Eu

Eusko jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak enpleguaren inguruko eta gizarteratzearen eta laneratzearen inguruko euren politikak koordinatzen dituzte

2020.eko urtarrilak 16
  • Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak eta Beatriz Artolazabal sailburuak datozen lau urteetarako lankidetza-protokolo bat sinatu dute osagarritasun handiagoa lortzeko eta bikoiztasunak ekiditeko

  • Lanbidek, 2019an, 24 milioi euro baino gehiago aktibatu zituen Arabako lurralde historikoan

  • Arabak 15.000 enplegu berri sortu ditu azken lau urteetan

Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, gaur, lankidetzarako erakunde-mailako protokolo bat sinatu dute Gasteizen. Protokolo horri esker, Arabako lurralde historikoan enpleguaren inguruko eta gizarteratzearen eta laneratzearen inguruko politikak abian jartzeko koordinazio eta osagarritasun handiagoa lortuko da eta bikoiztasuna ekidingo da.

Koordinazio-bilera hori Arabako Foru Aldundiaren Jauregi Etxean egin da gaur. Bertan, Artolazabalez eta Gonzalezez gain, Cristina Gonzalez, Pilar Garcia de Salazar eta Emilio Sola foru-diputatuek, Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak eta Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok hartu dute parte.

Erakunde arteko hitzarmen hori lau urtez egongo da indarrean, eta beste lau urtez luzatzeko aukera egongo da.

“Gaur goizean sinatzen dugun protokoloarekin —esan du Diputatu Nagusiak— Araba bateratuago bat lortzeko bidean urratsa eman nahi dugu. Gizarteratzea sustatu, eta enplegagarritasun-maila ertaina edo baxua duten pertsonen eta lan-prekarietate egoeran dauden pertsonen bizi kalitatea hobetu nahi dugu”.

Ramiro Gonzalezek honako hau azpimarratu du: “gizarte-kohesioa duen lurralde batek desparekotasun gutxiago ditu, eta guztientzako aukera gehiago eskaintzen ditu.  Pertsona guztiek bizitza duina izateko eskubidea izango duten eta etorkizunari begira itxaropenak emango dizkien lurraldea”.

Artolazabal sailburuak, berriz, honako hau adierazi du: “gure helburua DSBE jasotzen duten pertsonen kopurua —8.028 Araban— jaistea da, pertsona horien gizarteratzearen eta laneratzearen inguruan urratsak emanez”.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gainera, honako hau aipatu du: “enpleguaren eskuduntza Eusko Jaurlaritzak soilik duenez, herritarrengandik hurbil egonda, enplegurako politika aktiboak abian jartzen saiatzen diren erakunde guztiekin koordinatu eta elkarlanean jardun nahi dugu”.

Beatriz Artolazabalek gaineratu du “kolektibo ahulenetan arreta berezia jarriko dugula: gazteak, emakumeak, desgaitasuna duten pertsonak eta debora luzez langabezian dauden pertsonak. Koordinazio horretan ere eskualde-bulegoak, kuadrillak eta mankomunitateak nahastuko ditugu. “Lanbide hedatua” eredu berriaren sarea eragile publikoen eta pribatuen konplizitateen batura da, Arabako lurralde historikoan gizarte-politikei eta sustapen ekonomikoari lotutako gobernu-ekintzan efikazia eta eraginkortasun handiagoa lortzeko.”

15 000 enplegu gehiago

Sailburuak gogoratu duenez, 2019an Lanbidek 24 milioi euro baino gehiago aktibatu zituen Arabako lurraldean, hainbat deialdiren eta dirulaguntzen bitartez. Halaber adierazi du, hitzarmen honek berehalako ondorio bat izango duela: Arabako Foru Aldundiak, 2020. urtean, beste 550.000 euro edukiko ditu —iaz baino % 10 gehiago— foru-erakundea buru duten gizarteratze- eta laneratze-programak burutzeko.

Ramiro Gonzalez pozik agertu da “azken urteetan Arabaren egoera ekonomikoa asko hobetu delako, baita enpleguaren egoera ere. Azken lau urteetan 15.000 enplegu gehiago sortu dira”.

Ildo horretatik jarraituz, Beatriz Artolazabalek azpimarratu duenez, Eustaten BJAren estatistika-langabeziaren indizea % 16,6tik % 10,2ra jaitsi da Arabako lurralde historikoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ramiro González, Arabako Foru Diputatu Nagusia