Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak ardien metano emisioak neurtzeko NEIKERek dituen azken belaunaldiko instalazioak bisitatu ditu

2020.eko urtarrilak 08
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Azpiegitura horrekin –NEIKERen artalde esperimentalari gehitu zaio–, aurrera egingo da abere hausnarkarien elikagaien efizientzia eta jasangarritasuna hobetzeko 
  • Halaber, Landare Hazkuntzaren Laborategia ere ezagutu du, zeinean NEIKERek zuhaitzak ugaltzen baititu, gaixotasun berriekiko zein klima aldaketak ekarriko dituen baldintzekiko erresistenteak

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk NEIKER bisitatu du gaur, Arkautin, lehen eskutik ezagutzeko zentro teknologikoak egiten duen lana nekazaritza-abeltzaintza eta basogintza sektorearen berrikuntzaren inguruan. Ondoan izan ditu Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua; Estibaliz Hernaez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Alberto Fernandez, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria; Ricardo Bueno, BRTAko zuzendaria, eta Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia.

Ekoizpen prozesu jasangarrien eta ingurumena errespetatzen dutenen garapena,klima larrialdiaren aurkako borroka hainbat arlotatik, eta basoen hobekuntza, horiek izan dira gaurko bisita ardaztu duten NEIKERen ikerketa ildoak.  

NEIKERen egon den bitartean, lehendakariak azpimarratu du garrantzitsua dela 2020. urtea lehen sektorearekin hastea, eta ikerketarekin eta berrikuntzarekin duen lotura nabarmendu du. “NEIKER nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako sektorearen eta ingurumenaren ikerketara bideratutako teknologi zentroa da. Aurre egin behar diogun erronka ekologikoaren esparruan erantzunak eta aukerak aurreratzen dituen zentro bat da hau.  Kontua da nekazaritza sektorearen hobekuntzan eta berrikuntzan aurrera egitea, bioekonomiarekiko konbergentzian, edo hazkuntzarako aukera bilatzen, produktu naturalagoak eta osasungarriagoak lortzeko. Horretarako, NEIKERek puntako instalazioak ditu lehiakortasunaren eta klima aldaketa arintzearen zerbitzura”, adierazi du.

Instalazio berriak metano isurketak neurtzeko

NEIKERek azken belaunaldiko ekipamendu bat instalatu berri du Arkautin, ardien metano isurketak neurtzeko. Arnasketa ganbera batzuk dira, eta lehendakariak horiek ezagutu ahal izan ditu bisitan zehar.

Azken belaunaldiko instalaziotzat jotzen dira, gold standard eredukoak, ganaduak botatzen duen metanoa neurtzeko, neurketak in vitro edo in vivo metodoekin baino modu zehatzagoan egiten laguntzen dutenak. Horretarako, beharrezkoak dira gela hermetiko batzuk, airearen zirkulazio sistema guztiz monitorizatua, tenperatura eta hezetasun  kontrolatuko giroa, eta ekipamendu berezi bat, oso espezializatua, neurketen ziurgabetasunik txikiena bermatzeko. Azpiegitura berri horrekin –NEIKERen artalde esperimentalari gehitu zaio–, finkatu egiten da abere hausnarkarien elikagaien efizientzia eta produktibitatearen hobekuntza eta jasangarritasuna ikertzeko ekipamendua. Arnasketa ganberen bidez lortutako informazioa oso baliagarria da emisio gutxiago sortuko duten elikadurako jarraibideak diseinatzeko. Halaber, genetikoki efizienteenak diren eta metano gutxien isurtzen duten animaliak identifikatzea ahalbidetzen du, horiek lagunduko baitute abeltzaintzak ingurumenean eragiten duen inpaktua murrizten. Kantauri aldean eta ipar inguruan horrelako ezaugarriak - bereziki abereentzat- dituen azpiegitura bakarra da. Horrenbestez, NEIKER teknologiarik berrienekin hornitu da, animalien nutrizioaren eta hobekuntza genetikoaren inguruan egun dauden erronkei ekiteko.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren eta IHOBEren estatistiken arabera, metano isurketak berotegi efektuko gasen isurketa totalen %5 eta %6 dira estatuan eta Euskadin, hurrenez hurren, eta batez ere hausnarkarien digestioaren fermentaziotik datoz. Aitzitik, metanoak berotzeko duen ahalmena CO2arena baino 25 aldiz handiagoa da, eta horregatik da garrantzitsua hori murrizten lagunduko duten estrategiak diseinatzea. Eta NEIKERen ikerketen helburua da hausnarkarien elikaduraren efizientzia %10-%20 hobetzen saiatzea. Gainera, elikaduraren efizientziaren hobekuntza horrek aukera emango lieke abeltzainei elikaduraren kostuak murrizteko, baita ere nekazaritzako lurraren beharra murrizteko, horietan gaur egun animaliak elikatzeko laboreak eta bazka ekoizten direlarik; ondorioz, zuzenean gizakien elikadurarako erabili ahal izango dira.

Zuhaitzak ugaltzea

Basoen hobekuntzara zuzendutako ikerketa ere izan da gaurko bisitaren ardatzetako bat. Kasu horretan, lehendakaria Landare Ehunen Hazkuntzako Laborategira hurbildu da, zeinean NEIKER basoko espezieak hobetzeko lanean ari baita. Zehazki, gaixotasun berriekiko eta klima aldaketak berekin ekarriko dituen baldintza berriekiko (muturreko tenperaturak, ur gutxiago…) erresistenteak izango diren zuhaitzak lortu nahi dira, eta basoko espezieak hobetu eta nahi diren ezaugarriak dituzten aleak eskala handian erreproduzitu.

Horretarako erabiltzen den teknologietako bat da enbriogenesi somatikoa, hau da, estres egoeretara egokituta egon daitezkeen eliteko enbrioiak lortzea, eta, aldi berean, horien oinarrian dagoen ehun enbriogenikoa kontserbatu nahi da. Landare klonalak lortzeko metodo berritzaileak, gainera, basoetako produktibitatea handitzea ahalbidetzen du eta, ondorioz, basoko produktuen eskari gero eta handiagoari erantzutea.

NEIKERek Pinus radiata-ren enbriogenesi somatikoan egin duen lanari esker, nazioarteko erreferente bihurtu da gaiari buruzko ezagutzari dagokionez, eta bertako ikertzaileek egurraren multinazional handien aholkulari tekniko gisa lan egin dute, esaterako, Txileko Araucon eta Minincon edo Zeelanda Berriko Scion baso ikerketa zentroarekin.

Informazio gehiago: https://bit.ly/2tBUThY

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Ricardo Bueno, BRTAko zuzendaria