Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz onartu du euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko Plan bat, eta 2023rako bete behar diren “helmuga” neurgarri zehaztu ditu (Gobernu Bilera 2019-12-26)

2019.eko abenduak 26

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Plana aurkeztu du gaurko Gobernu Kontseiluan, eta azpimarratu du euskara lan-munduan indartzeko baldintza egokiak daudela.

Plangintzak zehazten ditu estrategikoak izan daitezkeen eskualde multzoak: alde batetik, EAEko hiriburuak eta Behe Bidasoa, eta, bestetik, Durangaldea eta Deba zein Oria ibaien arroak.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak aurkeztu du, gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean, Eusko Jaurlaritzaren Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023, xede duena euskara lan-munduan sustatzea, arlo publikoan zein pribatuan. Planak Eusko Jaurlaritzan eta Jaurlaritzaz kanpoko beste erakunde eta entitateetan egindako gogoetan du oinarri, eta era askotako estrategiak bideratuko ditu lau helburu nagusi lortzeko: euskararen ezagutza lan-munduan indartzea, langileen erabilera bultzatzea, kontsumitzaileen eskubideak hobeto betetzea eta, laugarrenik, entitateen eta kontsumitzaileen aktibazioa sustatzea. Planak 2023rako “helmugak” zehaztu ditu, adierazle zehatzen bidez neurgarriak direnak (horietatik 10 lehenetsi ditu).

Josu Erkoreka Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburu eta bozeramailea alboan zuela, Zupiriak nabarmendu du lehen aldiz Plan zehatz bat dagoela euskara lan-munduan indartzen jarraitzeko: “Euskarak hainbat esparru irabazi ditu azken hamarkadetan, baina beste batzuetan oraindik ere pausoak behar dira. Lan-mundua horietako bat da: bidea luzea daukagu egiteko arlo horretan eta, era berean, arlo estrategikoa da. Une honetan lehen gertatzen ez ziren baldintzak ditugu euskara lanaren munduan izanda, Administrazioa ere kontuan izanda. Lan-mundura heltzen ari diren belaunaldi berriek inoiz baino gaitasun handiagoa daukate beren zereginak euskaraz egiteko. Baina bidea erraztu behar zaie, eta lehen aldiz Plan zehatz bat daukagu horretarako”.

Helburuak

Planak bi motatako helburuak bereizten ditu. Lehenik eta behin, azken helburuez hitz egiten da, alegia, plangintzaren bidez lortu behar diren helburu orokorrez:

  • Euskararen ezagutza.
  • Euskararen erabilera.
  • Hizkuntza eskubideak.
  • Gizartearen aktibazioa.

Lau helburu horien betetze maila neurtu ahal izateko, 2023rako helmugak zehaztu dira Planean, helburu bakoitzari dagozkion adierazleak lotuz.

Bestalde, lanak azken helburu horiek lortzeko landu beharreko elementuak aipatzen ditu: eragileak (Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetza, Eusko Jaurlaritzako gainontzeko sailak, beste erakunde publikoak, enpresak, langileak, aholkularitza-sektorea); tresnak (legedia, diru-laguntzak, ziurtagiriak, komunikazioa eta sentsibilizazioa, sareak, foroak, ikerketa); arlo giltzarriak edo lehenetsi beharrekoak (hizkuntza-paisaia eta ingurune digitala, zerbitzu hizkuntza, gaitasuna, gizartearen aktibazioa, aukerak zabaltzea). Hortik atera dira planak bete nahi lituzkeen helburu estrategikoak, azaltzen dutenak azken helburuak lortzeko bidea:

1.- Hizkuntza paisaia eta ingurune digitala.

1.1.- Enpresen inplikazioa indartu.

1.2.- Lortutako akordioak eta aurrerapenak gizarteratu.

2.- Zerbitzu hizkuntza.

2.1.- Ziurtagirien eskema egokitu bezeroen aukerak indartzeko.

2.2.- Bezeroen eskubideak jakinarazi.

2.3.- Enpresekin elkarlanean lan egiteko akordioak lortu.

2.4.- Zaintzako tresnak indartu beste erakundeekin.

3.- Gaitasuna.

3.1.- Bezeroen aurrean lan egiten duten langileen euskara gaitasuna hobetu, programa egokituekin.

3.2.- Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean euskarazko hizkuntza ereduak bultzatu.

3.3.- Enpresetan gaitasuna hobetzeko laguntzak eskaini.

4.- Gizartearen aktibazioa.

4.1.- Euskarazko zerbitzuen eskaera sustatzeko sentiberatze kanpainak bideratu.  

4.2.- Enpresei zuzendutako sentiberatze kanpainak bideratu.

4.3.- Sektore arteko foroak bultzatu lankidetza ekimenak sortzeko.

4.4.- Enpresa eta puntako markekin akordioak lortu aktibazioa bultzatzeko.

5.- Lan-hizkuntza.

5.1.- Euskara planak enpresetan garatzeko laguntzak eta programak indartu.

5.2.- Enpresen arteko praktika onak partekatzeko sareak eta foroak bultzatu.

5.3.- Ikasketa dualetan Euskararen erabilera zabaldu.

5.4. Aitorpen eta ziurtagirien eskema indartu eta zabaldu.

6.- Akordioak lortu.

6.1.- Legedian aldaketak sartzeko akordioak lortu.

6.2.- Erakundeen arteko akordioak lortu behar diren ekimenak definitu eta aurrera eramateko.

Eremu estrategikoak

Bestalde, euskara lan-munduan sustatzeko estrategikoak izan daitezkeen eskualde multzoak zehazten ditu.

Lehen Multzoa: EAEko hiru hiriburuen eskualdeak (Bilbo Handia, Donostialdea eta Gasteizko ingurunea) eta Behe Bidasoa.

  • Bigarren gune soziolinguistikoko guneak (euskaldun kopurua % 20 - % 50 artean).
  • Zerbitzuen sektoreak pisu handia du, eta baxuagoa industriak.
  • EAEko establezimenduen eta enpleguaren hiru laurden biltzen dute guztira.
  • Enpresa txikiak dira gehienak, baina saltoki handiek eta frankiziek pisua hartu dute.

Bigarren multzoa: Durangaldea Bizkaian eta Deba zein Oria ibaien arroak Gipuzkoan (Debabarrena, Debagoiena, Tolosaldea eta Goierri).

  • Hirugarren gune soziolinguistikoko guneak (euskaldun kopurua % 50 baino gehiago eta % 80 baino gutxiago).
  • Industriak pisu handia du.
  • EAEko enpleguaren % 15 biltzen dute guztira.
  • Tamaina handiko zenbait enpresa daude.

Testuingurua

Gaur aurkeztu den Plana gauzatzeko bide luzea egin dute plangintza osatzen lagundu duten bidelagunek. Eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera ezartzeko hizkuntzen kudeaketa garatzeko ahaleginak eskatzen duen jauzi kualitatiboaz kontziente, 2015ean hasi ziren gaiari buruz hizketan alor horretako herri ekimeneko aholkularitzak eta instituzioak (funtsean, euskal erakundeak eta euskalgintza). 2018an parte hartze prozesu bat burutu zen eta handik eremu honetan euskara sustatzeko gako nagusiak jaso eta garatu ziren; 2019an, berriz, Aurrerabide metodologiara egokitu da txostena eta kudeaketa aurreratuaren bidetik osatu da planaren aurkezpena.

Planean eragile ugarirentzako lanak biltzen dira (jakinda guztiek ez dutela ardura eta erantzunkizun bera): administrazioarentzat (Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta udalak), euskalgintzarentzat (aholkularitzak nagusiki, baina baita beste eragileak ere), enpresentzat (enpresariak, kooperatibak…), langileentzat (sindikatuak nagusiki, horiek langileen ordezkariak diren heinean), eta herritarrentzat (bai kontsumitzaile elkarteen bidez, baita euskalgintzaren bidez ere). Era berean, Planean jaso da Eusko Jaurlaritzak eredugarri izan behar duela prozesu horretan, lidergoa erakutsi behar duela. Izan ere, Administrazioari dagokio, lehenik, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta lan-hizkuntza euskara izan dadin sustatzea.

Plana egiteko bidean euskara eta eremu sozioekonomikoaren diagnostikoa edo egungo egoeraren azterketa egin da. Adituekin egindako elkarrizketetatik, hainbat laguni bidali eta jasotako galdetegietatik edota SIADECOren bidez egindako ikerketa baten ondorioz euskarak lan-munduan. Ondorioetako bat da euskara indarberritzeko egindako ahaleginari esker, inoizko gazteriarik prestatuena eta euskaldunena iristen ari dela lantokietara. Eta nabarmentzen da hezkuntza sistemak egindako ahaleginak, euskal gizartearen borondatearen ondorioz etorri dena, jarraipena izan behar duela lan-munduan.

Horrekin batera, diagnostiko horretan nabarmentzen da bidea ez dela hutsetik abiatzen, hainbat esperientzia sustatu direlako azken hamarkadetan: INDEUS plataforma, Bikain ziurtagiria eta Bai Euskarari Ziurtagiria, udalerri mailan abiatu diren bestelako programak, euskara planak ahalbidetzeko Lanhitz dirulaguntza deialdia edota EUSLAN programa.

2018ko etapan egindako prozesuan eta handik ateratako txostena oinarri hartuta egin da 2019an Aurrerabide metodologian plana kokatu eta egokitzeko ariketa. Horretarako, lehenik eta behin, 2018ko txostenaren egokitzapen zirriborro bat prestatu da eta Hizkuntza Politikako arduradunekin egin dira hainbat kontraste,behin-behineko txostena osatu artean. Bigarren etapa batean, agente klabe batzuk aukeratu dira lehenengo kontraste bat egiteko. Honako talde hauekin egin zen kontrastea: aldundiak eta aholkularitza-enpresak, Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateak, Industria eta enpresari elkarteak, sindikatuak, finantza-entitateak eta, azkenik, enplegua, kontsumoa eta merkataritza. Bide horretatik atera zen diagnostikoa eta datozen urteotarako zehaztutako helburuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko