Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Beti On telelaguntza-zerbitzuaren ate irekien jardunaldian izango da

2019.eko abenduak 23
  • Artolazabal sailburuarekin eta zenbait alkaterekin batera, Iñigo Urkulluk Gabonak zoriondu dizkie adineko eta mendekoentzako alarma-dominaren “Beti on” zerbitzuko erabiltzaileei
  • Beti on” zerbitzuak, dagoeneko, 55.000 erabiltzaile baino gehiago ditu; % 85 emakumea.
  • Lehendakaria: “Zuon belaunaldiak gure ahalegin eta dedikazio guztia merezi du”
  • Artolazabal sailburuak 2020rako telelaguntza-zerbitzuaren hobekuntzak aurkeztu ditu

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur, Bilbon, adinekoekin izandako topaketa batean, honako hau esan du: “harro gaude “Beti on”euskal telelaguntza-zerbitzua Euskadin adinekoek eta beren familiek ondoen balioesten dutenetako bat delako.  Beti on zerbitzu aitzindaria da, aurreratua eta kalitatekoa, eta garai berrietara egokitzen jakin du”.

“Beti on zerbitzu hau erabiltzen duzuen pertsonen belaunaldiak gure ahalegin eta dedikazio osoak merezi dituzue”, esan die Lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen duen zerbitzu honen hogei bat erabiltzaileri.

Urkullu Lehendakariak eta Beatriz Artolazabal sailburuak nabarmendu dute telelaguntzak –botoi gorridun alarma-domina– hiru euskal lurralde historikoetan, dagoeneko, 55.000 onuradun dituela.

“Lehendakari jauna, duela sei urte bisitatu gintuzun –gogorarazi dio Beatriz Artolazabalek–, 18.000 pertsonari ematen genienean arreta, 2020. urterako 30.000 erabiltzaile izateko xede genuenean. Asmo baikor haiek bikoiztear gaude”.

Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaileen % 85 emakumea da. Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau nabarmendu du: “Beti on tresna eraginkorra eta positiboa da adinekoek aukeratzen ez duten bakardadeak eragiten duen arazoa arintzen laguntzeko. Eta, gainera, zaintzaileei laguntzeko ere tresna oso baliagarria bada”.

Zerbitzuaren hobekuntzak 2020an

“Gure ustez funtsezkoa da –esan du sailburuak– Beti On zerbitzuak adinekoei ematen dien laguntza soziosanitarioa. XXI. mende honetan, presa handiarekin bizi gara eta, batzuetan, bihotz gutxirekin; hori dela eta, gure ustez, Beti on zerbitzua arimaduna eta onberatasun handikoa da”.

Beatriz Artolazabalek datozen hilotan euskal telelaguntzan abiaraziko diren hobekuntzak ekarri ditu gogora, eta erabiltzaileei “Beti on” zerbitzuaren enbaxadore izateko eskatu die.

Sailburuak Alzheimerra duten pertsonen familiartekoen euskal elkarteekin beste akordio bat edo jardunbide egokien gida baten argitalpena iragarri du, bai eta eskabide berriak tele izapidetzeko aukera eta etxeetan finkatutako alarma-gailuak digitalizatzeko plan zabala abian jarriko direla ere.

Laster egingo diren hobekuntzen bidez, Beatriz Artolazabalek, bestalde, honako hau aipatu du: Aretxabaletan zerbitzuaren zentro logistiko berria irekiko da, Gipuzkoako erdiguneko udalerriei eraginkortasun handiagoz eta azkarrago emateko arreta.

Urkullu Lehendakariak honako hau esan du: “Beti on zerbitzuak urte osoan zehar eta egunean 24 orduz eskaintzen du arreta-zerbitzua. Gaur, etengabeko arreta horren atzean lanean ari diren profesionalen lana aintzatetsi nahi dugu. Baten batek dominaren botoi gorria sakatzen duenean, pertsona bat dago erantzuteko eta arreta emateko. Prestakuntza duen pertsona-taldea zarete; egunero goresteko moduko jarrera eta ahalmena erakusten dituzue. Arduraz erantzuten diezue estualdiei, larrialdiei, eta arreta eta laguntza psikologikoa eta soziala eskaintzen dituzue; gainera, konpainia, segimendua eta orientazioa ere eskaintzen dituzue. Erabiltzaileen eta beren familien bizitza errazago egiten laguntzen duzue”.

Ateak zabaltzeko egun honetan, Bilboko, Gasteizko, Barakaldoko, Portugaleteko, Laudioko eta Erandioko udaletako arduradun nagusiek ere parte hartu dute, eta telefonoz zoriondu dituzte beren udalerrietan zerbitzu honen erabiltzaile diren nagusiak.

“Gaur alkate-talde bat batu izanak gure erakundeen ahalegin koordinatua sinbolizatzen du; izan ere, Beti on zerbitzura jotzeko atea oinarriko udal-mailako gizarte-zerbitzuak dira”, esan du sailburuak, amaitzeko.

Telelaguntza-zerbitzuaren ateak zabaltzeko eguna amaitzeko, Gabonetako kantak abestu ditu, bertaratutakoak ezustean harrapatu dituen kalitate eta tenore-ahots onarekin, Ander Añibarro Laudioko alkateak; “Hator, hator” edo “Mesia sarritan” kantekin harrituta utzi ditu bertan batutako adinekoak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak