Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Langabezia % 1,06 igo da apirilean

2011.eko maiatzak 04

Gizarte Segurantzan 671 afiliatu gehiago daude

LANBIDEren bulegoetan erregistratutako Euskal Autonomia Erkidegoko langabetuen kopurua 1.604 pertsonatan hazi da 2011ko apirilean, eta horrek % 1,6ko hazkundea izan dela esan nahi du, aurreko hilarekin alderatuta.

"Langabeziaren igoera hori berri txarra da, baina horren arrazoia ez da lanpostuak suntsitu izana; izan ere, apirilean 671 afiliatu gehiago izan baitira Gizarte Segurantzan, eta urtarrilaren 1etik 3.971 gehiago", azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Langabeziaren igoera, batez ere, biztanleria aktiboaren hazkundeari zor zaio. Alegia, lehen lanik egiten ez zuten eta Lanbideren enplegu-eskatzaileen erregistroan agertzen ez ziren zenbait pertsona orain lan bila hasi dira, familian lan egin ohi izan duen pertsonak lana galduko balu ere. Horrekin batera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak interes handia piztu du herritarren artean, eta horren froga da erabiltzaileen kopurua hazi izana, 2010eko abenduan 114.272 izatetik 2011ko apirilean 142.000 izatera.

Apirilean langabeziak gora egin duen arren, "Euskadi da oraindik Estatuko langabezia tasa txikiena duen erkidegoa, eta langabezia kobratzen dutenen tasa handiena duena", azpimarratu du sailburuak. Zabaletak aurreratu duenez, Elkarrizketa Sozialeko Mahairako dei egingo du (Gobernuak, sindikatuek eta enpresaburuek osatzen dute) egoera aztertzeko, eta Euskadiko eskualde guztiak bisitatuko ditu pertsonalki, enpleguaren beharrak lehen eskutik ezagutzeko. Sailburua Irungo alkatearekin bildu da gaur bertan, eta bihar gauza bera egingo du Portugaletekoarekin.

Gizonen langabezia % 1,68 hazi da, 1.241 langabetu gehiagorekin. Bestalde, emakumeen artean hazkundea % 0,47koa izan da, 363 emakume gehiago baitaude lanik gabe. Adinei erreparatuz, 35 eta 44 urte bitartekoek nozitu dute langabeziaren igoera nabarmenena, eta horren ondoren 25 eta 34 urte bitartekoek, % 1,11ko hazkundearekin.

Eraikuntzaren sektorean 662 langabetu gehiago izan dira (% 1,59), eta industrian 173 gehiago, (% 0,72). Zerbitzuetan ez da ia aldaketarik izan, langabeziak oso igoera txikia izan baitu, % 0,06koa (martxoan baino 61 langabetu gehiago). Lehen sektoreari lotutako langabetuak 95 gehiago izan dira, eta lan-esperientziarik gabekoak 613, hau da, % 4,7 gehiago.

Langabeziaren hazkunde handiena izan duten jarduera adarrak ondokoak izan dira: eraikuntza espezializatuko jarduerak (444), hezkuntza (326), eraikinen eraikuntza (194) eta janari eta edari zerbitzuak (151). Bilakaera hoberena izan dutenak, berriz, ondokoak izan dira: egoitza-laguntza (-212), osasun-jarduerak (-145), txikizkako merkataritza (-71), eta ostatu gabeko gizarte-jarduerak eta -zerbitzuak (-71).

Apirilean azpimarratzekoa izan da langabeziak Araban izan duen murrizketa, 1.461 langabetu gutxiagorekin; Gipuzkoan, berriz, pixka bat hazi da langabezia, 670 langabetu gehiagorekin, eta igoera nabarmenena Bizkaiak nozitu du, 2.395 langabetu gehiago baitzeuden lurralde horretan.

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)