Berriak Osasuna
Eu

Gripea motel ari da gorantz Euskal Autonomia Erkidegoan, nahiz eta dagoeneko 120 ospitalizazio eragin dituen

2019.eko abenduak 27

Azken aste honetan, 100.000 biztanleko 64,2 kasuko eragin-tasa izan da; aurreko astearen oso antzekoa

Osasun Sailak eta Osakidetzak herritar kalteberenei gogorarazten diete abenduaren 31ra arte oraindik txertoa har dezaketela

 

Gripearen eraginak gora egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan; neurriz, hala ere. Eragin-tasa 100.000 biztanleko 64,2 kasukoa izan da azken aste honetan; aurreko astean erregistratutakoa (59,7) baino pixka bat handiagoa. Hain zuzen, aurreko aste horretan gainditu egin zen lehen aldiz atalase epidemikoa; 100.000 biztanleko 52,6 kasukoa denboraldi honetan. Osasun Sailak eta Osakidetzak arrisku-taldeen barruan dauden herritarrei gogorarazten diete abenduaren 31ra arte beren osasun-zentrora joan daitezkeela txertoa hartzera.

Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza Epidemiologikoaren Sarearen —Mediku Jagoleak— azken txostenak, abenduaren 16tik 22ra bitarteko aldiari dagokionak, gorakada txiki bat dagoela nabarmentzen du, baina gripearen eraginak txikia izaten jarraitzen du. Lehen Mailako Arretako sareak 814 kontsulta artatu ditu aste honetan gripe-sindromeagatik. Gainera, denboraldi honetan, orain arte, gripe egiaztatuko 120 ospitalizazio-kasu jakinarazi dira, eta horietatik 37k larritasun-irizpideak betetzen dituzte. Gripeak eragindako konplikazioen ondorioz lau pertsona hil direla ere jasotzen du txostenak. Guztiek arrisku-faktoreak zituzten edo 64 urtetik gorakoak ziren.

Txertoaren garrantziaz jabetuta, Osasun Sailak eta Osakidetzak erabaki zuten txertaketa-kanpaina zabaltzea —urriaren 14an hasi zen eta hasiera batean sei aste iraungo zituen—, abenduaren 31ra arte, ahalik eta pertsona gehienei txertoa jartzeko, betiere arrisku-taldeen barruan badaude, hau da, gaixotasun kronikoren bat badute, 65 urtetik gorakoak badira edo haurdun badaude. Hori guztia dela eta, datozen egunetan, pertsona horiek oraindik ere beren osasun-zentrora joan daitezke txertoa hartzera.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute txertoa dela, bere segurtasunagatik eta eraginkortasunagatik, modurik eraginkorrena gripeari aurre egiteko eta hura kutsatzearen ondorioz osasunean konplikazioak saihesteko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko abenduaren 27a

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau