Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria ETAk eraildako Inaxio Uria enpresaria oroitzeko egin den omenaldira joan da

2009.eko abenduak 03

Ehunka pertsonek hamar minutuko isiltasuna gorde dute Azpeitian, 2008ko abenduaren 3an enpresaria tirokatu zuten lekuan jarri duten monolitoaren ondoan

Patxi Lopez Lehendakaria gaur dela urtebete ETAk erail zuen Inaxio Uria enpresaria oroitzeko egin den omenaldira joan da gaur goizean. Lopezek enpresariaren familiarekin egon nahi izan du ekitaldi honetan. Ekitaldian Inaxio Uriaren seme-alabetako bik jasotako laguntza eta solidaritatea eskertzeko asmoz komunikatu bat irakurri dute eta ETAren birus erailearen aurrean immune inoiz ez izatea eskatu diote euskal gizarteari.

Enpresaria oroitzen duen monolitoaren aurrean, ehunka pertsonek eta ordezkari instituzionalek 10 minutuko isiltasun osoa gorde dute, gaur dela urtebete ETA banda terroristak erail zuen Inaxio Uriaren omenez. Patxi Lopez Lehendakaria enpresaria oroitzeko eta bortizkeria terroristaren aurka egiteko antolatu den kontzentraziora joan da. Lopezen ondoan Eusko Jaurlaritzako beste kide batzuk egon dira, hala nola Idoia Mendia bozeramailea eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Gainera, Eusko Legebiltzarreko burua, Arantza Quiroga, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusiak, J.L Bilbao eta Markel Olano, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia eta Legebiltzarreko alderdi politiko guztien ordezkari ugari egon dira.

Kontzentrazioa hasi baino minutu batzuk lehenago, enpresariaren seme-alabetako bik, Jaionek eta Josek, komunikatu bat irakurri dute familiaren izenean, Azpeitiko Loiola auzuneko Kiruri jatetxearen ondoan, non, pasa den urteko abenduaren 3an, ETAk bere aita hil zuen, Construcciones Altuna y Uria enpresaren burua zen Inaxio Uria, hain zuzen ere. Enpresa horrek Abiadura Handiko Trenaren lanetan parte hartzen zuen. Komunikatuan familiak pasa diren hilabeteetan zehar jasotako elkartasun-adierazpenak eskertu ditu eta mezu hirukoitza bidali du.

Lehenengo eta behin, ETA banda terroristari "hiltzeari betirako utz diezaion" eskatzen diote. "Pistolak eta bonbak erabiltzen dituzue zuen helburuak lortzeko, Francok eta naziek egin zuten bezala", esan dute Uriaren seme-alabek, eta euskal herriak "baztertzen dituela" gogoratu dute. ETAri hitz egiteaz gain, Uriaren familiak ezker abertzaleari ere galdera batzuk egin dizkio. Beste galdera batzuen artean, "noiz arte egongo den eskubide batzuk eskatzen besteenak ukatzen dituen bitartean" galdetu diote, Uria familiak "egunero ETAren tortura jasaten baitu aita besarkatu ezin duelako".

Mezu honen hirugarren hartzailea euskal gizartea izan da, Uriaren familiak "ETAren birus erailearen aurrean immune inoiz ez bihurtzea" eta terroristak "eguneroko bizitzaren parte" izaten ez uztea eskatzen baitio. Komunikatuaren arabera euskal gizartea da "basakeriarekin" buka dezakeen bakarra, "ETArekin amaitzeko eta etorkizun baketsua izateko giltza" duen bakarra euskal herria delako.

Bai Josek bai Jaionek "solidaritate" mezu bat bidali diete terrorismoaren biktima guztiei eta "terrorismoaren gaitza borrokatzeko indarrak atera dezaten" eskatu diete. Bukatzeko, "itxaropenaren ateak zabalik uztea inoiz ez dugula ahaztu behar" esan dute.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria