Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusibo berri baten garrantzia azpimarratu du

2020.eko urtarrilak 16
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakariak amaiera eman dio UGT sindikatuaren Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioak (UGT-FICA) antolatutako «Salba dezagun industria. Industria-garapenerako gakoak»Salvemos la industria. Claves para el desarrollo industrial») jardunaldiari. 

Ekitaldia Gasteizko Kutxabank eraikinean egin da, eta bertan izan dira, halaber, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal eta Lan eta Justiziako sailburu Mª Jesús San José. 

Lehendakariak euskal ekosistema ekonomikoarekiko erantzukizunaren, elkarrizketa sozialarekiko konpromisoaren eta Jardunaldi honen antolaketarekin erakusten den etorkizun-ikuspegiaren balioa azpimarratu du bere hitzaldian.

Hiru ardatz egituratzaile horietan oinarrituta, 2018ko irailaren 27an Eusko Legebiltzarrean alderdi politiko guztien babesarekin parte-hartzean oinarritutako enpresa-eredu inklusibo” bat sustatzeko eta garatzeko onartutako proposamenaren garrantzia azpimarratu du lehendakariak. “Konpromiso horrek talaia batean kokatzen gaitu gure industria- eta enpresa-sarearen etorkizuna bermatu nahi badugu gainditu beharko ditugun eraldaketei aurre egiteko”, zehaztu du. Lehendakariak azpimarratu du eredu berrian pertsonak zeregin erabakigarria betetzen duela enpresaren arrakastan eta lehiakortasunean; eta, ikuspegi horretatik abiatuta, lehendakariaren ustez beharrezkoa da langileek enpresen kudeaketan, emaitzetan eta kapitalean parte hartzeko sistemen ezarpena bultzatzea.

Lehendakariak adierazi du eredu horrek lankidetzan eta erantzunkidetasunean oinarritutako enpresa-kultura berri bat sustatzen duela. Kultura horretan, konfiantza- eta gardentasun-giro bat sortuko da, emakumeak baldintza berdinetan txertatuko dira eta familia-kontziliazioa bultzatuko da. “Eredu humanistagoa eta, era berean, lehiakorragoa”, gaineratu du.

«Salba dezagun industria. Industria-garapenerako gakoak»

UGT sindikatuaren Industria, Eraikuntza eta Nekazaritza Federazioak (UGT-FICA) antolatutako topaketa-foro honetan, produkzio-egitura eraldatzeko beharrezkoak diren politika aktiboei eta EBk aldaketaren bultzatzaile gisa jarraitu beharreko industria-estrategiari buruz eztabaidatu da.

Topaketaren hasieran, UGT Euskadiko idazkari nagusi Raúl Arizak, UGT FICA Euskadiko idazkari nagusi Antonio Ríosek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hitz egin dute. Ondoren, bi eztabaida-mahai ireki dira: «Produkzio-egitura eraldatzea: politika aktiboak» eta «Europako industria-estrategia: EB, aldaketaren bultzatzaile». Jardunaldiari amaiera emateko, berriz, UGT FICAko idazkari nagusi Pedro Hojasek, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Marotok eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk hitz egin dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)