Berriak Ogasuna eta Ekonomia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak 2019an Euskadiko ekonomiak %2,2ko hazkundea izan zuela baieztatu du

2020-01-24

Hiru Hileroko Kontu Ekonomikoen Aurrerapenaren Balorazioa, 2019ko 4. Hiruhilekoa

EUSKO JAURLARITZAK 2019AN EUSKADIKO EKONOMIAK %2,2KO HAZKUNDEA IZAN ZUELA BAIEZTATU DU

  • Kanpoko mehatxuek markatutako testuinguruan, euskal ekonomiaren jarduna arrakastatsua izan da
  • Hazkunde erritmoan lortu den egonkortasuna zerbitzu sektoreak eragin du, batez ere
  • Enpleguari dagokionez, batez besteko hazkundea % 1,6koa izan da (lanaldi osoko 15.600 lanpostu)
  • Eusko Jaurlaritzak BPGren % 1,9aren hazkunde aurreikuspenari eusten dio

 Eusko Jaurlaritzak % 2,2 hazkunde-aurreikuspena baieztatu du 2019rako, laugarren hiruhilekorako Eustatek egindako hiruhileko Kontuen Aurrerapenean erakusten den bezala. Era horretan, gobernuak uste du dezelerazio guztia 2018ko bigarren erdialdean eta 2019ko lehen hiruhilekoan gertatu zela. Ordutik ia etengabe eutsi zaio hazkunde erritmoari.

Batik bat kanpotik egindako mehatxuek eragindako testuinguru txarrean –garrantzitsuenak Estatu Batuen eta Txinaren arteko gerra komertziala, Erresuma Batua Europar Batasunetik irteteko akordiorik eza, eta isuriei buruzko Europako araudi berriak eragindako automobilgintzaren krisia–, euskal ekonomiak % 2,2ko hazkundea izan du. Gogorarazi behar da, oraindik behin-behineko datuak badira ere, Estatu Batuek % 2,3 handitu dutela beren BPG, Japoniak % 1,0, Alemaniak % 0,6, Espainia % 2,0 inguruan egongo dela eta Frantzia eta Erresuma Batua % 1,3 inguruan.

Beraz, “2019an euskal ekonomiaren jarduna arrakastatsua izan da”, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi bezala.

2019an zehar hazkunde erritmoari zerbitzuen sektoreak eman dio batez ere egonkortasuna, nazioarteko merkataritzaren gorabehera guztietatik kanpo egon baita. Industriak, bestalde, automobilgintzaren krisia eta jomugako merkatuen inguruko ziurgabetasuna jasan ditu.

Horren guztiaren ondorioz, 2018ko bigarren erdialdeko moteltzea izugarria izan zen (bigarren hiruhilekoan hazkundea % 3,5ekoa izatetik laugarrenean % 0,3koa izatera igaro zen), baina 2019an zehar, eta zailtasunekin bada ere, errekuperatu egin da. Azkenik, 2018an eraikuntzak izan zuen boomaren ondoren, 2019an zehar haren balio erantsiaren igoera leunduz joan da.

Enpleguari dagokionez, 2019ko batez besteko igoera % 1,6koa izan da. Aurrerapen horrek, euskal ekonomian lanaldi osoko 15.600 lanpostu berri sortu direla erakusten du. Enpleguaren hazkunde erritmoa leundu egin dela hautematen da, BPGan antzematen ez bada ere, eta horrek % 0,6 arteko produktibitate-irabazien susperraldi txikia dakar. Horren azalpena industriaren ahultasunak ematen du, hori baita aldagai horren igoerari ekarpen handiena egiten dion sektorea.

Azken batean, Eustaten aurrerapen-datuek sentsazio onak uzten dituzte urte zail batean, eta 2020rako aurreikuspenari % 1,9an eustea ahalbidetzen dute. Eusko Jaurlaritzak gaineratu duenez, erakunde batzuek azken aldian egin duten iragarpenaren arabera, urte honen bigarren erdialdean Europako ekonomia igotzen has daiteke, eta nazioarte mailan behera egiteko oraindik dauden arriskuak bertan behera geratuko lirateke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)