Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Argi berdea Donostialdeko Metroko sarbide ahoen diseinu lehiaketaren azken fasearentzat

2011.eko maiatzak 06

Epaimahaiak, lehen fasea gainditu zuten zazpi proposamenen eta nazioarteko panoramako bost arkitekto ospetsuk aurkeztuko dituzten lanen artean aukeratu beharko du

Donostialdeko Metroaren Sarbide Ahoen Diseinu Lehiaketaren epaimahaiak, Iñaki Arriola, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburua buru duela, ikusi eta berehala, Donostialdean eraikiko den metroa identifikatuko duen eta metroaren eraginpeko gunean bizi diren pertsonak metroarekin identifikaturik sentiaraziko dituen proposamena aukeratuko du uda ostean.

Arriola epaimahaiko beste kide batzuekin batera azaldu da, lehiaketa horren bigarren fasearen berri emateko. Bertan, lehen fasea gainditu duten zazpi diseinuek eta parte hartzeko gonbidapen berezia jaso duten mundu mailako izen handiko bost arkitektok aurkezturikoek hartuko dute parte.

Epaimahaiko kide guztiek lehiaketak sortu duen interes handia azpimarratu dute. Izan ere, goi mailako 116 proposamen aurkeztu baitira, eta horrek asko zaildu du zazpi finalistak aukeratzeko lana. Izan ere, aurkezturiko lanen kalitatea eta kopurua ikusirik, epaimahaiak, salbuespen gisa, ideien fasea gainditzea lortu duen diseinuen kopurua bostetik zazpira zabaltzea erabaki du.

Aukeratu diren zazpien gaiak honako hauek dira:

  • Lirain, eskailera estaltzen duen metalezko sareta baten bitartez eraikitako azalera alabeatua. Bere itxura kurbatuak gora egiten du, eskaileraren maldaren inklinazioari jarraituz, eta, bizirik dagoen organismo batean sartuko bagina bezala sartzeko gonbidapena luzatzen digu. Egitura altzairuzko profilen eta korapiloen bitartez eratzen da, eta estaldurarako beira edo ehun plastifikatua proposatzen da.
  • Tirain, olatuak, beti berdinak eta beti desberdinak. Altzairu herdoilezinezko hodiz eginiko egiturari loturiko gelaxkatxoz osaturiko panelak. Panel zeharrargitsuen artean egiturak uzten dituen hutsuneetan, gauez ikustean piezak argi fanal bilakatuko dituzten led panelak egongo dira.
  • Vitaminae, marmokaren antza ematen dion itxura, barrualdean gertatzen dena islatzen duen izaki bizidun gisa arituz. Produktu industrial gisa ulerturiko elementua da, eta bi materialekin baino ez da lanik egiten: lurra ukitzen duen eta lurrari egokitzen zaion harrizko zokaloa eta korlana, bere ezaugarriak aldatu gabe, zeharrargitsua, gardena edo opakoa izan daitekeen materiala.
  • Balea, inspirazio naturala duen bolumen organikoa. Soslai herdoilezina Markinako marmol beltzaren gainean ezartzen da, aurrerapenaren eta historiaren arteko batasuna sinbolizatuz.
  • Lux, gauez, bere ingurunerako argi iturri bilakatzen den diedro zeharrargitsu argiduna. Egitura nagusia, altzairu galvanizatu soldatudun hodizko profilen erretikulak osatzen du, eta estaldura beira tenplatu laminarrez egiten da.
  • Www, itsasoa, mendia, zeruertza, zerua, gizarte industriala eta altzairua dira proposamena inspiratzen duten elementu geografikoak eta kulturalak. Bi espiral, altzairuzkoa bata, beirazkoa bestea.
  • El Pliegue, bere hurbileko ingurunearekin integratu daitekeen sistema malgua. Ideiaren jatorria lurraren manipulazioa da. "Oskolaren" egitura nagusia, obran muntaturik datozen aurre-fabrikaturiko hormigoizko panelen bitartez egiten da. Barrualdetik luzitu egingo dira, eta kanpoaldean zeramikazko piezekin estaliko dira.

Hemendik aurrera, protagonistek bi hilabete izango dituzte beraien zirriborroak garatzeko. Azken emaitza, udan Donostian egingo den jende aurreko erakusketan aurkeztuko da. Hala nahi duten pertsona guztiek iradokizunak edo iritziak aurkeztu ahal izango dituzte, azken produktua hobetu ahal izateko.

Nazioarteko bost arkitekto

Lehen fasetik datozen zazpi finalistei, epaimahaiak bigarren eta azken fasean parte hartzeko epaimahaiak aukeratu dituen bost arkitektoen proposamenak gehitu beharko zaizkie. Guztiek ere curriculum zabala eta inork zalantzan jartzen ez duen ospea dute:

Juan Navarro Baldeweg (Santander, 1939), Madrilgo Arkitektura Goi Eskolan Doktoratua 1969an. Eskola horretako Proiektu Katedraduna da 1977tik. Irakasle izan da Bostonen, Pennsylvanian eta Yalen. 2008an Espainiako Arkitekturaren urrezko domina eman zioten. Bere lanen artean honako hauek azpimarra daitezke, beste batzuen artean: Toledoko Ateko Gizarte Zerbitzuen Zentroa eta Liburutegia (Madril, 1992), Salamancako Jaialdien Jauregia (1992), Extremadurako Juntako sailen egoitza (Mérida, 1995), Salvador Allende Museoa eta Kultur Zentroa (Santiago de Chile, 1993).

Snohetta: 1989an Oslon sorturiko arkitektura, paisajismo eta interiorismo estudioa da. Arrakastaz beteriko karrerari hasiera eman zitzaion bost arkitekto gaztek, Egiptoko Alexandriako Liburutegi berria diseinatzeko nazioarteko lehiaketa ospetsua irabazi zutenean. Gaur egun, enpresak hainbat herrialdetako 115 langile baino gehiagok osaturiko lan taldea du, eta hainbat proiektu eramaten ditu aurrera kontinente guztietan. Snøhettaren diseinuak erreferentzia puntu bilakatu dira mundu osoko arkitekturarentzat. Horietako batzuk garrantzi historiko handia ere badute, New Yorkeko Zero Gunean Irailaren 11ko Oroitzapeneko Zentroaren edo Memorialaren eraikuntza, besteak beste.

Richard Rogers (Florentzia 1933), 2007an, bere karrera bikaina dela eta, Arkitekturako Pritzker Saria irabazi zuen arkitekto britainiarra. Bere lanen artean azpimarratzekoak dira Pariseko Georges Pompidou zentroa, Estrasburgoko Giza Eskubideen Gorte Europarra; Londoneko Millennium Dome, Barajaseko aireportuko T-4ko eraikinak eta New Yorkeko Dorre Bikiak zeuden World Trade Center Tower 3.

Marcio Kogan (Sao Paulo-Brasil, 1952), 2009an Leafs Awards eta 2010ean Design Awards sariak lortu zituen arkitekto brasildarra. Une honetan bere karrerako unerik hoberenean dago. Bere lan gehiena Brasilen burutu du, eta Hego Amerikako arkitektorik hoberenetakotzat hartua dago.

Thom Mayne: (Waterbury Coneccticut, 1947), 2005ean Pritzker saria lortu zuen arkitekto estatubatuarra. Kaliforniako University of Southern izenekoan lizentziatu zen 1968an, eta 1992tik Arteen eta Letren Akademia Amerikarreko kide da. Bere arkitekto lanarekin batera Kaliforniako Unibertsitateko irakasle eta mundu osoko unibertsitateetako irakasle bisitari lanak ere egiten ditu. Arkitektura berritzaile garaikidearen ordezkarietako bat da. Mayne forma berrien etengabeko bilatzailea da, eraikin erabilgarrien eta zirikagarrien sortzailea, eta artea eta gaur egungo teknologia erabiltzen ditu estilo dinamikoa sortzeko. Bere lan nagusiak Zilarrezko Etxea (1984), Delmar Etxea (1976), Blades Residence (1995) eta Seuleko Dorrea (1997) dira.

Diseinu arkitektonikoa

Azkenik, epaimahaiak proposamen edo lehiakide bakarra aukeratuko du, eta irabazleak, eraikuntza proiektua idazten den bitartean sarbide ahoen diseinu arkitektonikoan aritzeko agindua jasoko du. Eraikuntza proiektua, bere unean burutuko den lehiaketa publikoan esleipena lortzen duen ingeniaritza enpresak egingo du.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoak aldaketak sartu ahal izango ditu proiektuan, bidezkoak iruditzen zaizkion alderdi guztietan, etorkizunean eraikiko den Metroaren gainerako proiektuekin hobeto koordinatzeko eta homogeneizatzeko.

ETS-ren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO-COAVN) artean sinaturiko hitzarmenari esker, erakunde horrek, bere Lehiaketa Bulegoaren bitartez, dokumentazio teknikoa prestatzeko, lehiaketa profesionalen artean hedatzeko eta lehiaketaren kudeaketarako beharrezkoak diren idazkaritza lanak hartuko ditu bere gain, lehiaketak dituen bi faseetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)