Berriak Hezkuntza
Eu

986.000 euro ekipamendu eta azpiegitura zientifokoa eskuratzeko laguntzatan (Gobernu Bilera 2019-12-26)

2019.eko abenduak 26

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bileran erabaki du zuzeneko dirulaguntzak ematea Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa eta Materials Physics Center bikaintasuneko ikerketa-zentroei, bai eta UPV/EHUri ere, ekipamendu eta azpiegitura zientifikoak eskura ditzaten. Laguntza hauen batura 986.224 eurokoa da orotara.

Dirulaguntza hauek, bultzada berri bat ematen die aipatutako BERCek (Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak) eta unibertsitate publikoak garatzen duten ikerketa-lanari, euskal ikerketa-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte har dezaten Europako Ikerketa Esparrua eraikitzen. Ikerketarako ekipamendu eta azpiegitura eguneratuak izatea ezinbestekoa da ikerketa-taldeek eskuartean dituzten nahiz etorkizunean izango dituzten ikerketa-proiektuak garatzeko. Horregatik, Hezkuntza Sailak ekipamendu eta azpiegitura zientifikoa eskuratzea finantzatzen du, bai Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei zuzendutako deialdi espezifikoen bidez, bai erakunde ikertzaileei emandako zuzeneko laguntzen bidez, kasu honetan bezala.

Bikaintasuneko ikerketari laguntzeko baliabide horiek, era berean, BERCek eta UPV/EHUk funts osagarriak lortzea eskatzen dute, RIS3 Euskadi estrategiarekin bat datozen proiektuak garatzeko beharrezko diren azpiegiturak elkarrekin finantzatzeko, eta are Etorkizuneko eta Gertatzen ari diren Teknologien Ikerketa Emblematikoko Ekimenekin (FET Flagships) bat datozenak ere, guztiak Horizonte 2020 Europako ikerketa-programan definituak.

Gaur onartu diren ekipamendu eta azpiegitura zientifikoak erosteko laguntzak, honako hauek dira:

686.224 euro UPV/EHUri, azpiegitura zientifikoak eskuratzeko. Laguntza zuzen honen bidez, UPV/EHUk errendimendu handiko konputazioa (HPC edo High Performance Computing), Rita Levi Animalarioa eta Geokronologia eta Geokimika Isotopikoko Zerbitzua sustatzen dituzten azpiegitura zientifiko handiei laguntzeko finantzaketa jasotzen du.

150.000 euro Materials Physics Center-i (MPC), teknologia kuantikoen ikerketa indartzeko ekipamendu zientifikoa eskuratzeko. Dirulaguntza hau Nanofotonika Kuantikoko Laborategiaren ekipamendura bideratuko da. Teknologia kuantikoak esploratzen dituen Euskadiko lehen laborategi esperimentala da aipaturikoa, Quantum technologies-en Flagship-arekin bat etorriz. Talde horrek teknika esperimentalak garatzen ditu nanostrukturen neurketa ultrazehatzak egiteko, Teknologia Kuantikoak erabiliz, eta sentsore inertzial eta magnetiko berriak egiteko, kuantikoki hobetuak.

150.000 euro Achucarro Basque Center for Neuroscience eta Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB)  BERC-ei mikroskopiako eta bioirudiko ekipamendua erosteko. BERC biek erdibana jasoko dute laguntza (75.000 euro bakoitzak), Euro-BioImaging sareari laguntzeko aipatutako ekipamendu zientifikoa eskuratzeko. Ekimen hori Europar Batasunaren ESFRI (European Strategy Forum on Research Infrastructures) estrategiaren barruan kokatzen da, eta biozientzien hainbat arlotan teknologia aurreratuak dituen ikerketa-zentroen sare bat sortu asmo du.

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketarako Euskal Zentroak (Basque Excellence Research Centres -BERC) ezagutza sortzeko egiturak dira, Euskadirentzat interes zientifikoa duten esparruetan. Ikerkuntza-bikaintasuna dute ezaugarri nagusi. Erakunde horiek euskal unibertsitate-sistemaren eta Euskadin egindako ikerketa zientifiko osoaren abangoardia izateko bokazioarekin sortu ziren, eta Europako ezagutza-nodo gisa jarduteko misioa dute, mundu osoan kokatutako zentroekin konektatuta.

Bikaintasun-zentroek ikerketari ematen dioten bultzadak euskal politika zientifikoa eta espezializazio adimentsurako eskualdeko ikerketa- eta berrikuntza-estrategiak laguntzen ditu. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berrian (Euskadi 2020 ZTBP) ezarritako erronka berriak gainditzen laguntzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko