Berriak Osasuna

Osasun Sailak 522 milioi euro bideratuko ditu 2020an errezeta medikuaren gastura eta mendeko pertsonei opiazeoen bidez arreta ematera (Gobernu Bilera 2019-12-26)

2019.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak baimena eman du, gaur, Osasun Sailak proposatuta, 2020rako farmazia-prestazioaren hitzarmena eta Osasun Sailaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialen arteko lankidetza luzatzeko; luzapenerako, datorren urtean, 522.047.152 milioi euro bideratuko dira, errezeta medikuaren gasturako eta haien mendeko pertsonak opiazeoen bidez tratatzeko programarako.

Zehazki, Osasun Sailaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialen artean Euskadiko farmazia-bulegoetan errezeta medikoaren bitartez farmazia-prestazioa arautzen duen hitzarmenaren bidez –2006tik dago indarrean–, datorren urtean, 521.312.152 milioi euro bideratuko dira, eta honela banatuko dira: Arabako farmazietarako, 72 milioi euro; Gipuzkoaetarako, 155 milioi euro; Bizkaikoetarako, 293.424.652 euro. Gainera, 887.500 euro bideratuko dira Matía fundazioaren eta Aita Menni egoitzetan farmazia-arreta garatzeko. Azken zenbateko hori adinekoen egoitzetan farmazia-zerbitzuak eta medikamentuen gordailuak jartzeko eta abian izateko eskakizunak ezartzen dituen dekretuaren ondorio da.

Euskadin, medikamentuen preskripzioa eta banaketa elektronikoki egiten dira, e-rezetaren bidez, eta, aurten, orain arte, farmazietan 33,5 milioi banaketa elektroniko baino gehiago egin dira. 

Mendeko pertsonak opiazeoekin tratatzeko Osasun Sailaren eta Euskadiko Farmazialarien Elkargo Ofizialen arteko lankidetza-hitzarmena dela eta, 735.000 euroko aurrekontua egin da, 2020rako; kopuru hori aurreko urtekoaren antzekoa da.

Duela 25 urtetik martxan, 1995etik, haren helburua da farmazia-bulegoetan metadona ematea droga-mendekotasunen eraginpean dauden pertsonei. Programa horrek balio handia du tartean diren agenteen aldetik. 254 farmaziak parte hartzen dute eta, aurten, 1.270 pertsona onuradun izan ditu.

Osasun Sailaren iritziz, Euskadik duen farmazia-antolamenduaren ereduak, ekitateari dagokionez, bermatu egiten du herritarrek farmaziarekin eta medikamentuekin daukaten eskuragarritasuna. Gainera, arreta farmazeutikoko programa aitzindariak garatzearen alde egiten duen apustuak –farmazia-bulegoekin lankidetzan ari da garatzen, Euskadiko Farmazialarien Elkargoen bitartez, 90eko hamarkadatik– balioa ematen dio osasun-sistemari, kostu efektiboak dira, eta, batik bat, pazienteen osasuneko eta bizi-kalitateko emaitzak hobetzen laguntzen jarraitzen dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko