2019an Euskadin trafiko-istripuetan hildako 51 pertsonetatik ia % 60 kolektibo zaurgarrietakoak ziren
Euskadiko kale eta errepideetan hildako motor-gidari, oinezko eta txirrindulari kopurua beste ibilgailu batzuetako gidari kopurua baino handiagoa da jada
2019/12/31
Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak eta Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gaur aurkeztu dute Euskadiko ezbehar-kopuruari buruzko datuen behin-behineko balantzea. Urtea amaitzear dagoela, guztira 51 pertsona hil dira, 2018an baino 9 gehiago, eta horietatik ia % 60 kolektibo zaurgarrietakoak ziren (16 motor-gidari, 13 oinezko eta txirrindulari bat). Prentsaurreko berean ikastetxeei zuzendutako ‘Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ prebentzio-programaren 2019ko balantzea ere aurkeztu dute, eta jaiegun hauetan zuhurrak izateko eta arduraz gidatzeko deia ere egin dute, “Gidatu, besterik ez” komunikazio-kanpainaren bidez.
Aurten 51 pertsona (43 gizonezko eta 8 emakumezko) hil dira Euskadiko errepideetan eta kaleetan izandako trafiko-istripuen ondorioz: horietako 36 gidariak ziren (16 motor-gidariak, 19 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 2 autoko bidaiariak eta 13 oinezkoak.
Lurralde Historikoen araberako banaketari dagokionez, 19 pertsona hil dira Gipuzkoan, 10 Araban eta 22 Bizkaian.
Bestalde, 425 pertsona zauritu larri izan dira (2018an baino 16 gutxiago).
Aurten erregistratu diren istripuen kopuruari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuta igoera moderatua izan da. Abenduaren 26ra arte guztira 8.167 istripu erregistratu dira (2018an baino 332 gehiago).
“Aurten, zoritxarrez, hildako gehiago izan ditugu Euskadiko errepide-sarean gertatutako trafiko-istripuetan, eta kolektibo zaurgarrietakoak, hau da, oinezkoak, txirrindulariak eta motor-gidariak, % 59 izan dira. Horiei zuzenduta daude bide-segurtasunaren arloko prebentzio- eta sentsibilizazio-programa espezifikoak, besteak beste, familiei zuzenduta dagoen ‘Zirkulatzeko Prest’ eta motor-gidariei zuzenduta dagoen ‘Nire gurpiletan jar zaitez’. Horrez gainera, ‘Don`t be Dummy-Zuk ez duzu ordezkorik’ programa batez ere gazteei eta gidari izan aurreko adinean daudenei zuzenduta dago. Guztien helburua kolektibo horien ezbehar-kopurua murriztea izanik”, adierazi du Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordeak, eta bide-segurtasuna gizarte osoaren kontua denez, “herritar guztion ardura da gure kale eta errepideak zirkulatzeko seguruagoak izatea lortzea”, azpimarratu du.
Bestalde, nabarmendu du trafikoaren balantzeari buruzko datuak lehenbiziko aldiz atera diela Euskadiko Trafiko Istripuen Biktimen Erregistrotik. Erreminta hori 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren baitan sortu da, eta helburua du istripu batean eragina duten faktore guztiak jasotzea, hain zuzen ere, Trafikoko eta Bide Segurtasuneko politikak egokitu ahal izateko ikerketa eta analisi lanak doitzeko.
- urtean 42 pertsona hil ziren Euskadin izandako trafiko-istripuetan: horietako 29 gidariak ziren (14 motor-gidariak, 14 auto-gidariak edo beste ibilgailu batzuen gidariak eta 1 bizikleta-gidaria), 5 autoko bidaiariak eta 8 oinezkoak.
2019an orain arte 2018an baino gidari eta oinezko gehiago hil dira, baina bidaiari gutxiago. Lurralde Historikoen arabera, behera egin du hildakoen kopuruak Araban (2018an baino 3 gutxiago), eta gora egin du Gipuzkoan (2018an baino 6 gehiago) eta Bizkaian (6 gehiago).
Datu horiek Ertzaintzak zein udaltzaingoek erregistratutako istripuei dagozkie, eta hiri-bideetan eta hiri arteko bideetan trafiko-istripuetan izandako hildakoak ere hartzen dira barnean.
Urte Zahar gauerako gomendioak
Bestalde, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak gogoratu duenez, “egun hauetan funtsezkoa da Euskadiko trafiko-istripuetan izaten diren hiru faktore nagusiak kontuan izatea: abiadura desegokia, alkohol eta droga kontsumoa eta arreta galtzeak. Gure asmoa da mezu horiek errepideak erabiltzen dituzten pertsona guztiengana iristea ‘Elige conducir/Gidatu, besterik ez!’ komunikazio-kanpainaren bidez. Kanpaina hori irrati eta ETB bidez eta @TrafikoaEJGV Twitter kontuaren eta informazio-mezuen panelen bidez zabaltzen ari gara”.
Bestalde, aukeraz baliatuz, Díaz de Corcuerak hainbat gomendio egin ditu jaiegun hauetarako.
- Komeni da erabiliko diren errepideen zirkulazio-egoerari buruzko informazioa begiratzea www.trafikoa.eus webgunean, @trafikoaEJGV Twiter kontuan, TrafikoaEJGV APPan eta arreta 24 orduetan ematen duen 011 telefono-zenbakian.
- Alkoholdun edarien eta drogen kontsumoa ez da bateragarria gidatzearekin. Bide-segurtasunaren aurkako delitu bat da, eta eragin ditzakeen istripuek ondorio larriak izan ditzakete.
- Une oro errespetatu behar dira zirkulazio-arauak, baita trafiko-agenteen jarraibideak ere.
- Komeni da gidatzea errepidearen inguruabarretara egokitzea.
- Gomendatzen da errepidean arreta jartzea, GPSarekin edo smartphoneekin arreta galdu gabe.
- Arreta eta prekauzioak areagotu behar dira Eguberrietako ospakizun handien aurreko eta ondorengo joan-etorrietan.“Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” ekimenaren laburpena.Bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako prebentzio-programa ibiltaria, abian jarri zenetik, 42 udalerritako (6 Araban, 18 Bizkaian eta 18 Gipuzkoan) 138 ikastetxetara iritsi da, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak barne direla, eta guztietan ikasle ugarik parte hartu dute.Programan, Dummyk (automobil-industrietan ibilgailuetako segurtasun-probak egiteko erabiltzen diren manikien antzekoak) hainbat gorabehera bizitzen ditu —oro har, traumatikoak—, eta gorabehera horiek trafiko-istripuen biktimen edo horien familiartekoen lekukotasunekin, bai eta horiek artatzen dituzten profesionalenekin ere, tartekatzen dira.
- Programan lankidetzan dihardute: Stop Accidentes elkarteak, Bizkarrezur Muinaren Lesioa Aztertzeko Elkarteak (AESLEME), Ertzaintzak, udaltzaingoek, Osakidetzak, Salbamenduak eta Larrialdietako Zuzendaritzak.
- Guztira 87 ekitaldi programatu dira, eta horietan 22.200 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute. Horien % 93k balantze positiboa egin dute ekimenaz, eta % 98k adierazi dute prebentzio-neurri gehiago hartuko dituztela etorkizunean.