Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

TCT eta Mouin enpresek irabazi dute EmprendedorXXI saria EAEn

2011.eko maiatzak 04

TCT altzairua eta burdin eta aluminiozko elementuak prozesatzeko oxigeno bidezko ebaketarako makinak diseinatu, fabrikatu eta hornitzen ditu. Web to Mobile aplikazioetan dauden web orriak erraz aldatzeko teknologia garatu du

EAEko 49 enpresa aurkeztu dira EmprendedorXXI sarira, "La Caixa"k sustatua, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren menpeko ENISA-Berrikuntza Enpresa Nazionalaren lankidetzarekin emana eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatua. Lehiaketak bi kategoria ditu: emprendesXXI eta crecesXXI.

EmprendesXXI kategoriako irabazle gertatu den TCT, Torch Cutting Technology enpresak 5.000 euroko saria jasoko du eta beka bat Cambridge Unibertsitateko Ignite Fast Track ikastaroa egiteko. Mouin Web to Mobile enpresak, crecesXXI kategoriako sariaren irabazleak, beka bat jasoko du ESADE eta IESE erakundeek hazten ari diren enpresentzat diseinatu duten ikastaro trinko baterako, eta berrikuntza zubi bat Silicon Valley-rako. Horrez gain, CrecesXXI kategoriako irabazlea Estatu mailako fasera igaroko da eta irabazle autonomikoekin lehiatuko da 100.000 euroko sari nagusia lortzeko.

Gaur ospatu dute Artaza Jauregian EmprendedorXXI sari-banaketaren bosgarren edizioa. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak SPRIren bitartez antolatzen du lehiaketa hau EAEn. Xabier Garmendia sailburuordeak eta José Manuel Bilbao, "la Caixa"ko ordezkariak banatu dituzte sariak.

Edizio honetan, TCT izan da emprendesXXI kategoriako (0-2 urte bitarteko enpresak) irabazlea. Abanto-Zierbenako enpresa honek altzairua eta burdin eta aluminiozko elementuak prozesatzeko oxigeno bidezko ebaketarako makinak diseinatu, fabrikatu eta hornitzen ditu. Martxan dauden makinentzako ordezko piezak eta kontsumigarriak ere merkaturatzen ditu. TCT enpresarentzako saria bikoitza izango da: 5.000 euroko diru-saria eta Cambridge Unibertsitatean enpresak azkartzeko ikastaroa egiteko beka bat.

CrecesXXI kategorian (2-7 urte bitarteko enpresak)Web to Mobile enpresa izan da irabazlea. Gasteizko konpainia honek teknologia bat garatu du, zeinari esker posible baita erraz aldatzea merkatuko plataforma garrantzitsuenetarako aplikazioetan dauden web orriak. Sistema hori 2010ean eta 2011n abiarazitako bost proiektutan erabili eta probatu dute. Gaur egun, ahaleginak egiten ari dira hirugarrenek erraz erabil dezaten teknologia hori, gainera, euskarria hobetzen dihardute teknikoki konplexuagoak diren kasuetan aplikatu ahal izateko. Mouin Web to Mobile enpresak ere hainbat sari lortu ditu: Silicon Valley-rako berrikuntza zubi bat, Executive Growth Program egiteko beka bat (ESADE eta IESE erakundeek ad hoc diseinatutako ikastaroa) eta Estatu mailako lehiaketan parte hartzeko aukera gainerako irabazle autonomikoekin batera.

Finalisten artean aipagarriak dira “Efficiente Home Energy”, “Dynakin” eta “Citiservi” enpresak “CrecesXXI” kategorian eta “Anboto Europe” eta “Graphenea” “EmprendesXXI” kategorian. Azpimarragarria da baita ere edizio honetan EAEk hirukoiztu egin duela Sarira aurkeztutako hautagaitza kopurua.

Sari-banaketa ekitaldian, Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak omenaldia egin nahi izan die EAEko enpresari guztiei eta gaur egungo ekintzaileen meritua aitortu du. “Ongi irabazia dute lortutako ospea –adierazi du Garmendiak--. Euskadiko enpresariei mundu osoan ez ezik, etxean ere aitortzen zaie beren ausardia, adimena eta sakrifikatzeko gaitasuna. Baina ez da beti hala izan, edo ez erabat behintzat, eta horregatik ezinbestekoa da beren alde egin dugun apustuari eustea. Hain zuzen ere, Gobernu honek horretan dihardu buru-belarri lanean.

Sailburuordeak zorionak eman dizkie sarituei eta gainerako bost finalistei, baina bereziki azpimarratu du zeinen garrantzitsua den aurtengo edizioan 49 hautagaitza aurkeztu izana, hirukoiztu egin delarik aurreko urteko parte-hartze maila. Hona hemen sailburuordearen hitzak: "euskal enpresariei egin diedan omenaldi bera egin nahi diet aurkeztu diren 49 sustatzaileei. Bik bakarrik irabazi dute saria, baina denek batera eta bakoitzak bere aldetik, gure ekonomiaren eta beraz gure gizartearen arrakasta islatzen dute”.

Baita ere eskertu du SPRIk eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (EBZ) Euskadin ekintzailetzaren alde egiten duten lana, eta horren harira, Bernabe Undak azaldu du azken bi urteotan oinarri teknologiko berritzaileko 242 enpresa berri sortu direla (horietatik %80k bizirik dirautelarik) eta bakoitzak gutxienez 3 lanpostu sortu dituela, Industria Sailak ekintzailetzari eman dizkion 18 mila euroko laguntzei esker.

Parte-hartzea

EmprendedorXXI sari-banaketaren bosgarren ediziora aurkeztu diren 49 euskal enpresetatik, %55,2 bizkaitarrak dira, %34,6 gipuzkoarrak eta %10,2 arabarrak.

Enpresa parte-hartzaileen jarduera-sektoreei erreparatuz gero, aipatzekoak dira IKTen arlokoak, %40 izan baitira emprendesXXI kategorian eta %50 berriz crecesXXI kategorian. Industria sektorekoak %42 izan dira aipatu lehen kategorian eta %28 bigarrenean.

EmprendesXXI kategorian parte hartu duten enpresen 2010eko batez besteko salmentak 23.000 eurokoak izan ziren eta 2011n 259.000 euroraino iritsiko direla aurreikusten dute. CrecesXXI sarirako hautagaien salmenten batez bestekoa 236.000 eurokoa izan zen 2010ean eta 2011n 937.000 euroraino iristea espero dute.

EmprendedorXXI sarira aurkeztu diren 49 hautagaiek 346 langile enplegatzen dituzte.

Estatu faseko saria

Espainiako hazkunde-potentzial handiena duen enpresa izango da Estatu mailako crecesXXI kategoriako irabazlea. Irabazleak eta hurrengo lau sailkatuek diru-sari hauek lortuko dituzte: Irabazleak: 100.000€; 2. sailkatuak: 40.000€; 3. sailkatuak: 20.000€.

Azken faseko sari-banaketa ekainean izango da, Bartzelonan. Bi kategorietako irabazleek ere finantzaketa jasotzeko lehentasuna izango dute "La Caixa" fundazioan eta ENISAn.

EmprendedorXXI saria

EmprendedorXXI Saria 2007an sortu zen, enpresa berritzaile berrien garapena sustatzeko eta eskualde bakoitzeko hazkunde potentzialik handieneko ekimenak identifikatzeko. Mota honetako sari-banaketen artean fase autonomiko bat duen sari bakarra da eta enpresa sorkuntzarekin eta ekintzailetzarekin lotutako tokiko eta eskualdeko 30 erakunde baino gehiagoren laguntzarekin inplementatzen da lurralde bakoitzean.

EmprendedorXXI Sariaren aurtengo edizio honekin, “la Caixa” eta ENISA erakundeek pauso bat eman dute beren estrategian, eta horrela, aitortza egin diete eta ospe soziala eman diete enpresa ekimen bat martxan jarri duten eta merkatuan behin betiko finkatzeko bultzada bat behar duten ekintzaileei.

“La Caixa” erakundearen EmprendedorXXI programari buruz

Isidro Fainé presidentetzan eta Juan María Nin zuzendaritzan daudelarik, "La Caixa" erakundeak EmprendedorXXI programa garatzen du 2004tik. La Caixak programa horretara biltzen ditu enpresa ekimenaren eta berrikuntzaren alorretan egiten dituen jarduera guztiak, helburu honekin: espiritu ekintzailea sustatzea eta enpresa berritzaileen sorrera bultzatzea Espainia osoan.

Ekintzaileentzat abiarazi dituen arrisku kapitaleko tresnen bitartez (Capital Semilla SCR eta Caixa Capital Pyme Innovación SCR),“la Caixa” erakundeak enpresak sortzeko eta garatzeko 60 proiektu baino gehiago finantzatu ditu, 20 milioi eurotik gora inbertitu dituelarik.

ENISAri buruz

Empresa Nacional de Innovación, SA (ENISA) kapital publikoko enpresa bat da, Enpresa Txiki eta Ertainen Politikako Zuzendaritza Orokorraren bitartez Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioari atxikita dagoena.

1982tik hasita, epe luzerako finantzaketa tresnak eta formulak eskaini dizkie enpresa txiki eta ertainei, mailegu parte-hartzaileak nagusiki, beren finantza egiturak indartu ditzaten.

ETEen eta ekintzaile berrien Estatu osoko finantza-dinamizatzaile garrantzitsua den aldetik, ENISA bere papera indartzeko prozesuan murgilduta dago une honetan. Horregatik, hainbat finantza produktu berri jarri ditu martxan: hala nola, ekintzaile gazteei finantzaketa emateko ildoa; kapitalizazio ertaineko enpresei zubi-maileguak emateko ildoa. Burtsa Merkatu Alternatibora ateratzeagatiko gastuak ordain ditzaten; eta enpresa txiki eta ertainen bat-egite eta erosketak finantzatzeko ildoa.

Ekintza horiek gauzatzeko ENISAk baliabide propioak erabiltzen ditu eta baita ere mailegu parte-hartzaileak emateko Industria, Turismo eta Merkataritza Saileko Enpresa Txiki eta Ertainen Politikarako Zuzendaritza Orokorrak dituen aurrekontuetako bi ildo espezifikoetako funtsak. Hartara, une honetan ENISAk 300 milioi euro baino gehiago mugitzeko ahalmena dauka.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)