Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Amaitu da MUGAKen bigarren edizioa, inoizko internazionalena eta herritarrengandik gertukoena

2020.eko urtarrilak 10
  • 45.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan antolatu diren ehundik gora jarduera eta erakusketetan

  • Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuaren arabera, aurtengo edizioan “MUGAK erreferente bihurtu da mundu osoan”

45.000 lagunek baino gehiagok parte hartu dute MUGAK Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan azken hiru hilabeteotan Donostian, Bilbon eta Gasteizen antolatu diren ehundiko gora jarduera eta erakusketetan. Hurrengo igandean, urtarrilak 12, oraindik ere zabalik dauden erakusketak amaituko dira, eta balorazioa “ezin da positiboagoa izan”, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak esan duenez. 2017az geroztik, Jaurlaritza da MUGAKen sustatzaile nagusia.

Hurrengo bi egunetan zabalik jarraituko duten erakusketak ikustera ere animatu ditu herritarrak Arriola sailburuak, eta oso positibotzat jo du “mundu-mailan, arkitektura garaikideak gizartean eta kulturan duen garrantziaz hausnartzen dutenen artean, MUGAK erreferente bihurtu izana”.

Aurtengoa bigarren edizioa izan du MUGAKek, eta ezer nabarmentzekotan, herritarrekin lotura estu-estua sortu izana aipatu beharko litzateke. Horren erakusgarri da, Arriolaren iritziz, “proposamenetako batzuk kalean erakutsi izana, horrek gogoeta pizteko eta arkitektura herritarrengana hurbiltzeko balio izan baitu”. Horrekin batera, Donostian ez ezik Bilbon eta Gasteizen ere hainbat jarduera antolatu izana garrantzi handikotzat jo du sailburuak, eta etorkizunean ere horrelaxe jarraitu nahi dutela aitortu du.

Babesle pribatuen laguntza ere nabarmendu nahi izan du sailburuak, haien babesak “oinarri ezin sendoagoak ematen baitizkio Bienalari, etorkizunari begira batez ere”. Aurten, 45.000 lagunek parte hartu dute MUGAKen, orain bi urte baino dezente gehiago, orduan Bienalak 30.000 lagun inguru elkartu baitzituen.

Erakusketa, hitzaldi, lantegi, bisita gidatu eta film-emanaldi ugari izan dira aurtengo edizioan, eta arkitekturaren, artearen eta kulturaren arteko loturetan sakontzeko aukera eman digute den-denek, tartean baita hainbat alorretako adituek herritarrekin izandako debate ezin oparoagoek ere.

Gurean nazioarteko aditu ugari egon izana da aurtengo edizioaren ezaugarri nabarmenenetako bat. Arkitekturagaraikideko figura bikainenetako batzuk etorri dira gurera aurten; besteak beste, Erresuma Batuko Stephen Bates, Peruko Sandra Barclay eta Jean Pierre Crousse, eta Mexikoko Tatiana Bilbao, bai eta René Spitz, Klaus Klemp eta Martin Mäntele aditu alemanak ere.

Garrantzi handiko ekitaldiez gozatzeko aukera ere izan dugu aurtengo MUGAKen; ezin aipatu gabe utzi Álvaro Siza eta Rafael Moneo Pritzker saridunak solaskide izan dituzten topaketak, edota txinatarra eta japoniarra bezalako arkitektura-tradizio ezezagunak gure errealitatera hurbiltzeko balio izan duen jarduerak, Liu Yang, Ding Yao eta Yoshihiko Itoentzutetsuak gurera ekartzeko aukera ere eman digutenak. Guztira, 52 hitzaldi eta jardunaldi antolatu dira, eta joan den urriaz geroztik, eta bi hilabetez, 115 hizlari izan dira gurean.

Baina urrutira joan gabe, bertako arkitektura-tradizioak ere izan du bere lekua aurtengo Bienalean; hortxe daude, esate baterako, Solak K , Kursaal jauregian antolatua, As Built-De la Hoz Fontán eta Donostiako Alde Zaharra eta Portua: Monumentu Multzoa erakusketak.

Donostian dagoen Euskadiko Arkitektura Institutuaren (EAI) egoitzan egin dira aurtengo ekitaldi eta jarduera nagusiak, baina Gasteizen eta Bilbon ere egon da zer ikusi eta ikasi. Arkitekturak eta hirigintzak gizartean duten inpaktuanardazturik, maila handiko eztabaidak antolatu dira MUGAKen, hala nola Bilbon hiriei eta zaintzei buruz antolatutako saioa, Zorrotzaurreri buruzko jardunaldia edota Donostian ikusgai egon den Belaunaldiarteko etxebizitza erakusketa, gaur egungo etxebizitzek XXI. mendera behar bezala egokitzeko nolakoak izan beharko luketen aztertzea helburu zuena.

Beste jarduera batzuk ere izan dira; esate baterako, Tokioko Nagakin dorre ospetsuko bizitegi-kapsulen erreplika, gure ondare modernoa babestu beharraz eta bizitoki minimoez hausnartzen lagundu diguna, edota Muga instalazioa, Melillako muga zeharkatzeko pertsona migratzaileek erabilitako eskailerekin sortua, gaur egungo munduan nagusi diren desberdintasunei buruzko eztabaida piztu duena, mugek eragiten dituzten arrakala sakonei buruzkoa batez ere. Bi instalazioak ikono bihurtu dira Bienalaren aurtengo edizioan.

Aurtengo edizioko erakusketa nagusia Sistemen diseinua: Ulm-eko eskola eta Braun konpainia izan da, eta bertan, Bigarren Mundu Gerraren ostean Alemanian eraikitzen hasitako egitura industrial, sozial eta politikoan berebiziko eragina izan zuen eskolaren ondarea gordetzen duten hiru artxiboak batu dira lehen aldiz, eskola bikain horren planteamendu intelektualek gaur egungo diseinugintzarako ere balio dutelakoan.

Erakusketa hori MUGAKen bi egoitzetan egon da ikusgai, San Telmo museoan eta Euskadiko Arkitektura Institutuan, baina Tabakaleran ere egon da zer ikusi, Sistemen diseinua erakusketarekin lotuta, Orain diseinua! erakusketa ikusteko aukera izan baita bertan, arkitekturak eta diseinuak gizartea nola aldaraz dezaketen gaitzat harturik.

Aurtengo MUGAKen denetariko gaiak landu dira: ingurumenak, gizarteak eta ekonomiak jasangarritasunarekin duten lotura, puri-purian dauden eztabaidak, artearen eta kulturaren arteko uztardurak, ospe handiko kazetari, artista plastiko eta diseinatzaileen arteko solasaldiak…

Hori guztia dela tarteko, Pedro Astigarraga MUGAKeko komisarioak zera esan du: “Bienalaren bigarren edizio onek oso programazio sendoa izan du, eduki guztiak pluraltasun eta transbertsaltasun handikoa izan dira, eta inoiz baino are gertuago egon gara herritarrengandik”; Astigarragak, gainera, beren eginahala eskertu die Bienalean laguntzaile aritu diren hogeita hamarren bat entitateei.

Astigarragak bereziki nabarmentzat jo du Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle eta irakasleek aurtengo MUGAKen egin duten lan aparta: “haien babesik gabe, eskolen asteak ez zuen izango izan duen arrakasta, ekimen horrek bereziko pisua izan baitu aurtengo edizioan”.

Aste horretan zehar, urriaren 21etik 25era bitartean, Europa osoko sei eskolatako 600 ikasle elkartu ziren Donostian: Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikokoak, Toledokoak, Coruñakoak, Bordelekoak, Montpellier-ekoak eta Wroclaw-ekoak. Den-denek parte hartu zuten, Donostiako Alde Zaharrean, MUGAK Hiria izeneko egitasmoaren barruan antolatutako Hub Uharteak instalazioan eta Reflex Gunean, eta astebetez haien proiektuen berri elkarri ematen egon ondoren, denak ere ikusgai jarri ziren Urgull mendiko hainbat bazterretan. 

Hori guztia dela eta, Astigarraga komisarioak zera esan du: “Arkitektura Eskolek gero eta parte-hartze handiagoa dute gurean, eta horixe da MUGAKen helburu estrategiko mamitsuena, gurea epe luzeko proiektua den aldetik”.

Ia 30 laguntzaile eta 28 babesle

Euskal Herriko Unibertsitateaz gainera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bultzatu du MUGAK, eta laguntzaile modura, hainbat administrazio publiko, kultur entitate eta arkitekturaren alorreko zenbait elkarte egon dira tartean; besteak beste, Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoa eta San Telmo museoa,  Kursaala, Bilboko Guggenheim museoa eta Gasteizko Artium museoa, Donostiako Elizbarrutiko museoa, Museum Cemento Rezola, COAVN, Peña Gantxegi Artxiboa, Maushaus, Habic eta Eraikune klusterrak, Baskegur, Atari, Ancora eta Urbanbat elkarteak, Altxerri, Arteko, Ekain eta Kur galeriak, Espacio Reflex gunea, Gipuzkoako Yoko Onoren Lagunen Elkartea, eta elaller eta Dabadaba.

2019ko MUGAK zenbakitan

  • Europako, Amerikako eta Asiako 115 hizlari baino gehiago, eta 52tik gora jardunaldi eta ekitaldi.
  • 20 erakusketa
  • 37 lantegi-ordu heldu, gazte eta haurrentzat.
  • Lau herrialdetako arkitekturako 600 ikasle
  • Erakusketa, hitzaldi, proiekzio eta lantegietan parte hartu duten 45.000tik gora lagun (2017an 30.000 izan ziren).
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)