Berriak Osasuna
Eu

Osasuneko sailburu Nekane Murgak Euskadik zuzenduko duen Europako ADLIFE proiektua abiarazteko bileran parte hartu du gaur Bilbon

2020.eko urtarrilak 21

Osasuneko sailburuak azpimarratu du Euskal Osasun Sistemak ahalmen handia duela ikerketa garatzeko, oso trebatuta eta espezializatuta dauden profesionalak, goi-mailako ekipamendua eta informazio-sistema integratuak baititu

Proiektuan, Europako bederatzi herrialdek parte hartzen dute, gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten adinekoei eta haien familiei arreta integratua, koordinatua, aldez aurrekoa eta pertsonalizatua emateko

 

Osasuneko sailburu Nekane Murgak Europako ADLIFE proiektua abiarazteko bileran parte hartu du gaur Bilbon, datozen lau urteetan Euskadik zuzendutako proiektu hori garatuko duten eta, beraz, aurrean erronka handia izango duten Europako bederatzi herrialdeetako (Erresuma Batua, Polonia, Alemania, Danimarka, Suedia, Israel, Turkia, Belgika eta Espainia) 40 ikertzailerekin batera.

Eskaini duen hitzaldian, Osasuneko sailburuak azpimarratu du Euskal Osasun Sistemak ahalmen handia duela ikerketa garatzeko, oso trebatuta eta espezializatuta dauden profesionalak, goi-mailako ekipamendua eta informazio-sistema integratuak baititu.

Nekane Murgak adierazi duenez, duela urte batzuez geroztik Eusko Jaurlaritza ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten ari da, Europako herrialdeen ildotik, kalitate-mailarik handienak ziurtatzeko eta gizarte modernoen erronkei aurre egiteko (hala nola zahartzeari, kronikotasunari eta mendekotasunari). Ildo horretan, Euskadik zahartze aktibo eta osasungarrian eskualde-berrikuntza bultzatzeko, zahartzen ari diren herritarren bizi-kalitatea hobetzeko, osasun-zerbitzuen eta gizarte-laguntzaren prestazioa hobetzeko eta eskualdean hazkunde ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatzeko egindako lanak Europako Batzordearen aintzatespena jaso du “reference site” gisa, bikaintasun-ziurtagiriarekin, eta kalifikaziorik handiena lortu du (lau izar). Horrela, beraz, Euskadi erreferentzia bihurtu da beste eskualde batzuentzat zahartze aktiboa eta osasungarria era integralean lantzeko jardueran.

Azkenik, sailburuak azpimarratu du Euskadik osasun-zerbitzuen inguruko ikerketaren alde egiten eta ikerketa hori garatzen jarraituko duela, Europako helburuen ildotik (Horizonte Europa), berrikuntza digitalaren ahalmena baliatuta osasun-sistema hurbilerrazak, erresistenteak eta jasangarriak lortzeko.

 

ADLIFE, “Integrated personalized care for patients with advanced chronic diseases to improve health and quality of life”

Euskal Osasun Sistemak, Kronikgune Osasun Zerbitzuen Ikerketa Institutuaren bitartez, Europako bederatzi herrialdeko 11 erakundek ADLIFE proiektua garatzeko osatutako partzuergoa koordinatuko du. Proiektua proiektu pilotuen bidez zabalduko da zazpi herrialdeko osasun-sistemetan, honako hauek barnean hartuta: Euskadi (Osakidetza), Erresuma Batua (NHSL Lanarkshire), Danimarka (Southern Denmark), Polonia (FALKHOSP Lower Silesia), Alemania (Werra-Meißner Kreis), Suedia (Jämtland Härjedalen eskualdea) eta Israel (Maccabi Healthcare Services). Proiektu horretan, 5 ospitale, klinika eta lehen mailako arretako zerbitzutan diharduten osasun-arloko 600 profesional inguruk, 800 pazientek baino gehiagok eta 1.200 zaintzailek baino gehiagok parte hartuko dute.

Proiektuak ia 5 milioi euroko aurrekontua du guztira, eta gaixotasun kroniko aurreratuak dituzten adinekoei arreta integratua, koordinatua, aldez aurrekoa eta pertsonalizatua ematea eta, era horretan, haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea du helburu.

Zehazki, gaixotasun larria eta kronikoa eta, funtzionalitate eta gaitasunen murrizketaren ondorioz, bizi-itxaropenaren murrizketa potentziala duten 55 urtetik gorako pazienteei zuzenduta dago. Lau urtetan garatuko den soluzio berritzaileak arreta-planen pertsonalizazioa erraztuko du, eta pertsona horien premiei eta lehentasunei erantzun bizkorra eta goiztiarra emateko ahalmena hobetuko du (premia eta lehentasun horiek denboran aldakorrak direla kontuan hartuta). ADLIFE proiektuak erabaki klinikoak hartzeko laguntza eskainiko du. Era horretan, tratamendua proposatzeaz gain, pazienteen sintoma eta premia aldakorrak zehaztasun handiagoarekin identifikatu ahal izango dira, eta osasun-arloko profesionalei zuzendutako alarmak sortuko dira. Proiektuak, halaber, pazienteari bere osasunaren kudeaketan parte hartzeko aukera handiagoa emango dioten zerbitzu espezifikoak ematea erraztuko du.

Gainera, ADLIFE proiektuaren soluzioen barruan, hainbat tresna teknologiko sartuko dira, hala nola arreta pertsonalizatuko planak kudeatzeko plataforma bat, erabaki klinikoak hartzen laguntzeko zerbitzuak, elkarreragingarritasun-soluzioak eta pazienteak ahalduntzeko plataforma bat. Proiektuak erabiliko dituen soluzio digital pertsonalizatuak eta babes-soluzioak Europako H2020, C3-Cloud eta Power2DM proiektuetan garatu dira, eta Europako hainbat herrialdetako osasun-sistema errealetan (Osakidetzan, besteak beste) baliozkotu dira.   

 

Ikerketa eta berrikuntza Euskal Osasun Sisteman

Ikerketak eta berrikuntzak Osasun Sailaren ildo estrategikoetako bat osatzen dute, biak ezinbestekoak baitira osasunaren inguruko emaitzak hobetzeko, osasun-sistema eraldatzeko eta euskal gizartearen garapen ekonomiko eta sozialean laguntzeko. Ildo estrategiko gisa, Osasun Sailak Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia 2020 (EIIS2020) aurkeztu zuen 2016an, Euskal Osasun Sistema Publikoan ikerketara eta berrikuntzara berariaz bideratutako lehen estrategia izan zena, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 ZTBP Planerako ekarpen gisa, berriz, Espezializazio Adimentsuko Estrategia (RIS3) aurkeztu zuen.

Zehazki, I+Gko jardueretan inplikatutako profesionalak 2.804 izan ziren, eta haietako gehienak aldi berean laguntza-jarduera eta ikerketa-jarduera egiten duten osasun-arloko profesionalak dira. 2018. urtean, Euskal Osasun Sistemak kanpoko finantzaketa zuten 687 ikerketa-proiektutan (45 nazioartekoak ziren, batez ere Europakoak) eta 778 azterketa klinikotan parte hartu zuen. Gainera, garapen-fasean zeuden 298 berrikuntza-proiektutan hartu zuen parte.

Lan hori egiteko, Bioaraba, Biocruces Bizkaia eta Biodonostia osasun-ikerketako institutuez gain, Kronikgune dugu gure osasun-sisteman. Lehen hirurek ikerketa traslazionala garatzen dute ikerketa biomedikoaren esparruan, eta Kronikgunek, berriz, osasun-zerbitzuen ikerketaren esparruan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 21a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak