Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak 630.000 euro bideratuko ditu 2020an arte eszenikoak sustatzera (Gobernu Bilera 2019-12-26)

2019.eko abenduak 26

Deialdiak jasotzen dituen bost modalitateetako batek kaleko antzerki zirkuitu bat sustatzea du helburu 

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 630.000 euroko partida onartu du, bere gaurko bileran, 2020an arte eszenikoak sustatzeko, bost modalitate desberdinen bidez. Gaur onartutako deialdiaz horretaz gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntza lerro bat bideratzen du urtero arte eszenikoen ekoizpenera, bai eta beste bi modalitate ere antzerki-testuak eta dantza koreografikoak sortzera.

2018an arte eszenikoetara bideratutako diru-laguntzak birdefinitu egin ziren, arte eszenikoen inguruko politika bateratuak sustatzeko xedearekin, antzerkiaren zein dantzaren arloen inguruko ikuspegia batuz. Horrela, prestakuntza, arte eszenikoen sustapena eta hedapena barne hartzen dituzten bost modalitatetan banatzen dira diru-laguntzak. Iaz bezala, egonaldi-proiektuak sustatzera zuzendutako laguntzak arte eszenikoak sustatzeko beste proiektu mota batzuetara ireki dira (egonaldiak barne). Honako hauek dira aurtengo bost modalitateak.

  • Antzerki arloko profesionalen prestakuntza.
  • Dantza prestakuntza.
  • Arte eszenikoak sustatzea (egonaldi-proiektuak barne).
  • Kaleko antzerkia sustatzea: Xedea da kaleko zirkuitu bat bultzatzea, bai eta antzerki eta dantza konpainien bideragarritasuna sustatzea ere. Kasu honetan, udalek jasotzen dituzte diru-laguntzak, baina zeharkako onuradunak konpainiak dira, kontratazioak diru-laguntzei esker ugariko baitira.
  • Dantza zirkuitua: Helburua da kalitatezko zirkuitu bat eratzea, eta horretarako konpainiek jasotzen dituzte diru-laguntzak eta kontratazioak ugaritzen dira.

Deialdi honetaz gain, arte eszenikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak diru-laguntza lerro bat dauka arte eszenikoen ekoizpenera bideratuta (1.460.000 euroko aurrekontua izan du aurten). Era berean, kultur sormena sustatzeko deialdiko zazpi modalitateetatik bi arte eszenikoei lotuta daude: antzerki-testuak eta dantza koreografikoak. Azkenik, Eusko Jaurlaritzak proiektu, jaialdi eta ekimen ugari babesten ditu, diru-laguntza izendunen bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko