Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak hasiera eman dio ADOS batzordearen eta euskal meskitetako imamen arteko lehen bilerari

2020.eko urtarrilak 17
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Iñigo Urkulluk aholku-batzorde horrek bultzatutako Bizikidetzaren aldeko Manifestua aurkeztu du
  • Giza duintasuna errespetatzen duen eta politikaren eta erlijioaren gainetik dagoen etikan oinarritutako bizikidetza-kultura bat partekatzeko gonbita egin du
  • Manifestuak bost konpromiso handi azpimarratu ditu: giza eskubideak, aniztasuna, genero-berdintasuna, elkartasuna eta bizikidetza
  • Topaketan, euskal meskitetako imamen eta Ados batzordearen arteko komunikazio-sare bat sortzea erabaki da

Iñigo Urkullu lehendakariak ADOS Batzordearen eta euskal meskitetako imamen arteko lehen bileran parte hartu du gaur arratsaldean, eta Euskadiko komunitate islamikoekin lankidetzan jarduteko sortu den aholku-batzorde horrek bultzatutako Bizikidetzaren aldeko Manifestua aurkeztu die imamei. Topaketa Lehendakaritzan egin da, eta euskal meskitetako 39 imamek hartu dute parte.

2017-2020ko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren jarduera-esparru nagusietako bat erlijioen arteko bizikidetza da. Esparru horretan, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak bere gain hartu zuen, 2017ko ekainaz geroztik, sailarteko lantalde baten koordinazioa, euskal komunitate islamikoarekin lankidetzan bizikidetza sustatzera bideratutako oinarrizko dokumentu bat lantzeko.

Lan-prozesu horretatik, Eusko Jaurlaritzak euskal komunitate islamikoarekin batera bizikidetza sustatzeko abiarazitako eta Gobernu Kontseiluak 2018ko apirilaren 10ean onartutako Jarduketa Programa sortu zen. Plan horren edukirik adierazgarrienetako bat Euskadiko komunitate islamikoekin lankidetzan jarduteko Aholku Batzordea sortzeko proposamena da. ADOS izeneko Batzordea da, hain zuzen ere, 2018ko apirilaren 14an Iñigo Urkullu lehendakariak zuzendutako ekitaldi batean publikoki aurkeztu zena.

ADOS Aholku Batzordean, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailetako, Foru Aldundietako eta EUDELeko ordezkariak eta Euskadiko komunitate islamikoetako zortzi pertsona daude. ADOS Aholku Batzordearen eginkizuna da euskal gizartean komunitate islamikoen bizikidetza integratua –euskal gizartearen parte gisa– sustatzea eta sendotzea.

ADOS Batzordearen 2019-20ko Lan Agendak, besteak beste, gaur bertan gauzatu diren bi ekimen jasotzen ditu: alde batetik, euskal meskitetako imamekin lehen bilera bat antolatzea, haien eta euskal erakundeen arteko komunikazioa sustatzeko; eta, bestetik, Ados Batzordearen Bizikidetzaren aldeko Manifestua prestatzea eta aurkeztea.

Imamekin gaur bertan egindako bileran, lehendakariak gogorarazi du “herritar guztiek dutela eskubidea kultura, erlijio edo sinesmenengatik inolako diskriminaziorik ez jasateko eta beren kontzientzia-askatasuna erabiltzeko eskubidea, gainerakoen eskubideak errespetatzeko muga bakarrarekin". Horixe da ADOS Batzordearen abiapuntua. Batzordearen proiektu nagusia da aniztasunaren errespetuan oinarritutako bizikidetza baketsu bat defendatzea.

Lehendakariak azpimarratu duenez, “ohore handia da niretzat euskal meskitetako imamen eta ADOS Batzordearen arteko lehen topaketa honen hasieran parte hartzea eta, gainera, batzorde horrek prestatu duen Bizikidetzaren aldeko Manifestua aurkeztea”. Ondoren, manifestuaren eduki nagusiak azaldu ditu.

Lehenik eta behin, manifestuak biltzen duen diagnostikoa azaldu du: “euskal gizartean, gero eta identitate gehiago eta kultura, erlijio eta sinesmen desberdinetako pertsonen arteko gero eta harremangune gehiago daude. Garatutako gizarte guztiak askotarikoak dira. Aniztasun hori askatasunaren eta aurrerapenaren sinonimoa da. Herrialderik aberatsenak beren aniztasuna harmonizatzeko gaitasun handiagoa erakutsi dutenak dira ", adierazi du.

Manifestuaren edukian azpimarratzen denez, “bizikidetza inklusibo eta askotariko batek printzipio etiko unibertsalen sendotasuna eta balio demokratikoak izan behar ditu ardatz. Bizikidetza integratu eta integratzaile bat sustatzea eta bizikidetza horri eustea ez da erraza, baina ezinbestekoa da guztion ongia sustatzeko. Erronka eta, aldi berean, aukera-iturria da.

Konpromiso partekatuak

Ildo horretan, kausa komun bat partekatzeko gonbita egin du lehendakariak: “giza duintasuna errespetatzen duen eta politikaren eta erlijioaren gainetik dagoen etikan oinarritutako bizikidetza-kultura bat defendatzea eta bultzatzea”. Bizikidetzaren aldeko Manifestuak jasotzen duenez, etika hori oinarrizko eta partekatutako bost konpromisotan oinarrituta dago, eta Iñigo Urkulluk irakurri egin ditu konpromiso horiek:

-Giza eskubideekiko, bakearen kulturarekiko eta pertsonen errespetuarekiko konpromisoa. Erlijioan edo beste edozein aitzakiatan (politikoa, soziala, nazionala edo kulturala) oinarrituta justifikatu nahi den edozein terrorismo, indarkeria edo giza eskubideen urraketa mota erabat arbuiatzea, gaitzestea eta horren aurka egitea dakar.

-Pluralismoarekiko eta aniztasunarekiko konpromisoa. Xenofobia, arrazakeria eta islamofobia mota oro eta pertsona taldeen jatorriaren, arrazaren, kolorearen edo sinesmenen arabera etiketa deskalifikatzaileak jartzen dituzten diskurtsoak erabat arbuiatzea, gaitzestea eta horren aurka egitea dakar.

-Genero-berdintasunarekiko konpromisoa. Genero-arrazoiengatiko diskriminazio mota ororen eta, bereziki, emakumeenganako indarkeria, eraso edo sexu-abusu ororen erabateko arbuioan, gaitzespenean eta aurkakotasunean islatzen da.

-Elkartasunarekiko konpromisoa. Desberdintasunen aurrean elkarrekin erabakitasunez jokatzea eta integrazioa, kohesioa eta justizia lortzeko eta, era horretan, gizarte inklusibo eta eraginkor bat ahalbidetzeko gizarte-prestazioen, hezkuntzaren edo osasunaren arloetako politika unibertsalak garatzea esan nahi du.

-Gizarte-bizikidetzarekiko konpromisoa. Herritarren komunitate bereko kideen arteko elkarrekiko defentsa sustatzen du, haien arteko desberdintasunak errespetatzen ditu, pertsona horien arteko lotuneak lehenesten ditu eta adostasun zabalak eta sakonak bilatzen ditu, familia- eta auzo-esparruetan zein euskal gizarte osoan.

Lehendakariak Bizikidetzaren aldeko Manifestuaren bi ondorio nagusiak azpimarratu ditu: “Alde batetik, hezkuntzaren garrantzi handia. Ezinbestekoa da pedagogiari, esperientziari eta bizipen pertsonalari lotutako tresnak eskaintzea, giza duintasunaren sakontasuna eta lau konpromiso horiek barneratu ahal izateko.

Azkenik, Manifestuaren ideia nagusi bat nabarmendu du hitzaldiaren amaieran: “komunitate batekoa izatearen zentzua, hots, “gu” bat partekatu behar dugu lau balio demokratiko horien inguruan. Printzipio horiek partekatzeak egiten gaitu talde bereko partaide”.

Lehendakariaren hitzaldiaren ondoren, lan-topaketa bat egin da euskal meskitetako imamen eta Ados Batzordeko ordezkarien artean. Lehen zatian, bilera baliagarria izan da imamei aholku-batzordearen zentzua eta helburuak zehatz-mehatz azaltzeko. Bigarren zatian, berriz, Ados batzordearen eta imamen arteko komunikazio-sare bat sortzea erabaki da, komunikazioa eta elkartrukea arinagoa izan dadin.

Bestalde, Ados batzordeak duela gutxi hartu dituen erabaki batzuen berri eman die imamei. Adibidez, Bizikidetzaren aldeko Manifestuari dagokionez, Ados batzordeak erabaki du manifestu hori zabaltzea eta kide guztiei eta nahi duten entitate eta erakunde guztiei baliabide eta kanal ororen bidez ahalik eta neurririk handienean zabal dezaten proposatzea. Halaber, manifestuari atxikitzeko aukera ematea proposatu du, eta izenpetzeko gonbita egin die bere filosofiarekin bat datozen gizarte-entitate eta erakunde guztiei.

Azkenik, Batzordeak Gizalegez hezkuntza-akordioari atxikitzeko erabakia jakinarazi du, eta akordio horri atxikitzeko eta, bereziki, akordioaren pedagogia garatzeko aukera baloratzea proposatu die gizarteko kulturen, erlijioen eta sinesmenen aniztasuna ordezkatzen duten entitate guztiei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)