Mugiment Kirol Txartela, kirol instalazioak erabiltzeko txartel bakarra, 16 udalerritara iritsi da jadanik, 2019an Ezkerraldean eta Meatzaldean udalerri arteko 17.000 erabilera baino gehiago jaso ondoren
- Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin batera bultzatutako proiektua Laudiora eta Amurriora hedatu da, Araban, eta Debagoienako (Gipuzkoa) bost udalerrietara: Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñati
- Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol aholkulariak proiektuaren nondik norakoak azaldu dituzte
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Carlos Sergio Achotegui Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol aholkulariak Mugiment Kirol Txartela ezartzeko lehen fasearen balantzea egin dute, eta aurrerantzean izango duen ibilbidea azaldu dute. Barakaldon egindako prentsaurrekoan adierazi dutenez, proiektu horri esker Ezkerraldeko eta Meatzaldeko bederatzi udalerrik euren bizilagunei 'txartel birtual' bakarra erabiltzeko aukera eskaini diete, ekimenari atxikitako kirol instalazio multzoari sarbidea emanez. Une honetan 7.775 erabiltzailek Kirol Txartela erabiltzeko moduan daukate, eta 2019an 17.116 udal arteko erabilera erregistratu dira. Orain, urtea hastearekin batera, zerbitzua Bizkaitik atera da, Araban Laudio eta Amurriora iritsiz eta, horrekin batera, Debagoienako (Gipuzkoa) bost udalerritan kirol egiteko aukerak biderkatuz: Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin.
Gaurko aurkezpena Lasesarre kiroldegian egin da, eta Mugiment Kirol Txartelak hartzen dituen gainontzeko udalerriak ordezkatuz honako ordezkari hauek ere izan dira: Mikel Torres, Portugaleteko alkatea; Aintzane Urkijo, Santurtziko alkatea; Maite Etxebarria, Abanto Zierbenako alkatea; Borja Liaño, Muskizeko alkatea; Jesús Amenedo, Sestaoko Prestakuntza, Enplegu, Merkataritza, Kontsumo, Turismo eta Kirol zinegotzia; eta Unai Elosegi, Zierbenako Kirol zinegotzia.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza sustatzen ari da Mugiment Kirol Txartelaren proiektua, aldundiekin eta ekimenarekin bat egiten ari diren udalekin elkarlanean. Zupiria sailburuak adierazi duenez, proiektu honi esker beste urrats bat ematen da kirola eta jarduera fisikoa bultzatzeko: "Eusko Jaurlaritzak legealdi honetarako ezarri zuen helburuetako bat da jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoari aurre egitea. Gure helburua da etorkizun hurbilean Mugiment Kirol Txartela Euskadi osora iristea eta herritar guztiei kirola egiteko erraztasun gehiago eskaintzea, Ezkerraldean eta Metzaldean ezartzeko fase pilotuan egin den bezala. Azpimarratu nahi dugu, halaber, txartel bakarraren kontzeptua Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetara eramateak garrantzia daukala".
Bestalde, Carlos Sergio Achoteguik adierazi duenez, "Mugiment Kirol Txartela froga nabarmena da erakundeen arteko talde-lanak herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aukerak biderkatzen dituela, kasu honetan, kirol-jarduerarekin lotutakoak".
Proiektu hau 2017. urtearen hasieran hasi zen, proiektu pilotu gisa, Ezkerraldeko sei udalerritan: Santurtzi, Portugalete, Ortuella, Trapagaran, Zierbena eta AbantoZierbena. Ondoren, urte bereko urrian, Barakaldo, Sestao eta Muskiz batu zitzaizkion ekimenari, guztira 262.000 biztanle inguru hartzen dituen ingurunera iritsiz. Pilotuaren emaitzak oso onak izan dira. Zerbitzua martxan jarri zenetik, 29.137 erabiltzailek deskargatu dute aplikazioa eta 7.775 erabiltzaile baliozkotu dira (pilotuan parte hartu duten 9 herrietako udal-zerbitzu guztietako abonatuen % 14 inguru). 2019an zehar udalerri arteko 17.000 erabilera baino gehiago erregistratu ziren Mugiment Kirol Txartelari esker (hau da, 17.113 aldiz erabili zen txartela beste udalerri bateko instalazioetan kirol egiteko). Erabilera horiek guztiak 2.507 erabiltzaile ezberdinen bitartez erregistratu ziren (erabiltzaile bakarrak).
Iaz, Zierbenako kirol instalazioak izan ziren beste udalerri batzuetako bizilagunek gehien erabili zituztenak, udalerri arteko 7.700 erabilera erregistratuz:
Udalerria |
Udalerri arteko erabilerak |
Abanto-Zierbena |
674 |
Portugalete |
2.364 |
Santurtzi |
1.530 |
Trapagaran |
1.114 |
Zierbena |
7.700 |
Sestao |
1.934 |
Muskiz |
752 |
Barakaldo |
1.045 |
17.113 |
Araba eta Gipuzkoa
Orain, Mugiment Kirol Txartela ekimenaren fase pilotuaren balantze ona egin ondoren, Gipuzkoako eta Arabako udalerri berrietara zabaldu da ekimena. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzari esker, Debagoiena izan da Ezkerraldea eta Meatzaldearen lekukoa hartu duen lehen eskualdea. Urtarrilaren 2tik aurrera, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eskoriatza eta Oñatiko herritarrek Mugiment Kirol Txartela erabil dezakete ekimen honi atxikitako edozein udalerritan. Oraingoz, 13 egun eskasetan 350 udalerri arteko erabilera izan dira bost herri horietako kirol zerbitzuetan. Era berean, gaurtik aurrera, Arabako Laudion eta Amurrion ere jarriko da martxan Kirol Txartela, eta, horrenbestez, kirol-instalazioak erabiltzeko zerbitzu bateratua 16 udalerritara iritsiko da, guztira 355.000 biztanletik gorako eremua hartuz.
Hurrengo helburua Mugiment Kirol Txartela urteko lehen hiruhilekoan Bizkaiko Getxo, Erandio, Sopela, Derio, Mungia, Bakio, Basauri eta Etxebarrira iristea da. Eta azken helburua da datozen bi urteetan kirol-txartel bateratu hori Euskadiko udalerri guztietara iristea.
Funtzionamendua
Honako hauek dira Kirol Txartela erabiltzeko pausuak:
- Mugikorrean Mugiment Kirol Txartela instalatu.
- Erregistratu datu pertsonalak emanez, e-mail helbidea eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.
- Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke.
- Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NAN erakutsi behar da.
- Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.
Txartela doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol zerbitzuan abonatuta egotea txartela erabili ahal izateko. Bestalde, masifikazioak saihesteko, udalerriek zerbitzu mankomunatuetara sartzeko ordutegiak mugatzeko aukera daukate.