Berriak Ogasuna eta Ekonomia

Pedro Azpiazuk gastu araua malgutzeko premiazko beharra planteatu du, superabitaren kargura inbertsioak eginez

2020.eko urtarrilak 22

Ogasun eta Ekonomiako sailburu Pedro Azpiazuk, gaur, Madrilgo Forum Executive-n emandako hitzaldian, gastu-araua malgutzeko dagoen premiazko beharra planteatu du, superabitaren kargura inbertsioak eginez, Finantza Inbertsio Iraunkorren —FII— esparru estutik haratago joanez.

Politika fiskalak paper aktiboagoa izateko Europa osoan egiten ari den erreklamazioa defendatu du Azpiazuk. Horretarako, egonkortasun-esparrua malgutu behar da eta finantza publikoen kalitatea hobetu, batez ere inbertsioen bitartez eta, bereziki, European Green Deal indartzeko klima-aldaketaren aurkako borrokara bideratutakoen bitartez.

Eusko Jaurlaritzak bat egiten du Fiskalen Kontseilu Europarraren proposamenarekin. Bertan, inbertsioei pizgarri gehiago ematea proposatzen da Ogasunaren Urrezko Arauaren aldagai berri baten bidez hazkundea pizteko, interes-tasa txikien testuingurua aprobetxatuz gainera. Hori horrela izanda, sailburuaren ustez, Estatuaren hurrengo aurrekontu orokorren proiektuan egiazko urratsak eman daitezke, FIIak baino haratago doan figura beten bidez.

Azpiazuk euskal ekonomiaren egoera aipatu du. Bertan, 2019rako % 2,2ko hazkundea aurreikusten da eta 2020rako % 1,9koa. Datu positiboak Europaren testuingurua kontuan hartzen badugu. Enpleguari dagokionez, 2015. eta 2030. urteen artean 370.000 pertsona ordezkatu beharko direla kalkulatu da. Kopuru hori oso handia da gaur egun milioi bat pertsonatara hurbiltzen den guztizko okupazio baterako.

“Uste dut herrialde garatuen estandarrekin behin betiko bat egiteko egoeran gaudela, baita langabezia-tasan atzeraldien ondorioak mugatuko dituen irrikatzen dugun erresilientzia hori errealitate bihurtzeko ere —esan du sailburuak—; horrek, langabezia-tasa % 5 edo 6 ingurura jaistea adieraziko luke”.

“Gure geografia ekonomikoaren barruan Euskadi motor txiki sendo bat da, eta horrela izaten jarraitzeko guk dugun erantzukizuna gure gain hartzen dugu” esan du. Gainera, aipatu du “gure idiosinkrasia propioa eta gure erakundeak hedatzea, eta gure gizartearen balioekiko leialak izatea” beharrezkoa dela.  

Euskadiko lurraldeak bereizten dituen ezaugarri bat subiranotasun fiskalaren inguruko ezaugarria da. Duela mende bateko euskal ordezkariek zuten autogobernatzeko borondatea eta euren izpiritua, gaur oso presente egoten jarraitzen dute. Abolizio-legeak 1978ko Konstituzioak indargabetu zituen, eta eskubide historikoak Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak aitortu zituen; hala ere, berrogei urte beranduago Estatutuak bete gabe egoten jarraitzen du.

Sailburuak jakinarazi du Euskadik bere autogobernua eguneratu nahi duela gauzen egoera hori aldatzeko eta egungo garaietara egokitzeko eta, bereziki, Europar Batasunak irudikatzen duen tamaina eta izugarrizko aldaketa morfologikora eta organikora egokitzeko.

Halaber, Espainiako Gobernua eratu ondoren, Azpiazuk gogoratu eta azpimarratu du Ekonomia Itunean finkatutakoaren arabera, Estatuak zerga berriak sortzen baditu, zerga horiek adostu egin beharko direla. Une honetan, Zerbitzu Digital Jakinen gaineko Zerga, Finantza Transakzioari buruzko Zerga, CO2-ren gaineko Zerga eta beste hainbat zergari buruz hitz egiten da, baina zerga horiek nola zehazten diren ikusi beharko da, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostu beharko diren ituntzeari buruzko baldintza zehatzak finkatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak