Berriak Segurtasuna

Joko-aretoak instalatzeko edo horietan aldaketak egiteko baimen berriak aldi baterako bertan behera uztea erabaki da, plangintza berria berrikusten den bitartean (Gobernu Bilera 2020-01-14)

2020.eko urtarrilak 14

Gobernu Bilerak gaur erabaki du, Segurtasun Sailak eskatuta, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duenaren, I. Eranskinean jasotako prozedurari, jokoaren plangintza berrikusteko nahiz erregelamenduan eguneratu edo eraberritu beharreko alderdiak aldatzekoari, hasiera ematea.  

Jokoaren plangintza honako arau hauei jarraituz berrikusiko da:

  • Jokoaren Euskal Behatokiak sektore sozio-ekonomikoari eta jokoaren pertzepzio sozialari buruz landutako txostenetan eta prestatutako ekintza-planaren lerro estrategikoetan oinarrituta egingo da berrikuspena, eta, era berean, kontuan izango du apirilaren 7ko 1/2016 Legearen, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzkoaren, 50. artikuluan eta 2017-2021 aldirako Euskadiko Adikzioen VII. Planean ezarritakoa.
  • Plangintza, berrikusteko prozesuan, jendaurrean jarriko da, eta txostena eskatuko zaie Jokoaren Batzorde Tekniko Aholkulariari nahiz Jokoaren Euskal Kontseiluari, uztailaren 27ko 120/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoan jokoaren erregelamendu orokorra onesten duenaren, 9. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Horrez gainera, xedapen orokorrak lantzeko araubide erregulatzailearen arabera beharrezkoak diren izapide guztiak bete beharko dira.
  • Berrikusitako jokoaren plangintza Gobernu Kontseiluak onartu beharko du, akordioa EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasi eta bederatzi hilabeteko epean, nahiz eta epea luzatu ahal izango den, interes publikoko arrazoiengatik beharrezkoa izango balitz.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak erabaki du plangintza berrikusteko araudia izapidetzen eta onartzen den bitartean bertan behera uztea joko-aretoak instalatzeko eta abian jartzeko baimenak emateko eta izapidetzeko prozedurak, bai eta horietan aldaketak egitekoak ere, lokalaren azalera gehitzea ez dakarten obren kasuan izan ezik; era berean, denbora horretan bertan behera geratuko dira joko-makinak ustiatzeko baimen berriak ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko