Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Arabako Errioxako eta Arabako erdialdeko lurralde plan partzialak berraztertuko dituzte elkarlanean
- Lurralde plan partzialak plangintza tresnak dira eta lurraldea antolatzeko balio dute, hirigintza planetarako baldintzak zehazten dituztelako, irizpide geografiko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartuta
- Arabako Errioxako lurralde plan partziala eguneratuz, ardogintza sektorearen behar berriei erantzungo diete eta inguruaren berezitasunak eta ezaugarri tradizionalak iraunarazten dituzten upategiak eraikitzea errazagoa izango da
- Arabako erdialdeko lurralde plan partzialak uztartu nahi ditu lautadak eraldaketa ekonomikoan eta komunikazioan duen garrantzia eta mendialdeko eta haranetako herriek dituzten landa bereizgarriak eta ingurumen balioak
Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena izenpetu dute, Arabako Errioxako eta Arabako erdialdeko lurralde plan partzialak berraztertzeko. Bi erakundeek konpromisoa hartu dute 600.000 euro inbertitzeko, erdibana finantzatuta, plan horiek eguneratzeko.
Lurralde plan partzialak plangintza tresnak dira eta beharrezkoak dira lurraldea antolatzeko udalaz gaindiko eremuetan. Haiei esker, udalen hirigintza plan orokorren baldintzak zehazten dira, irizpide geografiko, ekonomiko eta sozialak kontuan hartuta.
Hitzarmenaren arabera, Arabako Foru Aldundia arduratuko da Arabako Errioxako lurralde plan partziala idazteko lanak kontratatzeaz eta ikuskatzeaz, eta Eusko Jaurlaritza arduratuko da, aldiz, Araba erdialdeko lurralde plan partzialaz. Horrez gain, hitzarmenaren bidez, erakundeek konpromisoa hartu dute bakoitzak bi agiri horiek idazteko finantzaketaren % 50 bere gain hartzeko.
Arabako Errioxako lurralde plan partziala, 2004an onetsi zuten, baina 2010ean hainbat aldaketa egin zituzten nekazaritza eraikinak eta upategiak arautzeko. “Arabako Foru Aldundiak, agiri hori aztertu eta eguneratzen duenean, kontuan hartuko ditu azken hamarkadako erronka eta behar berriak”, azaldu du Ingurumen eta Hirigintza Saileko diputatu Josean Galerak.
Horrela, lurralde plan partzialean irizpideak sartuko dituzte upategiak eraiki ahal izateko lurzoru urbanizaezinean, eta baita egun diren upategiak hobetu ahal izateko ere. Kontuan hartuko dute, halaber, erabilera osagarrien beharra, jarduera eta eraikuntza arautzeko eta ekoizpena, paisaia eta lurzoruaren okupazioa uztartzeko. Horren helburua da eskualdearen berezitasunak eta ezaugarri tradizionalak iraunaraztea.
Gainera, lurralde antolakuntzan, paisaia kontserbatzeko baldintzak ezarriko dituzte. Helburu horrekin berarekin, aldaketa klimatikoari aurre egiteko baldintzak jasoko dituzte, bai eta ingurune naturalean, pertsonen osasunean eta nekazaritza sektorean eragiten den inpaktua eta uholde arriskua murrizteko ere.
Azkenik, Arabako Errioxako lurralde plan partzialak azpiegitura eta ekipamendu publikoak berraztertuko ditu eta lurraldeko mugikortasuna aztertuko, estrategia orekatuak ezartzeko. Gainera, plana bat etorriko da lurralde antolamendurako gidalerroekin, eta horrela, bizitegi kuantifikazio berriari egokituko zaio; alegia, etxebizitzak eraikitzeko aukera gutxiago izango da eta etxebizitza zaharrak konpontzearen alde egingo da, lurzorua gehiegi ez artifizializatzeko.
Arabako erdialdeko lurralde plan partziala, jasangarritasunaren aldeko apustua
Eusko Jaurlaritza arduratuko da 2004an onetsi zen Arabako erdialdeko lurralde plan partziala eguneratzeaz. Eremu funtzional horrek Arabako lautada eta haranak eta mendialdea hartzen ditu, eta, guztira, 32 udalerri, horien artean, Gasteiz.
Lurralde plan partzial horren erronka, Arabako Errioxakoarena bezala, lurralde antolamendurako gidalerroetara egokitzea da, bai eta jasangarritasunaren aldeko asmo handiko apustuaren ondoriozko beharretara ere.
Ingurumen, Lurralde Antolakuntza eta Etxebizitza sailburu Iñaki Arriolak adierazi duenez, helburua da “uztartzea lautadak eraldaketa ekonomikoan eta komunikazioan duen garrantzia eta mendialdeko eta haranetako herriek dituzten landa bereizgarriak eta ingurumen balioak”.
Horiek horrela, besteak beste, lautada inguratzen duten eremu naturalen eta lautada barrukoen (Salburua, harizti irlak, ibaibideak etab.) arteko lotura ekologikoa bermatzeko egingo dute lan, eta Gasteizko eraztun berdea eta haren luzapenak funtsezkoak izango dira ekosistemen arteko lotura egiteko.
Gainera, jada eraikinak dauden lekuetan bildu nahi dituzte eraikin berriak, eta lurzorua are gehiago urbanizatzea eragotzi, eta horretarako, bizitegi dentsifikaziorako eta industria eremuetako lurzoruak etorkizuneko beste erabilera batzuetarako berreskuratzeko jarduerak gauzatuko dituzte. Horrez gain, eremu funtzionaleko hirigune nagusiaren eta landa eremu barreiatuen arteko lurralde desorekak zuzentzeko estrategiak gauzatuko dituzte, azken horien despopulatzea eta zahartzea geldiarazteko landa eremua garatzeko politika integralen bidez, eta egun diren azpiegiturak aztertuko dituzte, integrazioa sustatzeko mendialdeko eta haranetako eta hiriaren arteko garraio publikoaren bitartez.