Berriak Osasuna

Umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko programa berriari esker, baheketa-proba egiten duten emakumeen estaldura bikoiztu egin da urte eta erdian

2020.eko urtarrilak 02
  • 2018ko ekainean biztanleria-programa abian jarri zenetik, gutun bidezko gonbidapen zuzenaren bidez, 59.830 emakume joan dira osasun-zentrora zitologia bat egitera
  • Programa dagoeneko ezarrita dago Euskal Autonomia Erkidego osoan, abenduan Barakaldo-Sestao, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta eta Uribe ESIak sartu ondoren

 

Osakidetzak dagoeneko amaitu du Umetoki Lepoko Minbizirako Biztanleria Bahetzeko Programa ezartzen Euskal Autonomia Erkidego osoan, abenduan Barakaldo-Sestao, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta eta Uribe ESIak programan sartzearekin batera. Hain zuzen, azken horiek falta ziren programarekin bat egiteko. Hala, programa abian jarri zenetik, guztira 59.830 emakumeri gutun bidez zita egin zaie osasun-zentrora proba erraz bat egiteko, umetoki-lepoko minbizia (emakumeen artean laugarren ohikoena) garatu aurretik minbiziaren aurreko lesioak detektatzearren.

Beraz, programa —Debabarrenean 2018ko ekainean hasi zen esperientzia pilotu gisa— Osakidetzako ESI guztietan garatzen ari da dagoeneko, hiru lurraldeetan. Lehen fase honetan, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei eman zaie lehentasuna proba egiteko gonbidapena bidaltzeko garaian, eta, pixkanaka, adin-tartea zabaltzen joango da. Hala, 2023rako, 25 eta 65 urte bitarteko Euskal Autonomia Erkidegoko xede-biztanleria osora iritsi ahal izatea espero da.

Euskal Osasun Zerbitzuak oso balantze positiboa egin du. Programa zabaldu den lehen urte eta erdi honetan, zitologia egiteko gutuna jasotzen duten bi emakumetik bat bere osasun-zentrora joatea lortu da. Horri esker, biztanleria-baheketaren programan parte hartu dutenei programa oportunistaren bidez bahetu direnak gehitzen bazaizkie, umetoki-lepoko minbizia goiz detektatzeko proba egiten den emakumeen estaldura bikoiztu egin da, % 33,8tik % 63,8ra.

Gogorarazi behar da Osakidetza duela 25 urte hasi zela herritarrei zitologia eskaintzen, baina modu oportunistan; hau da, pazientea ginekologia-kontsultara beste arrazoi batengatik joaten zela baliatuz, proba egiteko aukera planteatu zitzaion. Hala ere, formula horrek desberdintasunak eragiten zituen sarbidean (adinaren, maila sozioekonomikoaren… arabera) eta eskainitako baheketa-tartean.

Hortaz, Osasun Sailak eta Osakidetzak lehentasunezkotzat ezarri zuten osasun-sisteman prozesu antolatu eta integratu bat garatzea, ahalik eta emakume gehienengana iritsi ahal izateko, gutun bidezko zuzeneko gonbidapenaren bidez. Horrenbestez, 2018-2023 aldirako Euskal Autonomia Erkidegoko Plan Onkologikoaren helburuetako bat izan da umetoki-lepoko minbiziaren biztanleria-programa ezartzea.

PROGRAMAREN GAKOAK

Programa horrek antolaketa-erronka handia ekarri du berekin, eta zutabe hauetan oinarritzen da:

 

  • Ebidentzia zientifikoari jarraituz, baheketa honela egiten da:

 

25-34 urte arteko emakumeak, zitologia (zelulen analisia) 3 urtean behin.

35-65 urte arteko emakumeak, giza papilomaren birusa detektatzea 5 urtean behin.

 

  • Ingurune likidoa laginak biltzeko bitarteko gisa sartzea; horrela, laginak prozesatzeko kalitatea areagotzeko.
  • 35 urtetik gorako emakumeen kasuan, arrisku handiko birusaren giza papilomaren birusaren proba ezartzea, baheketako lehen proba gisa.
  • Baheketa-proba guztiak Donostiako Unibertsitate Ospitaleko Anatomia Patologikoko Zerbitzuaren mendeko unitate berri batean zentralizatzea. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko baheketa-lagin guztiak aztertzen dira.
  • Prozesu osoaren trazabilitatea eta ebaluazioa bermatuko duen zirkuitua ezartzea, Osabideri esker (historia kliniko elektronikoa).

 

Euskal Autonomia Erkidegoko minbiziaren biziraupenari buruzko azken azterketaren arabera (2000-2012), denboraldi horretan 1.131 umetoki-lepoko minbizi kasu diagnostikatu ziren: urteko 87 kasu, batez beste. Tumore hori aztertutako aldian emakumeen artean diagnostikatutako tumore gaizto guztien % 2 izan zen. Emakume guztien artean, adinaren arabera estandarizatutako biziraupen garbia % 84,8koa izan zen diagnostikoa egin zen urtean, eta % 63,3koa bost urteren ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak