Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 48 zinema-proiektu babestu zituen 2019. urtean, hiru diru-laguntza deialdi irekiren bitartez

2020.eko urtarrilak 23
  • Jaurlaritzak 2.664.000 euro bideratu zituen gidoien idazmena, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ikus-entzunezko ekoizpena babestera.

 

Gasteiz, 2020/01/23       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 48 zinema-proiektu babestu zituen bukatu berri den 2019. urtean, bere hiru diru-laguntza deialdi irekien bitartez. Jaurlaritzak, guztira, 2.664.000 euro bideratu zituen gidoien idazmena, ikus-entzunezko proiektuen garapena eta ikus-entzunezko ekoizpena babestea xede duten hiru laguntza-lerroetara. Deialdi horiez gain, Sailak bestelako bideak ere sustatzen ditu ikus-entzunezkoa babesteko: Zineuskadiren eta Euskadiko Filmategiaren bitartez, arlorako diru-laguntza izendunei esker edota zine-jaialdien bidez, bai eta EiTBk euskal zinemagintzari ematen dion laguntzaren bitartez ere.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak zinemaren arloa babestea xede duten hiru laguntza-lerro deitzen ditu urtero-urtero. Lehenik eta behin, Jaurlaritzak abian jartzen du ‘Kultur sormena’ bultzatzeko diru-laguntza deialdia. Zazpi modalitateen bitartez, kultur-sektore ezberdinak babesten dira, eta horietako batek zinema-gidoien idazmena du xede. Iaz, 104.000 euroko aurrekontua izan zuen eta 8 zinema-proiektu babestu zituen, horietako bakoitzari 13.000 euroko laguntza emanez. Cacereño (Francisco Javier Barco); Auzia (Simon Fuchs); Garrasi Mutuak (Ainara Mentxaka); edo Mirari (Maider Fernandez) izan ziren deialdi honen bitartez babestuko proiektuetako batzuk.

Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratu zituen 2019. urtean ‘Ikus-entzunezko proiektuen garapenaren aldeko diru-laguntzak’ izeneko deialdira. Deialdi horren bitartez 16 proiektu babestu ziren eta 11.784 eta 22.380 euro bitarteko diru-laguntzak jaso zituzten. Honako hauek izan ziren babestutako zenbait proiektu: 3.000 obstáculos (Irusoin); Robot Dreams (Aixerrota Films); El asesinato de Anna Thorwald (Moriarti Produkzioak); edo Cenicienta Enmascarada (Myriam Ballesteros Producciones).

Halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Ikus-entzunezkoen produkzioaren aldeko diru-laguntzak’ izeneko diru-laguntza deialdia deitzen du urtero, ekonomikoki garrantzitsuena. Laguntza-lerro honek lau modalitate biltzen ditu eta 2.260.000 euroko aurrekontua izan zuen iaz. Lehen modalitateak ‘Fikziozko film luzeak’ du izena. Iaz, guztira, 1.606.824 euro eman ziren modalitate honen bitartez eta ikus-entzunezko bost proiektu babestu ziren, 269.194 eta 350.000 euro bitarteko laguntzak eskainiz. Todas las lunas/Ilargi guztiak (Ilargi Films); Irati (Ikusgarria Films); eta Nora (Gariza Produkzioak) deialdi honen bitartez babestu ziren proiektuen artean daude.

Bigarren modalitatea ‘Aurrekontu txikiko fikziozko film luzeak’ delakoa da, eta 209.976 eurokoa aurrekontua izan zuen iaz. Modalitate honen bitartez bi diru-laguntza eskaini ziren, Retrato de mujer blanca con pelo cano y arrugas eta Deviant lanentzat (biak Amania Films-enak dira). Hirugarrenik, 2019. urtean 282.200 euro bideratu ziren ‘Sortze-dokumentalak’ izeneko modalitatera, eta 24.000 eta 60.000 euro bitarteko 6 diru-laguntza eman ziren. Hona hemen diruz lagundutako proiektuetako batzuk: Arzak since 1897; (Bainet Teknika); El viaje más largo (Dibulitoon); eta Itoiz (Doxa Producciones).

Azkenik, film laburren modalitateetan 5.835 eta 20.000 euro bitarteko 11 diru-laguntza eman ziren (modalitate honek 160.000 euroko aurrekontua du). Puzzleak (Komiki Films); Heltzear (Irusoin) eta Polvo Somos (Sirimiri Films) izan ziren diruz lagundutako zenbait proiektu.

Zinema babesteko bestelako ildoak

Legegintzaldi honen hasieran Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ikus-entzunezkoa sustatzeko laguntzak % 35 igo zituen, “proiektuen garapen-prozesua sendotu eta talentu berrien agerpena babesteko”. Bestalde, ikus-entzunezkorako proiektuetarako diru-laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak zinemagintza babesteko beste bide batzuk ere baditu: Zineuskadi (Europa Sortzailea, Zinema Euskaraz, Basque Audiovisual…), Euskadiko Filmategia, sektoreko elkarteei ematen zaizkien diru-laguntza izendunak (IBAIA, EPE/APV, Eiken eta Euskal Gidoigileak elkarteentzat izan ziren iaz) edo Donostiako Zinemaldia, Zinebi eta Mendifilm bezalako zinema-jaialdiek jasotzen duten babesa. Azkenik, EiTBk euskal zinemagintzari ematen dion laguntza ere funtsezkoa da Euskadin ekoizten diren zinema-proiektu nagusienak aurrera atera ahal izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak