Berriak Lehendakaritza
Eu

Josu Erkoreka inbestidurari buruz: "Beharrezko urratsa da, positiboa eta norabide onean"

2020.eko urtarrilak 07

Josu Erkoreka bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin batera.

Kazetariek Pedro Sanchezen inbestidurari buruz galdetu diotenean, Bozeramaileak azpimarratu du inbestidura aurrera aterako balitz, beharrezko urratsa izango litzatekeela, positiboa eta norabide onean. Bozeramailearen iritziz, Gobernua egoteak aukera emango du alde biko harreman instituzionalean egiteke dauden konpromisoei heltzeko; eta, gainera, egiteke dauden transferentziak burutu eta aitortutako autogobernua betetzeko egutegiari eta planari heltzeko ere. Halaber, positiboa dela azpimarratu du, Espainiako Gobernu berria Estatuak dituen egiturazko erronkei erantzuten hasi ahal izango delako, arlo guztietan: ekonomikoan, sozialean, lurraldekoan, instituzionalean eta politikoan.

Transferentziei dagokienez, Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak esan du, autogobernu-arloaren arduraduna den aldetik, ardura hori nork hartuko duen jakin bezain laster, harekin harremanetan jarriko dela. "Garrantzitsua da alde biko lanari berriro heltzea eta Gernikako Estatutua lehenbailehen betetzea. Eusko Jaurlaritza prest dago, elkarrizketak eta dokumentazio aurreratua daude", esan du. Zehazki Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren Kudeaketari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak azaldu du hori Euskadiren eskumena dela, Gernikako Estatutuaren 18. artikuluak adierazten duen moduan, eta zehaztu du EAJren eta PSEren artean sinatutako Eusko Jaurlaritzaren programan lehentasunezko bi transferentzietako bat dela.

Kazetariek Kataluniari buruz galdetu diotenean, Bozeramaileak positibotzat jo du PSOEk eta ERCk elkarrizketarako eta akordio bat lortzeko berretsitako ituna, baita akordio hori herritarrei kontsultatzea ere. Ildo horretan, Josu Erkorekak gogorarazi du Lehendakariak behin baino gehiagotan planteatu duela "elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena" formula.

EUSKADIKO EKONOMIA ZIRKULARRAREN ESTRATEGIA

Iñaki Arriola  Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko Ekonomia Zirkularraren Estrategia” onetsi duela, datozen urteotarako ibilbide-orria. Haren bidez, Euskadi lehiakorragoa eta jasangarriagoa izango da, eta bertan bizi garenoi ongizate hobea eskainiko digu. “Euskadi Europan ekonomia zirkularraren arloan erreferente den eskualde gisa kokatu nahi dugu; bertan, ingurumena jasangarritasuneko, lehiakortasuneko eta enplegua sortzeko funtsezko eragile bilakatu behar da, eta hazkuntza ekonomikoa baliabide naturalen kontsumotik, hondakinen sorreratik eta berotegi-efektuko gasen emisiotik banandu behar da”, esan du Arriolak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak azaldu du Estrategiak hiru helburu handi ezartzen dituela: % 30 handitzea produktibitate materiala; % 30 handitzea material zirkularren erabilera-tasa, eta % 30 murriztea BPGd-aren unitateko hondakinen sorkuntza-tasa. Estrategia horren aplikazioarekin espero diren emaitzei dagokienez, Arriolak esan duenez, hiru adierazle finkatzen dira ingurumen, gizarte eta ekonomia arloetan: kontsumoari lotutako karbono isurketak %26 murriztea, euskal enpresek produktu zirkularragoetan duten fakturazioa 10.000 milioi euroraino handitzea, eta 3.000 lanpostu sortzea ekonomia zirkularraren esparruan.“Ekonomia zirkularraren sustapenak aukerak dakartza Euskadi lehiakorragoan, modernoagoan eta jasangarriagoan aurrera egiteko”, esan du, amaitzeko.

GARDENA

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak “GardenaEusko Jaurlaritzaren gardentasuneko eta informazio publikorako atari berria abian jarri duela.Bozeramaileak azaldu duenez, web-espazio birdiseinatua da, herritarrek informazio publikorako duten irisgarritasuna hobetzeko. “Gure helburua da nahi duten pertsona guztiek euskal administrazio publikoaren informaziora erraz, intuitiboki, edozein lekutatik, edozein ordutan eta edozein gailutatik jo ahal izatea”, esan du. Erkoreka sailburuak nabarmendu du atari berria smartphonetatik eta tabletetatik kontsultatzeko bereziki diseinatuta dagoela.

Josu Erkorekak nabarmendu du administrazio elektronikoarekiko konpromisoaren ardatz nagusietako bat dela herritarrek informaziora jotzeko duten aukeran dagoen lidergo-posizioari eustea. Hori horrela nabarmendu du Espainiako Gobernuak azaroan argitaratu duen “Web Irisgarritasunaren Behatoki”ak honako hau ezarri duela:Euskal Autonomia Erkidegoko berezko webgune guztiak irisgarritasun-eskakizunak betetzen ari dira; eskakizun horiek guztiak betetzen dituen autonomia-erkidego bakarra da eta, beraz, Euskadi erreferentea da gai horretan”.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak