heziketa-zikloetan, ikasleen %52,89 dira emakumeak.

Ikasketak burutzeko ikasleek aukeratu dituzten hizkuntza-ereduei dagokienez, matrikulen bilakaerak adierazten du %18,7ko igoera izan dela B ereduan, eta %5,17koa D ereduan, aurreko ikasturtearekiko. A ereduak gehiengoa izaten jarraitzen du, baina % 4,53 egin du behera.

Are esanguratsuagoa da hizkuntza-eredu horiek (B eta D ereduek) izan duten igoera, bost ikasturte atzera begi jarriz gero. 2015-2016 ikasturtean, ikasleen %25,13k B edo D ereduetan egiten zituzten Lanbide Heziketako ikasketak. Ikasturte honetan  ehuneko hori %41,21era iristen da.

Lanbide Heziketa Duala eta lan munduan txertatzea

Aurkezpenean, Lanbide Heziketa Duala izaten ari den bilakaera ere xehe azaldu dute sailburuak eta sailburuordeak. 2.639 ikasle ari dira aurten ikasketak eredu dualean burutzen (aurreko ikasturtean 2.295 ziren), prestakuntza mota honetan parte hartzen duten 1.435 enpresen bidez (aurreko ikasturtean 1.235 enpresa ziren). Lanbide Heziketa Duala 104 ikastetxetan eskaintzen da, iaz baino zazpi gehiagotan.

Gauza jakina da formazio onak eragin zuzena du ikasleen prestakuntza egokian, eta ondorioz, lan munduan txertatze maila ere hobea izan ohi da. Horrela bada, azpimarratzekoa da Lanbide Heziketa Dualean aritu diren ikasleek duten enplegagarritasun maila altua. 2018-2019 ikasturteko datuak aintzat hartuz, ikasle hauen artean %91k ikasketak amaitu eta hurrengo egunean izan zuten lan kontratua.

Asebetetze maila handia

Prestakuntza dualean parte hartu duten enpresek, ikastetxeek eta ikasleek beren iritzia eman dute prestakuntza-modalitate horri buruz, gogobetetze-inkesta baten bidez.

Inkesta horrek asebetetze-maila handia erakusten jarraitzen du Lanbide Heziketa dualean parte hartzen duten hiru kolektibo horien artean. Enpresen artean, nabarmentzekoa da %95,5ek hurrengo deialdian berriro ere Lanbide Heziketa Dualeko ikasle bat hartuko luketela. Enpresek Lanbide Heziketa Dualari buruz egiten duten balorazio orokorra 10 puntutik 8,8-koa da. Ikasleen kasuan ere, hauek prestakuntza dualean izan duten esperientziari buruz egiten duten balorazioa 8 puntura iristen da. Esperientzia horrek ahalbidetu dizkien ezagutza eta gaitasun teknikoak 8,4 puntu emanda baloratu dituzte ikasleek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak