Berriak Lehendakaritza
Eu

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak 37,6 milioi euro bideratu zituen iaz lankidetzako eta hezkuntzako proiektuak, ekintza humanitarioa eta beka berriak finantzatzera

2020.eko urtarrilak 02
  • 2019an Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lagundu egin zituen Hegoaldeko herrialdetan pobreziaren eta genero desberdintasunaren kontrako borrokan, ekintza humanitarioan edo Euskadiko gizartearen eraldaketan eragingo duten ekimenak

Joan den urtean, Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEAk) 37,6 milioi euro zuzendu zituen proiektu berrietara. Ekimenek, besteak beste, emakumeen ahalduntzerako, giza eskubideen defendatzaileak babesteko, errefuxiatuak eta desplazatuak laguntzeko edota erakundeak sendotzeko balioko dute. Gainera, GLEAk aurre egin zien aurreko urteetako deialdietako konpromisoen bigarren eta hirugarren ordainketei. 

GLEAk hainbat dirulaguntza ematen ditu urtean honako arlo hauetan: Garapenerako lankidetzako, garapen produktiborako eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak; ekintza humanitarioa; dirulaguntza zuzenak; bekak eta programak, eta Ignacio Ellacuría saria. 

Garapenerako lankidetzako, garapen produktiborako eta gizartea eraldatzeko hezkuntzako proiektuak

2019ko deialdian 30 milioi euro bideratu ziren 69 proiektu finantzatzera. Azken hauek hiru modalitate nagusietan banatzen dira; garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak. GLEAren lehentasun estrategikoak jarraituz, lerro honetan onartutako ekimenen %36 emakumeen ahalduntzeari zuzenduak daude, eta %20 Afrikan egingo dira. Beste proiektuak askotariko esparruak jorratuko dituzte: herri indigenekin lana, eredu ekonomiko solidarioak eta jasangarriak, lurralde eta eskubideen defentsa edota komunikazioa.   

  • Garapenerako lankidetzarako proiektuak: Pobreziaren aurkako borrokarako eta pobretutako Hegoaldeko herrialdeen prozesuak indartzeko balioko duten 48 proiektu onartu ziren. Azken hauetara bideratu ziren funtsa gehienak (24,8 milioi euro inguru), eta nahiz eta onartu ziren proiektu nagusiak Erdialdeko Amerikan eta Hegoamerikan egingo diren, Senegalen, Malin eta Indian ere hainbat proiektu gauzatuko dira.
  • Garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako proiektuak: 1,1 milioi euro inguru bideratu ziren Pakistanen, Kuban eta Euskadin gauzatuko diren lau proiektuetara.
  • Gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak: 17 proiektu onetsi ziren, eta ia 4 milioi euro zuzenduko dira feminismoa, globalizazioa, giza eskubideak, emakumeen kontrako indarkeria edota baloreak jorratzeko. Proiektu hauek guztiak Euskadin gauzatuko diren arren, elementu globalekin lotura izango dute. Izan ere, helburua da munduan diren desberdintasunen eragileak uler daitezen sustatzea eta gizartea eraldatzeko herritarren inplikazioa eta konpromisoa bultzatzea.

Ekintza humanitarioa

Ekintza humanitarioko esku-hartzeetarako laguntzetan 3,9 milioi euro bideratu ziren. Lerro honetako laguntzek krisi humanitarioen eraginpeko pertsonak babesteko ekimenak bultzatzen dituzte; bereziki, gatazka-testuinguruak eta epe luzeko bestelako indarkeria-egoerak. Bi modalitate lagundu ziren diruz: alde batetik, ekintza humanitarioko proiektuak, eta, bestetik, ekintza humanitarioko estrategiak.

  • Ekintza humanitarioko proiektuak: Bost proiektu onartu ziren Libanon, Palestinan, Etiopian eta Nigerian, eta iheslariak eta desplazatuak laguntzeko izango dira.
  • Ekintza humanitarioko estrategiak: 2,9 milioi euro eman ziren Palestinan, Libanon, Afrikako Erdiko Errepublikan, eta Venezuelan, Kolonbian eta Ekuadorren bi urterako lau estrategia gauzatzeko. Krisi humanitarioen eraginpeko pertsonak babesteaz gain, tokiko erakunde humanitarioak sendotzeko eta euskal herritarrak sentsibilizatzeko bestelako jarduerak ere jasotzen dituzte.

Bestalde, iaz, lehen aldiz, GLEAk 100.000 euroko laguntza eman zion Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERFri, ingeleseko siglengatik). 2020an gutxienez kopuru hori mantentzeko konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzak.

Dirulaguntza zuzenak

3,3 milioi euro bideratu ziren GLEAko lehentasun estrategikoetan kokatzen diren eta deialdien bidez bete ez diren 20 proiektuetara. Ekimenak zenbait gaietan kokatzen dira: ekintza humanitarioan, gatazken eraldaketa eta bakearen eraikuntzan, hezkuntzan eta ikerketan, garapena Afrikan eta garapenerako eragileen sendotzean.

 Azken hauen artean kokatzen da Uraren eta Saneamenduaren arloko erakundeen arteko Euskadi - Erdialdeko Amerika Programa.  URA-Uraren Euskal Agentziaren 118.731,87 euroko ekarpenarekin egin zen (ur-kanonetik lortutako diru-sarreren % 5) eta Euskal Fondoak kudeatzen du. Ekimena 2018ko ekainean jarri zen martxan eta 2021ean bukatuko da.

Genero ekitatearen aldeko planak

GLEAk 148.319,29 euroko bost laguntza eman zien Gobernuz Kanpoko Erakundeek genero-ekitateen aldeko barne antolaketa eta aldaketa prozesuak bultza ditzaten. Helburua da sustatzea erakunde barruan funtzionamendu-maila guztietan egon daitezkeen genero-desberdintasunak ezabatuko dituzten prozesuak eta ekintzak. 

Bekak

Ia 200.000 euro bideratu zituen GLEAk 11 pertsonen egonaldia luzatzeko pobretutako herrialdeetako Nazio Batuetako bulegoetan.

Gainera, garapenerako lankidetzan espezializatzeko eta prestatzeko lau beka eman ziren 2019an. Zehazki, bekadunek GLEAko egoitzan urtebete emango dute eta genero eta garapena, Afrikarekin lankidetza, ekintza humanitarioa eta gizartea eta eraldatzeko hezkuntza eta komunikazioa alorretan arituko dira.  

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa

Iaz ere Gazteria Zuzendaritzarekin batera finantzatu zen Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa. Horren bidez 98 gaztek aukera izan zuten Hegoaldeko herrialdeetan boluntario gisa esperientzia bat izateko.

Ignacio Ellacuría saria

Ignacio Ellacuría sariak berdintasunaren eta justiziaren alde borrokan diharduten erakundeen, kolektiboen eta pertsonen ekarpena aintzat hartzen du, eta ezagutzera ematen ditu pertsona horiek garapenaren alde egiten dituzten lorpenak eta ekarpenak, euskal gizartea sentsibilizatzearren. Saridunak 2020an jasoko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak