Berriak Hezkuntza
Eu

300.000 euro DIPCri, bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko jarduerak antola ditzan (Gobernu Bilera 2019-12-26)

2019.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa zentroari 300.000 euroko laguntza zuzena ematea, zientzia-dibulgaziorako ekintzak eta bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko jarduerak antola ditzan. Zehazki, laguntza DIPC-k antolatzen duen Passion for Knowledge jaialdiak eragindako gastuetarako bideratuko da.

Passion for Knowledge jaialdia, DIPC-k dibulgazio zientifikoaren eta bokazio zientifiko-teknologikoen sustapenaren esparruan garatzen duen jarduera biziaren erakusle nagusia da. Oso era aktiboan parte hartzen duten milako herritarrei ezagutzaren inguruko pasioa bizitzeko aukera ematen die jaialdiak. Laugarren edizioan (2019), orain arteko parte-hartze mailarik altuena lortu du jaialdiak. Mota eta adin guztietako publikoentzako jarduerak dituen programa erakargarriari esker, 12.000 pertsona inguruk parte hartu dute aurten.

Passion for Knowledge jaialdiaren laugarren edizioa irailaren 30etik urriaren 5era burutu zen, Donostian nagusiki, baina Bilbo, Iruñean eta Bergaran ere izan zen ekitaldirik. Jaialdiren ekitaldi-programa eta lortu nahi dituen helburuak, guztiz bat datoz Hezkuntza Sailak 2018ko ekainean abian jarritako STEAM Euskadi Estrategiak jasotzen dituen filosofia eta helburuekin.

Ezagutzarekiko, kultura zientifikoarekiko eta berrikuntzarekiko grina sustatzeko ekitaldi handi honek nazioarteko proiekzioa ere lortu du. Beste urte batez, zientzialari ospetsuek parte hartu dute, azken urteotako aurkikuntza zientifiko garrantzitsuenetako batzuen protagonistak izan diren gizon-emakumeak. Egitarau zabalak, osoko hitzaldiez gain, publiko ezberdinentzako jarduerak bildu ditu, hala nola, Bigarren Hezkuntzako ikasleen eta zientzialarien arteko topaketak, Naukas saioak, erakusketak, haurrentzako tailerrak, ikuskizunak edo proiekzioak.

Eusko Jaurlaritzak DIPC-ri ematen dion laguntzaren helburua da jaialdiarekin jarraitzea eta eskainitako jarduerei dagokienez hazkunde-joerari eustea, baita herritarren parte-hartzeari dagokionez ere, eta mundu mailan ospe eta errekonozimendu handia duten zientzialarien presentzia ahalbidetzea, orain arteko ildoan, tartean zenbait Nobel saridun daudelarik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko