Berriak Hezkuntza

Urruzunotarrak Gehituz Lehiaketa 2020: literatura sormena lantzeko gonbidapena Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleei

2020-01-17
  • Lehiaketara lanak aurkezteko epea zabalik da otsailaren 28ra arte, prosan nahiz poesian, euskaraz idatziriko lanentzat
  • DBHko 3.eta 4.mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei zuzendua
  • Hezkuntza Sailak antolatzen duen lehiaketa 35. ediziora iritsi da aurten

Hezkuntza Sailak ireki du 2019-2020 ikasturteko Urruzunotarrak Gehituz literatura lehiaketara lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian, otsailaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak. Duela hiru hamarkada baino gehiago sortu zen lehiaketa hau, euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko, eta gazteok euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko helburua bere eginda. Ordutik, Urruzunotarrak Gehituz erreferentziazko lehiaketa bihurtu da euskal kultur eremuan, eta bertan garaile izan diren hainbat neska-mutil dagoeneko ez hain gazteren sinadurak ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultur-sormenarekin loturiko beste edozein esparrutan.

Parte hartu nahi duten ikasleek kontuan izan beharreko oinarriak honako hauek dira, nagusiki:

  • Literatura lanak aurkezteko epea zabalik dago 2020ko otsailaren 28ra arte (egun hau barne)
  • Bi kategoria bereizten dira, ikasleen ikasmailaren arabera:
    • B kategoria, DBHko 3. eta 4. mailetako ikasleentzat;
    • A kategoria, Batxilergoko lehen eta 2. mailetakoentzat, eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetan ari direnentzat.
  • Literatura lanek originalak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura-saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, bai poesiaz bai prosaz. Gaia librea izango da.

Lehiaketaren oinarriak xeheago, eta parte hartzeko orria argitaratuta daude honako esteka honetan: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2020/urruzunotarrak-gehituz/web01-tramite/eu/

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu aurkeztutako guztien artetik: 10 lan kategoria bakoitzeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.

Idazlanik onenak aukeratzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:

  • Sorkuntza eta irudimena.
  • Testuaren ezaugarri literarioak.
  • Idazlanaren arintasuna eta lotura.
  • Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

Literatura egonaldia

Lan sarituen egileek, bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte, une oro zenbait euskal idazleren laguntzaz. Sormen-lanean sakondu eta literatura-zaletasuna pizteko aukera paregabea idazle gazte hauentzat.

Joan den 2018-2019 ikasturtean Bigarren Hezkuntzako ikasleen 175 literatura lan aurkeztu ziren Urruzunotarrak Gehituz literatura lehiaketara. Irabazleek, Zugarramurdiko Graxiana aterpetxean egin zuten bost eguneko egonaldia Yolanda Arrieta, Jon Martin, Fernando Morillo edo Itxaro Borda lagun zituztela, besteak beste.

Urruzunotarrak. Hiru hamarkadako ibilbidea

Gaur egungo Urruzunotarrak Gehituz literatura lehiaketa, Hezkuntza Sailak 1986an lehen aldiz banatu zituen Urruzuno literatura sarien oinordeko zuzena da. Ikasleen artean euskaraz idazteko zaletasuna indartzea helburu izan duen ekimena, 35. ediziora iritsi da beraz, 2019-2020 ikasturte honetan. Prosan nahiz poesian, belaunaldi gazteenek euskaraz sortutako literatura lanak zabaldu ditu lehiaketak urtez urte. Baina helburu hau ez da asmo hutsean gelditu, eta azken hamarkadetako jardunak ondo frogatu du lehiaketak bere xedea ongi bete duela. Irabazle horietako asko euskal kultur munduan sinadura ezagunak dira gaur egun, bai literaturan, kazetaritzan, bertsolaritzan edo zinemarako gidoigintzan, beste zenbait arloren artean. Dagoeneko 500dik gora dira ekimen honek saritu dituen “urruzunotarrak”, eta zerrenda horretan izenak “gehituz” doaz, urtez urte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)