Josu Erkoreka: "Legealdiaren azken txanpa honetan ahalik eta lege gehien onartzen saiatuko gara"
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkoreka elkarrizketatu dute gaur Onda Vascako "Euskadi Hoy" saioan, eta, bertan, gaurkotasun politikoaren errepasoa egin du.
Gaur goizean Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Euskadiko hauteskunde autonomikoez galdetuta, esan du, askotariko iritziak egon arren, Lehendakariak ez duela ezer esan. "Ez dugu hauteskunde deialdiaren zantzurik", gaineratu du. Josu Erkorekak azpimarratu du une honetan duten agindu bakarra legegintzaldiaren azken egunera arte gobernatzea eta Gobernu Programa betetzea dela. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren ekimen arauemaileak aurrera atera ahal izateko lanean ari direla azpimarratu du sailburuak. "Legealdiaren azken txanpa honetan ahalik eta lege gehien onartzen saiatuko gara", esan du.
Egiteke dauden transferentzien inguruan, Josu Erkorekak aitortu du Gernikako Estatutua urtebetean osatzea asmo handiko helburua dela; baina ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak baduela horretarako prestasuna eta borondatea. Ildo horretan, sailburuak adierazi du lana aurreratuta dagoela, eta ahal den lekuraino iritsiko dela. Gizarte Segurantzaren Erregimen Ekonomikoaren eskumenari dagokionez, Josu Erkorekak gogorarazi du Sanchezen inbestidura akordioak, EAJk eta PSOEk adostutakoak, egiteke dauden transferentzia guztiak hartzen dituela, baita Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoa ere.
Halaber, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak EAJren eta PSOEren arteko akordioak barne hartzen duen Euskadiren etorkizun politikoari buruzko atala aipatu du. Horren harira, Erkorekak esan duGernikako Estatutua betetzetik harago doan etorkizuneko autogobernu batean aurrera pausuak emateko akordioa dela.
Dolores Delgado Estatuko Fiskal Nagusi izendatzeari dagokionez, Erkoreka sailburuak aitortu du, independentziaren ikuspegi formaletik, Ministroa izatetik Estatuko Fiskala Nagusira igarotzea ez dela egokiena, "baina mota guztietako kasuak ikusi ditugu". Hala ere, garrantzitsuena nola jokatzen duen dela azpimarratu du bozeramaileak, eta horretarako bere lana ikusi arte itxaron behar dela gaineratu du.